Baketsua eta sendoa, ez inozoa
Bi sekreta gerturatu dira Gotikoko Cervantesera. Herritarrek txistuka bidali dituzten une indartsua #katU1 #CatalanReferendum #Votarem oihuk pic.twitter.com/UEndqTF1Lb
— ARGIA (@argia) 2017(e)ko urriak 1
[slider][/slider]
Bartzelonako auzo Gotikoko Cervantes eskola, 18:30 aldera. Jendetzak zaintzen du sarrera. Giza-katearekin pasilloak eginez irekitzen zaie bidea herritarrei bozkatzera sar daitezen ate batetik, eta bozkatu ostean kanpora atera daitezen beste ate batearen aurrean pasilloa eginda. Ondoren idatziko dudan zaintzari buruzko kronikan irakurriko duzue zer komunitate batasun indartsua sortzen duen pasillo horretan pasatzeak. Harira:
Beste eskola batera joatea pentsatu dugu eta pixkanaka kanporatzen ari gara jendetza kontzentratuta dagoen nukleotik, festa handi bat dena, baten malkoak, bestearen analisiak eta honen agurrak josten dituena. Halako batean, isiltasuna eskatu dute, eta ERLAUTZAKO ZARATA nagusitu da. Srsrsrsrsrsrsrsrsrsrsrsrsrs oso indartsu bat, eta jende multzo hori batuz joan da estu-estu egin arte, nukleo gogor bat egin arte.
Kamararekin aurreratu naiz “saltsa” dagoela iruditzen zaidan eremura, zer gertatu den. Edo polizia etorri da, edo… Xabier Letona ARGIAkideak kontatu digu pare parean ikusitakoa: pasillo bat ireki duela jende multzoak, eta pasillotik lasterka alde egin dute poliziek, jendearen txistu eta oihu artean. “Motxila zeramaten bi horiek ziren” beste herritar batek.
Nola antolatzen da herritarren defentsa eraginkor hau? oraingoan bizi egin dugu, hurrengo baterako badago zer aztertua.
Bozka-kutxak kotxez iritsi dira
Auzo aberats batean, bozkatzeko zain den arkitektoak kontatu digu: “Eskola hau monjena da, ez da publikoa. Eskola atariko errepidean kotxe bat egon da aparkatuta, eta gaur goizean kotxe horretatik atera dute bozka-kutxa eta barrura sartu. Espainiak onartu dezala ez duela dena kontrolatzen”. Graciako beste auzotar batek kontatu digu goizeko 6:00 aldera mugimenduak somatu dituela errepidean eta kotxe batetik bozka-kutxak Vedruna eskolara sartzen ikusi dituela. “Ze emozio! ikusi egin dut!”. 6:00etan? arraioa, gu eskola atarian geunden ba, noiz iritsiko zain zain! “Bai, baina eskolaren beste aldeko atetik sartu dute”.
Nor da arduradun?
Mossoak etorri dira, denek espero bezala, 6:00etatik aurrera. Tonu onean, oihurik egin gabe, beren protokoloa bete dute. 5:00etatik eskola zaintzen ari den jendea estu-estu elkartu da eta isiltasun sendoa hedatu da. Prestaketa lanetan aurrez gehien aritu direnak daude mossoen aurrean lehen lerroan. “Nor da arduraduna?” Mossoak. “Tots! Tots! Tots!” denek batera garrasi. “Totes!” puntualizatu du oihu batean emakumezko batek eta irribarrez denek baietz, arrazoi duela: “Totes!” “Totes!”, “Totes!”. Borroka eta aldarrikapen asko landu dira kalean aldi batera.
Vedrunan, poliziak etorritakoan, auzokoek bozkatzeko lehentasuna
Vedrunan (aurreko kronikan kontatu dudan moduan) bozketa zabaltzearekin batera zehaztu dute “hau auzoko ekintza bat da, beraz, auzotarrek bakarrik bozkatuko dute. Atera DNIa eta eskutan izan”. Harrigarri egin zaigu, ondokoak lasai esan digun arte “kalez jantzitako bi polizia omen dabiltza hemen, eta horregatik da”.
Mezu hau eman du ataria zaintzen duenak ondoren: Kaleko jantzitako poliziaren batek bozkatzera sartzea lortzen badu, ez joan: elkartu ahalik estuen eta atearen kontra bultzaka jarri. Atea itxita egongo da eta lortu behar dugu polizia kanporatzea baina bozka-kutxa barruan geratzea.
