Euskara askatasun bat da
Horrelaxe bizi dut gaur egun hizkuntzaren auzia. Euskaraz egiten dudanean aske naiz. Beste hizkuntzaren batean mintzo naizenean, behartuta mintzo naiz: egoerak horretara behartuta eta nire plastikozko erdarek behartutako molde zurrunetan: beste pertsona bat naiz, tonu bakarreko eta ñabardurarik gabekoa. Erdaraz ez naiz ni. Horregatik, nire buruari libertatea ematen diot euskaraz egiteko, lehen hitzetik oso aurrera, besteek erdarara pasako naizela espero duten egoeretan ere. Neure buruari zor diot, gizarte zapaltzaile-anitz honetan (generoagatik, arrazagatik, sexuagatik, hizkuntzagatik, klase sozialagatik…), askatasuna.
Azalpenik gabe
Bizitza osoa azalpenak ematen aritu gara eta enpo egin dut. “ARGIA euskara hutsean, zergatik?”; “Zer mundu zoragarri deskubrituko du euskara ikasten duenak?”; “Zergatik mintzatu behar dute egungo gazteek euskaraz?”; “Zergatik ikasi behar dute etorkinek euskaraz?”; “Zergatik jakin behar dute forentseek euskaraz?”… Askea denak ez du azalpenik behar. Autokritikoa da, norberarekiko eta norberak nahi duenean. Menpekoa dena da besteek etengabe zalantzan jarria. Euskaraz egiten diet erdaldun deklaratuei, euren gaitasuna “euskara ulertzen duzu?” (berriz ere galdera) batekin zalantzan jarri gabe. Neska kozkorretik aurrera inork ez zuen nire gaztelera zalantzan jarri, eta horrexegatik ikasi nuen. Hain xinple bezain irmo sozializatzen gara erdaretan. Egun galdera bakarrarekin erantzuten diet euskara kuestionatzen didatenean “eta zergatik egin behar dut gazteleraz?”. Oraindik ez dut konbentzitu nauen azalpenik jaso.
Nor bere zilborrean
Askatasuna horixe ere bada. Ez, noski, munduaren zilborra zarela sentitzea, baina bai, norberaren zilborrean norbera egotea. Ardatz kontua. Erdaretara pasatzen garenetan, zenbatetan egiten dugu norberaren zilborrean beste jarri dugulako? Ikasteko zaharregia den gaixo hori, egunerokoan nahiko lan badituen iritsi berria, harreman oso ona dugun lagun sinpatikoa… eta atoan, gure zilborretik jaisten gara eta leku egiten diogu, kortesiaz, bakeagatik, eskuzabaltasuna bailitzan, hura eroso sentituko den hizkuntzari. Norbera deserosotasunera ohitu den jarrera zozoaz, “lasai, nireak ez du inporta” esanik etengabe besteak zerbitzatzen ari denaren moduan.
Eta orain euskaraz egiteko libertatea hartzen dudan guztietan, Rosa Louis Parks-ekin gogoratzen naiz. Pozik, aske, harrotasunez, autobus edo gizarte honetan nire eserlekua badagokidala sentitzen dut. Eta dagokidan eserleku hori hartzen dut. Banaiz duin, altxatzeko iradokitzen ari zaidan beste hori adina, eta beraz, nire lekuan jarraitzen dut, lasai, pozik, irria ahoan. Eta neure golkorako barre egiten dut konturatuta zenbat alditan altxa naizen eserlekutik inork eskatu baino lehen, egoera tentsoei aurre hartu nahirik zibikoki. Zenbat alditan desplazatu dudan nire burua dagokidan lekutik, baita nire zilborretik ere. Zenbatetan eta txintik atera gabe egiten dugun gure buruaz beste.
Euskaldun askeak erdigunean
Nire buruari libertate hori ere eman diot, euskaraz aske sentitzen direnak izatea nire xede, helburu, jomuga. Haietaz eta haientzat hitz egitea. Barkatu, ez dut euskal herritar denak konbentzitu eta denei irtenbidea emango dien diskurtso, erantzun edo planik. Erakunde eta jende inportantea arduratzen da horretaz, eta mila esker, oso beharrezkoa da lan hori. Baina faltan nabari dut euskaraz aske sentitzen direnak plan, diskurtso eta kanpainen zentroan jartzea, ia beti. Eta mesedez, ez daramaguna baino karga eta lan gehiago jartzeko. Erosoago sentitu eta askeago izan gaitezen baizik. Euskaldun askeen logika, diskurtso autozentratua jartzea erdigunean, ia beti.
