Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu
Ikastetxeak hasiak dira gurasoekin bilerak egiten, COVID-19aren hedapena saihesteko protokoloa ikastetxe horretan zehazki nola gauzatuko duten azaltzeko. Bilera horietako bat entzutea aski da irailaren 15ean irakasleek greba zergatik egingo duten ulertzeko. Izan ere, Jaurlaritzaren asesorea une honetan Jesusitomaitia dela konbentzituta nago. Zeren miraritan soilik sinistu daiteke, pandemia baten erdian eta Hezkuntzako aurrekontua biderkatu gabe, eskolari eutsi ahalko zaionik. Ikusi nahi, Jaurlaritzak Hezkuntzan inbertsiorik ez egiteak ikasturte honetan biziaraziko dizkigun parabolak?
“A eszenategia” edo “Irakaslea leku denetan dago”
A eszenategian (Jaurlaritzak “itzulera normala” deitu dion horretan) ere gurasook ez dugu bermatuta ikasleek gela barruan irakaslerik izango dutenik. Zergatik? Bada irakasle asko guraso ere badelako, eta bere seme-alabaren bat hamarraldian egonik hura zaintzen geratu behar badu etxean, irakasle horri ere ez diotelako gaixo agiririk emango, gainerako langileoi bezala (Espainiako Gobernuaren erabaki horretaz eta ekarriko dituen ondorioez, artikulu honetan). Egoera horretan zer? Hezkuntzatik irakasleek jaso duten erantzuna da Hezkuntzak ez duela ikastetxeetara ordezko irakaslerik bidaliko, eta irakasle horrek telelana egin ahalko duela etxetik. Eta? Nork dinamizatuko du gela, irakasleak etxetik ordenagailuz azalpenak eman eta jarduerak proposatzen baditu ere? Egoera hau lehen eskola egunean bertan ere emango da, hainbat ikastetxetan. Eta ez da fededuna izan behar ulertzeko oso posible dela ikastetxe batean aldi berean hainbat irakasle egotea egoera horretan, hau da, etxetik lanean, bakoitza bere haurra zaintzen; ez litzateke hain arraroa, pandemia batean gaude, ezta?
“B eszenategia” edo “Horkonpon Marianton protokoloa”
Hezkuntza sailetik hala eskatuta, ikastetxeek bigarren eszenategi bat zehazki nola gauzatuko duten ere landu behar izan dute: hauxe da B eszenategia, hau da, nola antolatu klaseak gelan ikasle erdiak egonda. Hau litzateke eskola osasuntsu eta kalitatezkoaren bidea, kaleko kristau arruntari gogora etortzen zaion irtenbidea gauzatuko balitz: gelak desdoblatu, herriko eraikinak ikasgela bihurtu, eta irakasleak bikoiztu, ikasleek segurtasun distantziak zainduz hezkuntza hobea irabazi dezaten. Baina Jaurlaritzak ogia eta arrainen parabolaren alde egin du, ikastetxeei ekuazio hau jarriz: nola eman klasea ikasle denei baina ikasgelan ikasle erdiak egonik, eta metro koadro eta irakasle kopuru berarekin.
Zuzendaritzek egin dituzte planteamenduak eta denetik entzuten da: astebete klase erdiak etxetik eta beste astebete eskolatik; batzuk astelehen, asteazken eta ostiral eskolatik eta besteek astearte eta ostegunetan; Colegio Alemanak hiru ordura murriztu dituela ikasleen klaseak denak egunero ikastetxera joan daitezen baina denbora gutxiagoz…
B eszenategiko eskola gurasoen enpleguarekin bateraezina da zeharo. Nork zainduko ditu adin txikikoak eskolan ez dauden egun horietan guztietan? ikasturteko egunen erdiak lirateke etxean egotekoak! eta etxean dauden ikasle horiei nork lagunduko lieke azalpenak ulertzen, dituzten dudak argitzen…? pantailak heziko al ditu gure adin txikikoak?
