Herritarroi Tabakaleran zerbitzatu ziguten pintxo beroa: turismoarekin zer datorkigun dastatzeko, mokadu bakarrean
Iñaki Gil de San Vicentek hitzaldi oso argigarria eman zuen maiatzaren 24n Donostian, Bizitza Da Handienak zabaldutako Herritarron Etxean (Idiakez kaleko 6 zenbakian, zortzi solairuko eraikina). Borrokagaraiada webgunean du bildua hitzaldiaren mamia, “Espazio-denbora militarizatua eta klase borroka. Donostia adibide” artikuluan.
Hitzaldiaren teoria praktikan eta hezur-haragitan gorpuztuta bizi izan genuen pare bat ordu geroago Tabakaleran: bertan zuten luntxa Munduko Turismoaren Erakundeko kideek eta EAEko ordezkari politikoek. Gil de San Vicenteren hitzek buruan oihartzun egiten ziguten oraindik: zer dago turismoaren atzean? munduko kapitalarentzat egun bigarren negozio errentagarriena da (lehenengoa armagintza da), eta turismoak era honetako espazioak behar ditu: poliziaz josiak, inongo gatazka sozialik erakusten ez duten kaleak, enpresarientzat barra libre lan baldintzetan, drogak eta putak eskura…
Herritar talde bat txilibitua joaz joan zen Tabakalera aurreko plaza publikora, “turismoak hiria hiltzen du” eta “zuen negozioa gure miseria” oihukatuz. Aspaldiko alarde polizialik handienarekin egingo zuten topo: ertzainak eraikinaren inguru osoan, asko bistan, eta polizia-lokarria indartu nahi zutenean ezkututik ateratzen ziren berehala beste nahi beste ertzain. Ertzain furgonetak, elikopteroa hirian bueltaka, dronea Bizitza Da Handiena Gladys Enea parkean egiten ari den asanblada zelatatzen… Herritarron zenbat diru xahutu da “segurtasunaren” show honetan? Ekitaldi eta luntx horretarako diru publikorik bideratu ote den argitzea ere eskertuko genuke, gardentasuna helburu.
Tabakalera barrura sartu ezingo direla jakitun, aurreko plaza publikoan txilibitua jo eta Donostialdearen etorkizuneko ekonomian turismoa indartzearekin ez daudela ados oihukatzea, horra herritar multzo honen helburua. Ekintza baketsua, errespetuzkoa… ez zen hori denek Euskal Herrirako eskatzen genuena? Ertzaintzaren jarrerak bestelakoa pentsatzeko bide ematen du. Berriz ere Gil de San Vicenteren azalpenak gogora etorri zaizkigu: Turismoarentzako prestatzen ari diren kaleak ez du onartzen inolako aldarrikapenik, inolako gatazkarik irudikatzerik, postala orbantzen du. Traje eta gorbataz jantzitako gizon batek ematen dizkie aginduak ertzainei, nola jokatu: sekuentzia nola joan den ikusita, pentsa daiteke hasieran ordena eman diela “saltsarik ez sortzeko”, ez dela komeni kolpeen irudirik. Ondoren beste agindu bat eman die, eta ertzainek jarrera oldarkorrez, bultzaka baztertu dituzte eskuak gora jasoz erreakzionatu duten herritarrak plazatik tunelerantz.
Identifikazioak eta bi atxilotu
Herritarretako bat identifikatzeko besteengandik bereizi dute eta eztabaida luzea izan dute herritar honek euskaraz egitea eskatu duelako. Karneta kendu eta bolada luze batean ez diote itzuli. Beste herritar bat are urrunago eraman dute eta denbora luzean izan dute identifikatzeko aitzakian. Bultzaden une nahasia baliatuta, ertzainek bi herritar eraman dituzte komisaldegira.
Dagoeneko dozena inguru kide badira Bizitza Da Handiena ekimenaren baitan identifikatutakoak, eta Mozal Legea baliatuta isunak jasotzeko arriskua du ekimenak.
Bertakoak zapalduenak
Ertzainez jositako pasabide bat utzi dute Tabakalera aurreko plazan, herritar denei trafikoa ez ixteko. Herritar denei ez, ertzaintzak unean erabakitzen duten herritar horiei bai debekatu die pasatzea, irizpide erabat arbitrario eta baztertzaileekin: “euskaldun” itxura duten horiek ez dute pasatzerik izan. Turista itxura dutenek bidea libre dute, eta ertzainek migrante itxura hartu dietenak oraingoan bakean utzi dituzte (hauek ez dutela turismoaren aurkako aldarrikapen honetan parte hartzen pentsatuko zuten ertzainek, agian). Ikusi dugu ertzaintzak “euskaldun” traza hartu dien jende heldua pasabidea galarazita, eta hauek sutsuki eztabaidatu dute ertzainekin kalean ibiltzeko duten eskubidea argudiatuz.
