Agur eta ohore
Joxe Agirre bertso afari magiko batekin lotuta atxikiko dut oroimenean. 2000 edo 2001ean izango zen, Urrestilan bertsolari gazteen asteburu-pasa egin genuen. Eta larunbata gauerako egitaraua hauxe zen, Agirre eta Lazkanoren bertso afaria. Komedorea gaztez beteta, erdian bi aitonak kantari, eta gaubela ahaztezina.
Bi bertsolariek sekulako saioa egin zuten: gairik inork jarri gabe, elkarri zirikan batzutan, eta elkarrizketan sakon bestetan. Joxe Agirreri emaztea hil berri zitzaion, eta saiotik itzultzean sentituko zuen bakardadeaz kantatu zuen, ahobizarrik gabe. Buruan halakorik ez genuen gazteoi ere iritsi zitzaigun halako sintzeritatez kantatua.
Benetako konexioa sentitu genuen gazte eta gazte izanen artean, elkarrekiko maitasuna eta begirunea.
Bertsokeraz eredu genituen, ahozabalik entzun genuen saioa, bukaerak eta esamoldeak buruan hartuz, eta osteko parrandan batenak eta bestearenak kantatzen jardun genuen.
Bertsolari batek lor dezakeen gauzarik handiena lortu du, ondorengoek bere bertsoak ikasi eta kantatzen jarraitzea.
Loturak:
Jokin Urangak iritzi artikulua argitaratu du Berrian Agirre zena gogoan.
nere pentsamenduak leitu ttuzu Estitxu!!Nola ahaintzi hartaz??saioa “ofiziala”bukatu eta parrandara joan ziren haien inbidirik ez genuen izan, Imanolek etxera joateko ordua zela aipatu eta orduantxe hasi zen bertsoaldi eder hura! artean 2 urte ziren emaztea hil zitzaiola ta …auniztan oroitzen naiz ni hartaz! Urrestillako topaketa haietako une gogoangarriena dudik gabe!
Aupa Julen! Mila esker oroitzapenarekin bat egiteagatik. Beste topaketa bat noizko? (Gazteena eta beti-gazteena)
nik ere baditut gure aitona maitagarriaz oroitzapen goxo batzuk.Txapelketetan eta beti aipatzen ditugu bat edo besteren atelaldiren bat. Herri arteko txapelketan, aipagarria izan zen Joxerena:
Puskabat kendu diot
nere bizitzari
baina eskeintzen diot
bertsolaritzari.
Egia bazen, nahiago genukeen txapelketa utzi eta bera gurekin luzaroagoan izatea.