Txapelketa Nagusia jarraituko duzun horrentzat, betaurrekoak opari
Ostegunean Villabonako Mintzola egoitzan aurkeztuko da 2013ko Txapelketa Nagusia, eta herri berean abiatuko igandean. Txapelketaz kanpo geratu den Uxue Alberdi elkarrizketatu dugu ARGIAn (urriak 6ko alean argitaratuko dena, 2385 zenbakian). Bonoa atera eta saioz saio mugituko diren zaleentzat, klabe hauexek eman dizkigu.
Lau urte, hamaika pauso
Lau urte daramatza Euskal Herriko txapelak berau jantzitako lehen emakumearen buruan. (Aurretik beste askok bezala) Lujanbiok irekitako bidearen ordaina izanik ere, lau urteotan generoaren lanketa kontzientean asko sakondu da bertsolaritzan: Bertsozale Elkartean Genero batzorde bat bada eta gaiaren inguruko formazioa eta trukea elikatzen du (Gabirigunea posta-zerrendaren bidez, Umorez jardunaldiak antolatuz, Virginia Imazen ikastaroekin, Azkizuko Topaketekin…) eta zenbait bertsolarik lanketa handia egin du. Uxue Alberdik mugimendu honen indargunea azpimarratu du: “Duela hamar urte generoa txuletaz hitz egiteko erabiltzen zen, eta egun bertsolari denek dute honen berri eta zale askok ere bai”.
Txapelketan zer berri
Txapelketa hau genero aldetik lehen urratsa izango da (benetako aurrerapausoak urteetara etorriko direla espero dezakegun arren), gai-jartzaile taldea eta epaile taldea gaiaz hausnartzen hasi baita. Alberdik eskaini die formazio saio hau eta ikuspegi feministatik bertsolaritzaren irakurketa egin ostean, planteamendua hau izan da: “Ariketa da ezer ez da neutroa, horra iristea. Normala iruditzen zaigun gai hori ez da normala, karga bat dauka eta alde baterakoa (maskulino hegemonikorantz). Adibidez, Arabako txapelketako finalean jarri zen gaia: DBHko bi ikasle zarete eta zuzendariaren bulegora deitu zaituztete dutxatan zelatan harrapatu zaituztelako. Gaiak neutroa dirudi, bertsolariei zozketaz tokatzen zaielako eta ez duelako zehazten zelatatzailearen eta zelatatuaren sexua. Bi gizoni egokitu zitzaien eta finaleko saio txalotuena izan zen. Atera ziren Interviu, masturbazioa… gai hori bi neskari edo neska eta mutil bati tokatu balitzaie egoera beretik abiatzen dira? mila bider ikusi ditugu neskak zelatan dauden mutilak, hori gure imaginarioan sartzen da; neskena oso gutxitan. Neskak dutxatan eta taldean masturbatzen gara? Hitz egiten dugu horretaz publikoki? Zer tresna erabiltzen ditugu masturbatzeko, zer errebista? Kode hori eraiki gabe dago. Nahiz eta joko asko eman dezakeen, bertsolariak hamar segundotan kantuan hasi behar badu, kontuan hartu behar da minusetik abiatzen dela eta ez zerotik, eta beraz ezin dela berdin epaitu”. Txapelketako desoreken kontzientzia hartzeak ez du galdera makala jartzen mahai-gainean: nola jarri gaiak eta nola epaitu aukera berdintasuna bermatzeko? “Nik ez dut esango ez zer gai jarri behar diren ez nola epaitu, horrek lanketa handia eskatzen du. Baina kontzientzia hartu dezagun normala iruditzen zaiguna maskulino hegemonikorantz okertua dagoela, eta hor kabitzen ez garen emakumeak eta gizonak desabantailan gaudela”.
Saioetan erreparatzeko elementu bat gehiago
Txapelketako errima zorrotzen, argudio kontundenteen eta erantzun azkarren ehiztari diren belarriek badute orain arreta jartzeko beste elementu bat. Betaurreko moreak jantzi eta egoera berean bertsolari har edo emeak lituzkeen helduleku, bide eta baliabideak igartzera jolastea. Bertsozaleek saioan askotan egiten duten galderari “nik zer esango nuke hor?” aldagai bat gehitzea “gizona banintz? eta emakumea banintz?”. Hortik ateratako ondorioak eta gogoetak ziur atsegin handiz hartuko direla Bertsozale Elkartean, eta blog honetan bertan.
Ireki ditzagun optikako ateak…
http://www.gaur8.info/edukiak/20130119/383363/Glotofeminismoa
Aupa Xabi!
Gustura leitu dut artikulua. Euskara munduan planteatutako galdera ekarri dit gogora: izan gaitezke euskaltzaleak feminista izan gabe? Edo ekologistak arrazista izanik? Aniztasunaren defentsak elkartzen gaitu gutxiengo guztiak.
Ez dut rankingetan sinisten, euskaldunberri izatea edo emakume izatea zer den zailago oholtzan… testuinguruaren arabera. Baina osorik igotzea, hori da kontua, norberaren zati bat behean utzi gabe.
Erabat, ados, Esti!
Aipuan esan bezala, soilik azpimarratu nahi nuen askotarikoak direla bertsolari batek behean utz ditzakeen zatiak. Behin oholtzapekoak garbitzen hasi garenez gero, hobe ezer ere ez gordetzea alfonbrapean, ez? 😉