Munduko Turismoaren lobbya joan da, ezer gertatu ez balitz bezala
Azkenik autobusak ekarri dituzte Tabakaleraren atarira, ertzainen furgonek kortina moduko bat osatu dute Tabakalerako atearen eta herritarren artean eta Munduko Turismoaren luntxean parte hartu duten horiek autobusera sartu dira, “ezer ikusi gabe”.
Galderak, herritarrei hitza ukatzen dieten agintarientzat
1) Diru publikoz eta erakunde publikoen indar polizial denak erabiliz indarrean jartzen ari den turismoaren Euskal Herriaz eztabaidatzeko, aurkako iritzia izateko, bestelako eredu bat bultzatzen duten ekintzak eta protestak egiteko tarterik txikienik ba al dago? Zer zilegitasun dauka eztabaida sozialik gabe herri eredua erabat baldintzatzen duen turistifikazioak? Erakunde “demokratikoek” ez ote lukete juxtu herritarren iritzia eta parte-hartzea bermatu eta defendatu behar?
2) Eusko Legebiltzarrak Mozal Legearen aurkako adierazpena sinatua duela ikusirik, ertzainek ekintza baketsuen aurka hainbeste identifikazio egitea zer da, Eusko Jaurlaritzaren koordinazio eta kudeaketa okerraren ondorio?
3) Herri mugimenduek kalean aldarrikapen erabat zilegiak modu erabat baketsuetan burutzearen truke, euskal erakundeetatik jasotzen ari dira Espainiako Gobernuak martxan jarritako makinaria errepresibo zorrotzenetakoa, Mozal Legea. Zer esateko dute honetaz euskal erakunde horietan parte hartzen duten alderdi politikoek? Zein da bakoitzak herri honetarako nahi duen bake sozial eredua?
4) Ezkerreko herri mugimenduetan dabiltzan herritarrak kalean egurra jasotzen ari dira (poliziala eta ekonomikoa) euskal agintariengandik. Zer argumentuk konbentzitu behar ditu herritar hauek juxtu egurra ematen dieten sektoreei “eskua ematera”, “autogobernua elkarrekin” egin nahi izatera? Euskaldunen marra gorriak Katalunian bakarrik daude?
5) Poliziak formatuz: Ertzain guztiei azalduko die legelari batek benetan Mozal Legeak zer dioen, mesedez? Kazetari honek eskertuko du, ekintza bakoitzean ertzainek zuzenean gezurra esaten baitiote aurpegira, kamerarekin gertakariak grabatzen ari denean: “Ezin gaituzu ertzainok grabatu eta ezin dituzu irudi hauek zabaldu”. Hori gezurra da, eta bada garaia ertzaintzaren arduradunek honi buruzko azalpenak publikoki eman ditzaten, eta ertzainek bere praktikarekin Mozal Legea are murriztaileago egiten ez dutela bermatu dezaten.
6) Poliziak formatuz II: Euskaraldiaren egitasmoen barruan sartu al daiteke ertzainen euskararekiko jarrera lantzea? Era guztietako jarrerak ikusi ditugu aste honetan ertzainen artean, euskaraz egiteko eskubidea bermatzen dutenak batzuek, baina beste batzuen jarrera bada euskara gatazkarako erabiltzea. Ertzain guztiak euskaldun, noizko? bitartean, hizkuntza borrokaleku bihurtzen duten jarrerak onartu ditzake Ertzaintzak bere langileen artean?
Hauek nire galderak, irakurleenak jasotzeko desiatzen nago, hemen egingo ditut publiko guztiak.
Kaixo Estitxu ausnarketa earra ein den! Beste galdera bat:
Esaten,bilkura hortan parte hartu zitenak, bertatik autobusera jun tziela direkto ezer ikusi gabe. Bueno, kortina poliziala bea ikusiko zuten, ez? Hau da, guztiz kontziente diela beraien “jarduna” onartezina dela eta babesa behar dutela beraien “operazioekin” segitzeko. Nor dago hauek babesteko prest (betiko politikuek kendute noski)? Mundu mailako bilkura dela jakinda, gu ere lehen mundutarrak izaki, ze jarrera duttugu kampoa jundekun(tainlandia adibidez)? Turismoak han eta hemen txikitzen gattu. Ze proposamen honen aurrin? Ez bidaiatu?…
Hauxe nere aportaixue
Kaixo Miel!
Eskerrik asko gehitutako galderengatik. Bai, uda antolatzen ari garen honetan, kontuan hartzekoak. Ea turismoaren gaia lantzen jarraitu ahala, denon artean erantzunak topatzen ditugun. Gaur gaurkoz, kontraesanak gehiago ditugu erantzunak baino.
Laster arte