Gorka Gonzalez de Zarate
Euskadiko Jazzaldien denboraldia hastear denean, zuzeneko emanaldien inguruko iruzkinak, gogoetak, nahiak eta hasarreak adierazteko txokoa duzue hau. Gasteiztik idatzita gaiztakeriren bat ere kontatzen saiatuko naiz. Guztia musika kreatiboaren inguruan: batez ere, Jazza.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- JM Segurola(e)k Jaietan ere musika entzuteko aukera bidalketan
- gasteizkeriak(e)k Jazz Zaharrean, aperitifa moduan bidalketan
- JJ(e)k Jazz Zaharrean, aperitifa moduan bidalketan
- gasteizkeriak(e)k Jazzaldien etorreraz bidalketan
- JM Segurola(e)k Jazzaldien etorreraz bidalketan
Jazzaldi patateroaren alde txarrak, eta baita onak ere (eta II)
Atalak: Sailkatugabeak
Adi¡¡: Gasteizko Jazzaldiak dagoeneko badauka bere emanaldi arrakastatsuena¡¡
Baina, ez egin kasu haundirik inork pentsarazi nahi badizu Melody Gardot izan dela (orain arte bederen) Jazzaldi patateroaren garailea. Edo, hobeto pentsatuta: bai sinetsi iezaiozu . Zeren eta, azken finean, artista horrek ez zuen baino eskaini jaialdi honen ikuslego eta antolakuntza tristeak atsegin dutena: musika errezaz osatutako unetxo bat (ordu t´erdi gehinez jota, ez pentsa), txaloz jarraitu ahal den erritmo irentsigarria eta dantza egiteko artistarengandiko baimena.
Modaren ikurra izatera deituta zirudien Gardot hau abestera bideratu omen zuen zoritxarreko istripu batek. Eta, egia esanda, era ez oso zintzo batean, saldu nahi izan digute abeslari honek jazzaren dama haundien taldean sartu ahal izateko betebehar guztiak betetzen ari zela. Baina, Melody Gardotek american show eta entertaintment delakoaren ikurra bihurtzen ari dela baino ez zuen erakutsi, emanaldi zapuzgarria eskainiz erabat zoratutako ikuslegoari. Lan horretan Mendizorrotzan ikusi eta entzun ahal izan dugun saxo jotzaile hutsenak lagundu zion.
Gardotek europan musika ulertzen den era goraipatu bazuen ere, eskema amerikanoetan mugatu zuen bere eskaintza. Jacky Terrassonen taldeak, berriz, eskaini zuen era europear batean ulertutako musika amerikarra. Eta pozik nago, zeren eta aurreko egunetan idatzitako sarreretan aurrikusitako Jazzaldiaren alde onak gauzatu baitira. Bejondeiola sormen artistikoari eta musikaren osasunari.
Asteazkeneko lehen zatian ez ziguten hutsik egin talde horretako kideek. Horien artean, Cécile Mclorin-Salvant abeslari gaztea (25) aipatu behar da ezinbestez. Estatu Batuetan jaioa, ama frantsesa eta aita Haitiar dituen bitxi hau Billie Hollidayri keinu zintzoak egiten dizkion ahots eder baten jabea da. John Lennonen “Oh my love” hunkigarri baten bidez agertu ziguna. Cécilek bai benetako aitormen zintzoa egiten die jazzaren historiaren zehar izandako dama haundien ahots zoragarriei.
Jacky Terrassonek piano jotzaile erritmikoak oso proiektu borobila jorratu du “Gouache” izenarenpean. Bere emanaldian ez genuen ezer faltan bota, ezta soberan ere. Indar erritmikoa, sormenaren aberastasuna, une lirikoak (“Mother” abestia Stéphane Belmondoren fliskornioarekin mundiala izan zen). Emaitza hori lortzeko, Terrassonen gidaritzapean gogoz aritu zieren taldekide guztiak, batez ere Michel Portal baionarra. Hamaika guduetan borrokatu duen honek, klarinete baxuaz, gehien bat, eta saxo sopranoz armaturik, zera irakatsi zigun: pieza zentzudunak eta pollittak jorratzeko ez dira nota ugari erabili behar, baizik eta erabiltzen direnak zentzuz jarri.