EAJren Masterra: Nola bilakatu astebetean ez-gaitu bat aditu produktu finantzarioetan?
Cristina Cifuentesen masterra bolo-bolo dabil Espainiako Estatuko eta Hego Euskal Herriko hedabideetan. Gainera, dimititzear da Madrilgo agintaria. Kasuak ematen du EAJ-ko Carlos Ormazabalekin gertatutako afera batekin konparatzeko aukerarik. Ormazabalek astebetean lortu zuen gipuzkoarren izenean 35 urtetarako zor erraldoia bankuekin sinatzeko gaitasuna. Bost puntutan azalduko dugu jarraian.
1.-Cifuentesek ikasturte batean masterra, Ormazabalek aste bakarrean
2011-2012 ikasturterako matrikulatu zen Cristina Cifuentes, egun Madrilgo presidenta (garai hartan Gobernuaren delegatua zen Madrilen). Epez kanpo matrikulatu zen eta auzitan dago masterra jasotzeko bete beharreko azterketak eta lanak egin ote zituen. Titulua “oparitu” ziotela agerian geratzen ari da.
Garai bertsuan, 2011ko otsailean, Caixa bankuak orduko Gipuzkoako Ingurumen diputatu Carlos Ormazabali (EAJ) “Komenigarritasun testa” egin zion, Donostiako erraustegia finantzatzeko swap mailegu toxikoak kontratatzeko gai ote zen edo ez frogatzeko:
Hainbat galderaren artean, galerak izateko prest ote dagoen galdetzen diote eta baiezkoa erantzuten du (diru publikoaz ari da). Galera ezberdinen artean aukeratzeko eskatzen diotenean, “era guztietako galerak onartzeko prest” dagoela jartzen du. Caixak hori ikusirik, Carlos Ormazabalek produktua ulertzeko gaitasunik ez duela ondorioztatzen du eta produktuak ez sinatzea gomendatzen dio, baina dirua oparitzeko prest badago, atea irekita uzten dio, noski.
Astebete pasa ondoren, berriro ere test bera egiten dio Caixak eta honetan kalifikazioa aldatzen dio. Astebetean, nonbait, kontratu finantzieroak ulertzeko gaitasuna eskuratzen du eta “handizkari” (mayorista gaztelaniaz) izendatzen dute. Zein unibertsitatetan ematen dute master hori, astebetean ez-gaitu izatetik produktu finantziero konplexuetan aditu egiten duena?
2.-Ormazabalen “masterra” bai, garesti ordaintzen ari gara
Cifuentesen kasuak agerian uzten du PPren ustelkeriaren erroak gizarteko zenbat erakundetara zabalduak dauden, eta zer nolako zigorgabetasunez aritu izan diren. Hala ere, galdetu dezakegu ea Zuzenbide Autonomikoaz eta Tokikoaz Masterra egin izanak edo ez, ondoriorik ekarri al duen Madrilgo presidentzian egin dituen politiketan.
Dudarik ez dago Ormazabalen kasuan: EAJko kargu publikoak susmagarriki astebetean eskuratutako “ezagutza” horien ondorioz, swapak sinatu zituen bankuekin. Sinatu ziren une berean, 5,6 milioi euroko galerak izan zituen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, sinatze hutsagatik. Gaur, Gipuzkoak hilero 600.000 euro ordaintzen dizkie bankuei swapetan, sinadura horren ondorioz.
3.-Masterreko arduradunak ikertuak, aldiz, Intxaurrandieta eta Errazkin epaituak
Masterra eman zuen Juan Carlos Erregea Unibertsitateak ikerketa komisioa martxan du eta gaia fiskaltzara iritsi da. Poliziak deklarazioak hartu dizkie, oraingoz, masterreko zuzendariari eta master amaierako lana kalifikatu zuten epaimahaiko kideei.
