Gorka Gonzalez de Zarate
Euskadiko Jazzaldien denboraldia hastear denean, zuzeneko emanaldien inguruko iruzkinak, gogoetak, nahiak eta hasarreak adierazteko txokoa duzue hau. Gasteiztik idatzita gaiztakeriren bat ere kontatzen saiatuko naiz. Guztia musika kreatiboaren inguruan: batez ere, Jazza.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- JM Segurola(e)k Jaietan ere musika entzuteko aukera bidalketan
- gasteizkeriak(e)k Jazz Zaharrean, aperitifa moduan bidalketan
- JJ(e)k Jazz Zaharrean, aperitifa moduan bidalketan
- gasteizkeriak(e)k Jazzaldien etorreraz bidalketan
- JM Segurola(e)k Jazzaldien etorreraz bidalketan
Jazzaldia amaitu da. Gora Jazzaldia¡¡
Atalak: Sailkatugabeak
Gasteizko Jazzaldiaren 37. edizioa amaitu da eta Donostiako Jazzaldiari ekin baino lehen, hausnarketarako une dugu hau. Gure Jazzaldi patateroaren azken egunak kontrajarritako gogoetak eragin dizkit: egun horretan bi musikari bikainen taldeak aritu ziren Mendizorrotzako taularen gainean. Lehen zatian, Chick Corearen azken proiektua: “The Vigil”. Bere hitzetan aldez aurretik inoiz jorratu ez duen eta entzun izan ez dugun musika egiten duena. Bigarren zatian, Paco de Lucia flamenkoaren maisuaren talde bikaina, besteen artean, honako musikari dotore bezain aparte hauek lagunduta: Piraña perkusio eta kajoi flamenkoa, Alain Pérez baxu elektrikoa; Antonio Serrano armonika eta teklatuak, Farru konpasa eta dantza flamenkoa.
Talde bakoitzaren emanaldiak ederrak izateaz gain, hirugarren saio bat gozatzeko aukera izan genuen: Chick Corea taularatu zen Paco de Luciaren taldearekin bat egiteko pianoan. Elkarrekin Paco de Luciaren “Entre dos aguas” (1976) eta Chick Coreak konposaturiko “Spain” (1972) jo zituzten.
Jendez gainezka zegoen kiroldegiak ia lehertu arte dantzatu zuen jaialdiaren amaiera zoro batean.
Ezin ukatu ondo pasa genuela. Ezin. baina lasaiago ikusita, sortzen zait kezka hau: hau al da jazzaldi batengandik espero behar dugun emaitza? Chick Coreak egin zigun eskaintza ez da batere berria berak kontrakoa sinestarazi nahi bazigun ere. Are gutxiago, bere azken proiektuetan Corea unibertsotik atera ezinik dabilen artista honek Return to Forever talde mitikoaren kutsu nabarmena darion beste taldea eratu digu, kitarra, saxo eta guztiz. Eta ezin ukatu musika hori atsegin dudala. Nola bada musika horrek jazzaren ateak ireki zizkidanean?
Hala ere, zergaitik ari gara arras ezagunak ditugun hautsak etengabe harrotzen? Zergatik ez ditugu bide berriak esploratzen? Ez al dugu esaten Miles Davis miresten dugula? Miles Davisek ez zuen egokia ematen jorratutako zer edo zer berriro jorratzea; aurrera egiten baitzuen etengabe.
Aurtengo Jazzaldia amaitzeko artistek hautatu zute 70.ko hamarkadean idatzitako bi abesti: Luciak gehien saldutako disken zerrendetan flamenkoa jarri zuena eta Coreak Joaquin Rodrigoren “El Concierto de Aranjuez”en lehen mugimenduak hasiera ematen dion konposizio zoragarria.
Finean, berrogei urte egin genuen atzera. Har dezagun Donostiako Jazzaldirako bidea.