Modu baketsuan eta lasaian, eta festa giroan, baina ez da edukiz hustutako defentsa eguna izan, inondik ere. Erreferenduma segurtatzea izan da lehentasuna, ez da mezu on-poto sasi-arinik erabili, “denok gara berdinak eta beraz edonor, infiltratuak barne, aurrera”.
Kazetariak bai baina arduraz
Eskola atarietan denek dute mugikorra eskuan gertatzen dena handik edo hemendik jaso eta ingurukoei kontatzeko. “Esaten ari dira ez esateko zein eskoletara iritsi diren bozka-kutxak! gehiegi informatzen badugu gu ari gara poliziei informazioa ematen!”. “Ez esan zein eskoletan erori den interneta! denok jarri behar dugula mugikorra hegaldi moduan, bestela kobertura betetzen omen dugu…”.
Eskolaren, momentuaren eta egoeraren arabera, kazetari modura erantzun ezberdinak jaso ditugu. Errespetuz beti, baina “ez” irmoak jaso ditugu eskola barrura sartzeko eskaera egitean, ARGIAko kazetari txartela eskuan. Ulertzekoa, jendeak ordu luzez bozkatzeko egindako ilararen ostean sarbidea nahi baino mantsoago baitoa. Edo lehen orduak izanik, dena nola joango den jakin arte, kaleko polizien arriskua erreala izanik, egoera kontrolatu arte badagoelako nahiko lan kazetariei erantzutea baino. Edo… beste eskola, ordu eta testuinguru batzuetan, sukalderaino sartu gaituzte, irribarretsu, eta eurak dira lasai berriketan aritzera gonbidatu gaituztenak, ea nola perzibitzen ari garen gertatzen ari dena eta abar…
Bideoan, auzo aberats bateko eskolan bozkatzen, atea zaintzen zegoen bolondresak, akreditaziorik ez bagenuen ere, barruraino lagundu izanari esker:
Bai barrutik Palau Roberten. Jendetza. “Egungo gerrak informatikoak dira” dio bolondresak 9:00tan internet moztu dietela salatuz #katU1 pic.twitter.com/4RS4u9LlZU
— ARGIA (@argia) 2017(e)ko urriak 1
Bartzelonako Gotiko auzoko Cervantes eskolan ere ateak zabaldu dizkigute, presarik gabe eta bata eta bestea aurkeztuz, bozkaketa grabatzeko:
Bozka ematen Gotikoko Cervantesen #katU1 pic.twitter.com/1ezu7ldGg9
— ARGIA (@argia) 2017(e)ko urriak 1
Eta ondoren balkoira igo eta irudiak hartzeko:
Giza-kateak egiten die bidea bozka ematera sartzen direnei eta ateratakoei. #votarem oihua #katU1 #CatalanReferendum Gotikoko Cervantesen pic.twitter.com/V6Y1hw7lbL
— ARGIA (@argia) 2017(e)ko urriak 1
Inork ez daki ezer, berak egin behar duena bakarrik
Asteburu osoan somatu dugu hori, bakoitzak daki zertan ari den, eta horri buruz bakarrik hitz egingo dizu, gainerako gaietaz “nik ez dakit ezer” esplizitatuz. 20:00etan euforia betean garaipena ospatzen ari garela, Graciako La Fontanan auzotar batek monologo baterako adinako graziarekin bota dizkigu zirti-zarta, independentziarena nola ikusten duen, Espainiaren jarrera eta abar. Mesedez, kontaketa egin eta den dena amaitzen den arte inork ez dezala bertatik alde egin eskatu dute eskolaren barruan lanean ari direnek. “Botoak kontatu, eta gero…?” galdetu diogu eta berak atera du sekretismoaren gaia ere, umore handiz: “Bozketa arrunt batean mossoak etorriko lirateke bozka-kutxak eramatera. Baina hau ez denez bozkaketa normal bat, auskalo! Gainera, hemen inork ez dakienez zer gertatuko den 5 minutu barru…! Horrela, begira, atxilotzen bagaituzte ere ez genekien ezer!”.
