Bada paperaren alde egin duen eskolarik
Aurrez aurreko eskolaren ordezko, pantailak bihurtu dira irakasle eta ikasleen arteko euskarri nagusi azken hiruhileko berezi honetan. Artikulu honetan azaldu genizuen IKTetan urte luzeetako esperientzia duen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (12-16 adin tarteak) Erniobea ikastetxeak nola egin duen aldaketa Internet bidezko ikaskuntzara.
Bitxia da, ordea, justu Aiztondo bailara berean paperaren aldeko apustua egin duela Lehen Hezkuntzako (12 urtera arte) Pedro Mari Otaño Herri Eskolak. Pedagogia aldetik Ikas Komunitatea da Zizurkilgo eskola publiko hau eta bertako ikasle ia denak ondoren Erniobea DBHra joan ohi dira. Bitxia da, baita ere, paper fabrika 100 metrora duela. Ikastetxeko zuzendaritzako kide den Olatz Urrakak azaldu digu zergatik eta nola egin duten paperaren aldeko apustua, pantailen mundura buru-belarri murgildu ordez.
Artikulu honetan Jenofa Berhokoirigoinek azaldu duenez, planetaren jasangarritasunaren ikuspegitik ere merezi du teknologiaren erabilera murriztu beharra planteatzea.
Pantaila ote da egokiena adin guztietarako?
Bazekiten beren ikasle guztien etxeetan ez zegoela ordenagailurik ez internetik. Gailu horiek etxe guztietara iritsi araztea ote zen irtenbidea? aski al da edozein etxetan teknologia sartzearekin, gailuen erabilerari buruzko azalpenik eman gabe? teknologietan heziketa ikasleekin landu gabe? eta batez ere: 12 urtez beherakoentzako pantaila ote da ikasketetarako tresna egokiena?
Galdera horiek mahai gaineratu, eta beste bide bati heldu zioten, helburu honekin: lan proposamenak etxe guztietara iristea eta galderak zeuden kasuetan erantzun azkarra bermatzea.
Paperean inprimatu dituzte eskolako lan proposamenak, eta Zizurkilgo Udalarekin elkarlanean, atez ate banatu dituzte. Atez ate eginiko lehen bisita, proposamena aurrez aurre azaltzeko baliatu zuten.
Lan proposamen hori etxera banatzeaz gain, maiz deitu die tutoreak bere gelako familiei, zituzten dudak eta galderak argitzeko. Eta azalpenak bideoan ere bidali dituzte.
Hasieran hiru asterako lan proposamena egin zuten, eta luzeegi zela iritzita, ondoren bi asteko lan proposamena egin dute. Egokiena astean asteko lan proposamena egitea dela iritzi dio zuzendaritzako kide Urrakak.
Hiru truke egun ere jarri dituzte ikastetxean: nahi eta ahal izan duten familiak eskolara joan dira egindako lanak entregatzera, eta hurrengo lan proposamenak eraman dituzte etxera bueltan. Horrela, atez ateko banaketa eskolara inguratu ez diren familietara murriztu da.
Bideokonferentziak ere bai, tarteka
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek Interneteko Meet plataforma bidez zuzeneko bi saio izan dituzte astean, eta saio hauek oso funtzio ezberdinetarako erabili dituzte: asteko lanak azaltzeko, galderei erantzuteko, matematikak azaltzeko, tertuliak egiteko…
Esperientzia hau ikusita eta familiek eskatuta, Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 4. mailara arteko ikasleekin bideokonferentziak egitea probatuko dute ekainean. Txikienek irakaslea eta beste ikasleak ikustea eta ahozko komunikazioa izatea beharrezko ikusten zuten familia hauek. Lehen ikasturte horietako ikasleentzat bideokonferentziak borondatezkoak izango dira.
“Onartu behar dugu zerbait galdu behar dugula”
Pantailak ezin duela aurrez aurreko eskola ordezkatu, hori garbi du Urrakak. Irakasleek familia denekin zuzeneko harremana izateko ahal izan duten guztia egin dutela azaldu du, askok bere telefono mugikorreko zenbakia eman duela, gertutasun handia erakutsi dutela, oso gainean egon direla ea ikasle guztiak sartzen ziren Meet saioetan…
Olatz Urraka, zuzendaritzako kidea: “Aurrez aurreko eskola ezin da ordezkatu”
Zer esan, ikastetxearen ildo pedagogikoa ikas komunitatea denean: “Interakzioa da ikas komunitateetako oinarrietako bat, eta horretan asko galdu dugu. Ez genuen uste horren luze joko zuenik. Interakzio hau berreskuratu behar dugu, aurrez aurre ezin bada, bizipen hauek baliatuz. Maila osasungarri batean bideokonferentziak ziurtatu beharko ditugu lehen hezkuntza osoan, paperekoa alde batera utzi gabe”.
Harreman osasuntsuak lantzen bidea egin du Pedro Mari Otaño ikastetxeak azken urteetan, eta konfinamenduarekin “ez da hori lantzerik egon”, adierazi du penaz Urrakak. Horregatik, argi du geletara itzultzean hori dela berreskuratu behar dutena, “indar handiz”.
Bukaera presentzialaren bila
Aste santutako oporren bueltan, eskolara itzultzeko baldintzak egon zitezkeen itxaropena izan zuten. Garai hartan, argi izan zuten ez zutela etxeko itxialditik eskolako gela itxietara sartu nahi. Herrian bertan aire librean ikasteko zein lekutara joan zitezkeen pentsatzen aritu ziren, baina pandemiak ez zien aukera hori eman.
Orain, ikasturteari merezi duten moduko bukaera nola eman pentsatzen ari dira, osasuna bermatuz baina “modu presentzialean”.
Guztiok behar dugu zikloak ixtea, eta batez ere eskola horretatik DBHra pasatuko diren ikasleengan nabari dute gabezia hori: “Ikasturte amaierako irteerak galdu dituzte, eta eskola honetan egindako ibilbidea agurtzeko egiten zen jaialdirik ere ez da egingo”.
Papera izango da ikasturtea ixteko ekitaldira ere eramango dituena: azken ebaluazioan egin dituzten lanen bila itzultzea edo ebaluazio noten bila ikastetxera gerturatzea izango da aitzakia. Segurtasun distantziak bermatuz itxiera ekitaldia egin nahi dute, ikas komunitate horretako kide diren pertsonek merezi duten modukoa, eta nola egin buruari bueltak ematen ari dira: familiak ere hasiak dira ideiak ematen. Interneten azken aldian ugaritu diren psikologoen hitzaldiak ere kontsultatuko dituzte, itxiera oso batek behar dituen alorrak zaintzeko.
Ikas Komunitatea zer den ikusi nahi duenak, bideo honetan azaldua dugu, justu Zizurkilgo Herri Eskolaren esperientzian oinarrituta:
Ederra artikulua. Zorionak Otaño. Aze zortea dugun gure seme alabak horrelako eskola izatea!!!