Honezkero elebakarrik ez duen hizkuntza anormal horietakoak gara. Bizi zirenean ez genituen zentroan jarri, ez genuen batere baliatu euren balioa, ekarpena. Poztu eta harrotu egiten gara elebakarrak ez izateaz (beti ere euskara bada hizkuntza bakar hori), baina ai, ahazten zaigu esplikatzea elebakartasuna bukatu dela, erdaraz hala direnei. Edo atzerritik etorri eta erdarara soilik bideratzen ditugunei.
Elebakarrak akabatuta, euskaraz aske direnak, kontzienteak, ideologizatuak, politizatuak, dira orain zentro. Erakundeentzat ez dakit, niretzat argi.
Motxilarik gabe
Askatasuna segundoka irabazten zela kontatu zigun behin Inaxito Albisu Alkoholiko Anonimoak elkarteko sortzaileak. Ez espero izateko askatasuna behin eta betiko lortzerik. Hizkuntzarena ere elkarrizketaro eta esaldiro lortzen dugu. Motxilatik atera nuen nire burua zigortzeko zartailua. Noski egoera askotan naizela menpekoa. Aske izatea dut, ordea, helburu, eta gozatzen dut lortzen dudan aldiro.
Erantzi dut, baita ere, hizkuntza salbatu beharraren edo galtzearen erantzukizunaren motxila. Utikan, zer hartuko du norberak herri bezala eusten ez diogunaren ardura!
Motxilatik atera eta ehortzi ditut, baita ere, menpeko harreman emozionalak. Hain xinple, ezen ez dudala besteen arazoetan erantzukizunik. Ez dela nire kulpa, ez dudala parterik horretan, parekoa hizkuntza batekin deseroso sentitzen bada, haserretzen bada, ezer jakin nahi ez badu… han doala bera bere motxilarekin, ez dudala zertan bere motxilarik hartu. Nahiko lan badugu bakoitzak gurearekin.
Laguntzen dit pentsatzeak, baita ere, harreman denak ez direla sakontasun maila berekoak. Batzuekin partekatzen dugun denbora eta elkarrizketa gaia eguraldia dela; besteren batekin medikuaren zain gauden bitartean osasun egoera; harengana banoa kafea lortu nahi dudalako da (hortik aurrera eraiki dezakeguna, plusa da)… badira asteburu bat partekatuko duzun kide berriak… denak ez dira zure bizitzako sakontasunetara iritsiko diren lagunak.
Askapen prozesuak kolektiboan egiten dira
Herritarren gehiengoa ez da hizkuntzaz arduratzen. Ez da militantea, baina ezta aurkakoa ere. Beraz, arauak eta “normalitateak” eskatzen duenera egokitzen da. Araua eta “normalitatea”ren marra gorriak, denon artean jartzen ditugu. Helburuak sozializatuta, arazoak esplizitu eginda, eta arauak eta legeak jarriz. Gipuzkoa Zutikeko asanbladak har daitezke adibidetzat, araua esplizitu eginda “bakoitzak eskubidea du nahi duen hizkuntzan mintzatzeko. Euskara ulertzeko zailtasunik duenari, kide honek egingo dio itzulpena”, emaitza izan baitzen 500 laguneko asanbladetan kide 1 edo 2k behar izan zuela itzulpena, ulertzeko. Errealitateak uxatzen dizkigu sarri mamuak eta konplexuak, aurreiritzirik gabe eta euskara erdigunean jarrita planteatzen dugunean.
Askapen prozesuak kolektiboan egiten dira, eta horregatik dira txalotzekoak Euskara ari du bezalako ekimenak. Hizkuntzen inguruan denon artean giro edo klima bat elikatzen dugu. Sentsazioa dago euskararekiko Izotz Arotik esnatzen ari ote garen. Hernanin ariko duen euri horrek izotza urtuko duela desio dugu.
Gaztelerazko enbor batetik jaio ondoren, ene zilborra euskalduntzeko erabaki askea hartu nuelako, zenbat eskertu dudan… zenbat gozatu dudan euskara askatasuna eta plazerra, ez besterik, irakurrita. Eta enbor beretik ikasi nuen “nireak ez du inporta…” baztertzeko eman dituzun argudiengatik, mila esker.
Mila esker zuri, Rosa, zure testigantzagatik! Bakoitzaren bizipenek aberasten dute askatasun prozesu kolektiboa. Zuri esker artikulua osoagoa iruditzen zait orain.
Badira euskal elebakarrak! Umeak hain zuzen ere. Eta ikustekoa da nola jartzen diren beste elebakarrak eurekin komunikatu ezin direnean! errua gure seme-alabei (eta guri) leporatzen diete/digute! Arazoa geurea delakoan! Egozentrismo glotikoa!
Jijiji egia, Arkaitz. Askotan bizi ditugu horrelako egoerak (komikoak, umorez hartu beste erremediorik ez dugunontzat). Hurrengo euskara kanpainak diseinatzen ari direnei xede-talde bat agertu diezu. Ondo izan eta eutsi umeei ume luzaroan!