Arazo batean aurrean, erantzun kolektiboa eta unekoa
Auzo bakoitzean komunitate-sareak ezberdinak direla sentitu dugu. Gracian estuena. Atea zaintzen ari denak ahoa irekitzen duenean, isiltasun erabatekoa egiten da. “Iphone 5-arentzat kargagailua behar da”. “Iphone 5arentzat kargagailua! Iphone 5arentzat kargagailua!” errepikatzen dute denek intentsitatez behin eta berriz, oso denbora gutxian (minutuz azpitik) esango genuke, norbaitek eskutan erakusten duela ateraino eramaten duen arte. Txalo, barre eta animo oihu artean ospatzen da guztien lorpena. Iphone kargagailuaren ostean etorri da “informatikariak behar dira”; “informatikariak! informatikariak”. Beste minutu batean, bi agertu dira eta berriz txaloka eta oihu umoretsuka ospatu dute denen garaipena. Bi minutuan da sartu diren bi informatikari horietako bat, “ez nautela behar, barruan taldea osatu dela” adieraziz.
Sants auzoan beharrak komunikatu eta momentuan asetzeko ez darabilte juxtu sistema bera baina bai eraginkorra eta unekoa: interneta erori dela jakin orduko, bizilagun batek leihotik kable luuuuuuze bat bota du eskola barruraino eta kito. Euria hasi duela? beste bizilagun batek garajeko atea zabaldu du jendea babesteko.
Defentsa baketsu eta eraginkorraren beste hainbat irudi jaso ditugu, inoiz irudikatuko ez genituzkeenak ere bai: herritarrek poliziak korrika ihes egitera nola eraman dituzten… Beste herri edo eskoletan antzeko adibiderik duenak bidali nahi badu, oso gustura osatuko dugu artikulu hau.
Txinako nazioarteko obserbatzailea:
Ez naiz goian aipatu lekuetan egon, baina bertan banengo bezala ikusi dut nire burua, gertakizun eta pasadizuak, ia berberak, giro tentsoa, poza nazioarteko, Txinako obserbatzaile bat aurkeztu zigutenean (Urna deitzen dela uste dut…), eta denak iladan poz-irrikaz eta urduritasuna azalean, berarekin egon eta mezu positibodun gutun bana emateko, ze wifia, edota weborri unibertsal jakina ez zebiltzaten, eta muga handia zen denontzako.
Herritar gehiengoak obserbatzailearekin hitz egin ahal izan, zuen goizeko ordu txikitatik itxaroten egon ondoren, batzuk bertan lo egin zuten ere horretarako.
Gerora une garratzak, alde batetik hainbat bideotan burruka krudelak ikusiten genituen, gure pare zeudenak gorrituta ta mallakatuta ikusirik, bihotza saltoka denok. Bestetik, ezagunak genituen bikoteak agertzen hasi ziren, eta argi zegoen ez zirela herrikoak, ez zuten haien burua aurkezten, portaera arraroa zeukaten, eta batez ere, herrikide batzuek jasotako hainbat mezutan deskribatutako bananakoen oso antzerakoak ziren, haiek, edota haien berebilak.
Non gratoak zirela bazekiten antza, bullaka alde egiten baizuten.
Pena izugarria orduan, obserbatzaileak lotara joan behar izan zuen, leku lasai batera, inork ez genekien ezer, eta jada ez genuen galderarik egiten. Gero tantakadaka inguruko hainbat herritar agertzen hasi ziren, gutun banarekin, obserbatzileari emateko irrikaz.
Baina inor ez genekien ezer, batez ere herriko inork banako hauek ezagutzen ez bazituen. Pena handia, ze batzuek ezin izan bide zuten gutun maitea igorri, eta gu herriko nagusi eta umeen ardurarekin bien bitartean, haiek istilutan ez nahasteko berme-bila.
Mezu piloa jaso eta jaso genbiltzan, “eztakitnortzuk, honantza datozela!”, takikardia-herrikoia bapatean, handik 10 minutura, “ezetz, ez datozela” eta denok hala bat ufff kolektibo batean.
Azkenean obserbatzaile Txinatarrak alde egin behar izan zuen, ikusirik ezinezkoa zela gutun gehiago jasotzea.
Ondoren, sakelekoa bero-bero, telebista bidez berriak irensten, eta azkenik, lotara joan ginen, burua hoztea kostata.
Eskerrik asko, Jaime, zure kronikagatik! denon artean osatuko dugu ondoen gertatu zenaren haria. Posible duzu zein herri edo auzotako zein eskola den kontatzen duzuna? Besarkada bat.