Garai berean, ostegun honetan, Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin epaituko dituzte erraustegia gelditzeagatik, alegia, Gipuzkoak bere hondakinak kudeatzeko behar ez zuen azpiegitura garesti horretan herrialdea zorpetzea galarazi zutelako. Kafkiarra erabat: bankuei swapekin diru publikoa erregalatu zieten EAJ-PSEk eskatzen diete EH Bilduko ordezkari hauei, bere ondasun pertsonaletatik ordaintzeko EAJ-PSEk sinatutako swapak, badakitenean 100 bizitzatan ere ez direla gai horrenbeste diru biltzeko.
Bankuei diru publikoa erregalatu zieten EAJ-PSEk eskatzen diete EH Bilduko ordezkari hauei, bere ondasun pertsonaletatik ordaintzeko beraiek sinatutako swapak, badakitenean 100 bizitzatan ere ez direla gai horrenbeste diru biltzeko.
4.-Cifuentes dimititzeko zorian, Ormazabal angulak jaten
Cifuentes hormaren kontra jarri dute. Dimititzen ez badu, edo PPk ordezkatzen ez badu, badirudi PSOEk aurkeztuko duen zentsura mozioak Podemosen eta Ciudadanosen babesa izango duela eta aurrera joango dela. Dagoeneko dimititu duena, Juan Carlos Unibertsitate Publikoan master hori ematen zuen Zuzenbide Publikoko Institutuko zuzendaria da.
Aldiz, Ormazabalek swapak sinatu izana angulak janaz ospatu zuten EAJko ordezkari politikoek, eta Caixa eta Banestoko zuzendariek. Gipuzkoarron diru publikoa bankuei oparitu berritan, negozioa ospatzeko angula-jatea ere politikoek ordaindu zuten, diru publikoarekin noski. Ahaldun Nagusi Markel Olanok paparra atera zuen Gara hedabideak angula-jatearen 6.000 euroko kontua publiko egin zuenean, “Ongi egina!”, adierazi zuen harro Olanok.
Cifuentes hormaren kontra jartzea lortu du iritzi publikoak, hedabide guztien (baita Euskal Herrikoen) tar-tar-tar-arekin. Eldiario.es-ek argitaratutako informazioekin hasi zen, eta politikariak dantzan jartzea izan du ondorio.
Aldiz, zer daki euskal herritarrak Ormazabalek herritarrei milioitako kostua ekarri dien swapak sinatzeko modu bitxiaz? Zergatik ez du apenas dardararik eragiten? Zergatik ez dira horregatik kuestionatu Ormazabal eta Caixako testaren erantzuleak? Zer tarte du gaiak Euskal Herriko hedabideetan eta tabernetako elkarrizketetan, Cifuentesez dena kontatzen diguten horietan?
5.-Herritarren erantzuna bai da berbera: ustelkeria salatuz mobilizatzea
Cifuentesek masterrak jaso duen Unibertsitate publiko horretako ikasleak manifestatu dira, mafiarik gabeko unibertsitatea eskatuz, sistema horretako ustelkeria salatuz.
Apirilaren 12an, Intxaurrandieta eta Errazkin epaituko dituzten egunean, 20:00etan herrietako plazetan kazerolada eta kartel pegaketa herrikoia deitu dute Gipuzkoa Zutikek. Gaia isilpean ez pasatzeko eta ustelkeria salatzeko modua izan daiteke plazetakoa, unibertsitate publikoan bezala.
Hau da sinismenaren misteriooooaaaaa,
Sabinoreeeen liburuuutiiiik!!!
Fiskalak ez du fiskalizatzen,
poliziak ez du ikertzen,
komunikabide handiek ez dute komunikatzen,
Batzar Nagusiek ez dute erantzukizunik galdatzen,
herritarrek ez dute irakurtzen,
…arkakosua korrika dantzan,
zorriak parrez itotzen.
Aaaameeeeen!!
(Euskal Herriaren gaur egungo erretratu musikatua)
ze pasada! ustelkeria izugarria!