B eszenategia, gainera, ez du ikastetxe edo herri horretako pandemiaren bilakaerak definituko. Hau da, Hezkuntzak ez ditu komunikatu eskola edo herri batean zenbat PCR positibok ekarriko luketen B eszenategira pasatzea. Jaurlaritzatik eta egun batetik bestera etorriko da agindua, beraz, gerta daiteke ikasle asko A eszenategitik Bra pasatzea, nahiz eta bere herrian pandemiak okerrera ez egin.
Kartzela bihurtuko diren eskolak ere badira
Mirariak Lourdesen. Osasun neurriak betetzeko, baliabideak behar dira. Baina eguneroko bizitzarako, “low cost” baliabideak dira maskarak, termometroa eta xaboia: ikasgela gehiago eta irakasle askoz gehiago dira hezkuntzan pandemiari aurre egiteko behar diren baliabideak. Zeren ikastetxeetan ikasleko bi metroko espazio erabilgarririk ez badago, ez dago osasun neurririk betetzeko baliabiderik. Ikasgeletan ikasle kopuru txikiagoari eskola emateko behar beste irakasle ez badago, ez dago osasun neurriak betetzeko baliabiderik.
Entzun irakasleei: badira ikastetxeak, euria egiten duenero 14-15 urteko ikasleak (DBH2 eta 3koak) sei orduz gela barruan eta aulkitik altxa gabe edukiko dituztenak, ez dutelako patiora ateratzeko espaziorik, osasun neurriak betetzekotan. Badira ikastetxeak, ikaslerik gabeko lehen lan aste honetan ere ez dituztenak osasun neurriak bete, ezta irakasleen artean soilik ere! Badira ikastetxeak, irakasle bakoitzeko ordenagailu bat ere ez dutenak: telelanez eskola emateko ere, irakasleak erosi beharko al du bere patrikatik, edo etxekoa eskolara eraman beharko al du?
Ez gara santujaleak
Herritar langileok noski badakigula dena ematen. Dena eman genuen konfinamenduan ere, ahal zen ondoen zaintzeko etxekoen osasuna, eusteko ikasleen hezkuntzari, eusteko enpresetako lanari, eusteko auzotarren beharrei… baina ikasturte hasieratik denon artean baliabideak borrokatzen ez baditugu, ikasturte osoa pasa beharko dugu belauniko, ezinezko mirariak gauzatu nahian. Langileon lanez osatutako diru publikoa ez bada langileon bizitzari eusteko beharrezkoak diren baliabideetara bideratzen (eta bai, aldiz, betikoen patrikak gizentzera), Jaurlaritzaren auzolan deialdietan misiolari arituta ere ez dugu miraririk lortuko: auzo eta herri askotako ikasleak biltzen dituzten makro-eskolak pandemia zabalduko duten granjak izango dira; ikasleei kartzeletako diziplina ezarriko zaie espaziorik ez dagoenez, mugitu ez daitezen; eta adin txikikoek egun gehienak zaintzarik eta irakasle presentzialik gabe emango dituzte.
Erabili dezagun ikasleekiko, hezkuntzarekiko, osasunarekiko, pertsonekiko dugun borondatea baliabide duinak borrokatzeko, ez hezkuntza gaixo batera bultzaka garamatzaten agintariei zuloak tapatzeko. Irakasle, guraso eta ikasle guztion artean, borroka dezagun eraikinak eta irakasleak lortzearen alde. Borroka dezagun erakunde publikoek ikasturte osoan zehar ikasle denei zaintza publikoa eta kalitatezko hezkuntza bermatu diezaieten.
Baina ez duzu zalantzan jartzen oinarria bera? Oinarririk gabeko izu bat zabaltzen ari zarela ez duzu uste?
Baduzu egiaren aldeko hezitzaileen berririk?