Gasteizkeriak
Hasiera » Sailkatugabeak » Badatorkigun Jazzaldi patateroaren gauza onak (I)
Uzt15 0

Badatorkigun Jazzaldi patateroaren gauza onak (I)

Atalak: Sailkatugabeak

Gaurko iluntzean Gasteizko Mendizorrotzako kiroldegiko ateak zabalduko dituzte Jazzaldiaren beste edizio bati ekiteko, 37.a, larunbaterarte luzatuko dena.
 
“Garai latzetarako musika ona” lelo tristearenpean iragartzea otu zaie aurten antolatzaileei, eta , egia esanda ez da lelo desegokia, triste eta lekuz-kanpoko eskatu ez diren justifikazioak erabilita saltzen ari den jaialdi honetarako. Jazzaldi honek hiri honetan egiten diren beste hainbat ekitaldirekin (eta ez soilik ekitaldi musikalak) antza haundia du. Horietan hainbatetan ausardia falta kezkagarria nabaritzen da.
 
 
 Flamenkoaren erregea.
 
Argi geratu behar da, lehenik eta behin, aurtengo jazzaldiko era tristean saldu nahi izan den egitarau honek oso artista interesgarri batzuk dauzkala barruan. Gaur horiek aztertzera dedikatu dut idatzia. Adibidez, inongo musikazalek galdu behar ez lukeen artista (hitz borobilez eta harrotasunez idatzita) baten ekitaldiak burutzen du Jazzaldia: Paco de Lucia maisuarena, hain zuzen ere. Ohorea da ikuslegoarentzat halako maisu bat izatea gure artean. Bera izan da flamenko musika herrikoia tabernetatik eta aberatsen ospakizunetatik munduko musika aretoetara eraman duen artista nagusia. Bere aitak bera eta bere anaia Ramón irakatsi zituen kitarra jotzen. Aita amaitezineko jauntxoen ospakizunetan kitarra jotzeko ogibidea zuen eta bere semeak irakasten zituen bitartean mundu horretatik aldentzea bultzatzen zituen ere, musikaz era zintzo batean bizi ahal izatea haiek bideratzeko. Niri bost axola antolatzaileek ikuslegoa erakartzeko bota duten amua, hau da, Paco de Lucia Chick Corearekin batera jotzeko ekitaldia. Maisuaren musikaz gozatzera joango naiz, inolako aurreiritzirik gabe. Eta ziur nago gozatuko dudala kitarra jotzailearen indarraz zein sormenaz.
 
 
Sortaldeko aireak.
 
Esan dudan bezala, badago hainbat gauza interesgarri egitarauan. Mendizorrotzako taularen gainean arituko direnen hartean, honako hauek azpimarratuko ditut soilik: asteazkenean, hilak 17, eta egun horretako lehen zatian, 21:00etan, Ibrahim Maalouf Libanoko trompeta jotzaileak “Wind” bere azken lana aurkeztuko digu. René Clair ‘La Proie du Vent’ filmaren soinu-banda izateko konposatua da hori eta izugarri ona da. Berarekin batera arituko diren musikarien artean Mark Turner saxo-jotzailearena eta Larry Grenadier baxu-jotzailearena aipatuko nituzke, batez ere.
 
Beste aldetik, osteguneko lehen zatian ere, gure artean normalean entzuten ez dugun jazza, Frantzian jatorria eta bertan eta Estatu Batuetan bizitokia duena, alegia, entzuteko aukera paregabea izango dugu eta guztiz gomendagarria da. Gogoratu behar dugu herrialde horrek oso tradizio luzea daukala musika honetan. Hasiera batean bi mundu guduetan borrokatzeko estatubatuarrek eraman zuten jazza Frantziara eta gero bere herrialdean arrazakeriatik ihesean bertara bizitzera joan ziren musikari beltzek. Egun horretan Jackye Terrassonek “Gouache” bere azken lana aurkeztuko digu, eta berarekin batera, Stephane Belmondo tronpeta jotzailea, Cecile McLorin Salvant abeslaria eta Michel Portal musikari euskaldun-Baionarra. Behintzat, zer edo zer desberdina, neurri batean.
 
 Amaitzeko, antzokia.
 
Horretaz aparte ezer gutxi ona daukat esateko Mendizorrotzan arituko diren beste artista tristeen inguruan.  Hobe Printzipal Antzokiko besaulkietara jotzen badugu, XXI. Mendeko Jazza delakoaren egitaraua ikustera. Bertan ekitaldi guztiak gomendagarriak badira ere Antonio Sánchezenarena aipatuko dut, non “New Life” bere azken lanaren berri emango digun.
 
Ez dut oso ondo ulertzen Javier Colina kontrabaxu jotzailearen parte-hartzea aurtengo “Konexioak” delako atalean, Mendizorrotzako taularen gainean jotzeko gauza da. Javier Colina nafarra egungo europako kontrabaxu-jotzaile interesgarrienetakoa dugu.  Azken hilabeteotan argitaratutako  bere lanak dira bere indar kreatiboaren adierazle (Besteen artean, “En la imaginación” Silvia Pérez Cruz abeslariarekin; “Flamenco Reunion” Marc Miralta bateria jotzailearen gidaritzapean). Horrez gain hainbat formazio ezberdinetan bikain aritzeko  bere etengabeko malgutasuna adierazteko ahalmenak harritzen nau. Duela urtebete aukera izan nuen hirukotean entzuteko Madrileko Café Centralean Perico Sambeat saxo-jotzailerakin eta Marc Miralta bateriarekin batera (CMS hirukotea) eta izugarri ondo egon zen. Javier Colina parte hartzen ari da egun estatuan egiten ari diren jazz proiektu interesagarri gehienetan eta aurtengo Jazzaldian Kirk Lightsey piano jotzailearekin arituko da gaur arratsaldean, Prinzipal Antzokian.
 
https://www.jazzvitoria.com/eu/programa/mendizorrotza#
http://www.jazzvitoria.com/es/programa/teatro-principal
 
 

Iruzkina idatzi Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gorka Gonzalez de Zarate

Euskadiko Jazzaldien denboraldia hastear denean, zuzeneko emanaldien inguruko iruzkinak, gogoetak, nahiak eta hasarreak adierazteko txokoa duzue hau. Gasteiztik idatzita gaiztakeriren bat ere kontatzen saiatuko naiz. Guztia musika kreatiboaren inguruan: batez ere, Jazza.

Azken bidalketak

  • Berriro Gregory Porter
  • Jaietan ere musika entzuteko aukera
  • Jazzaldia amaitu da. Gora Jazzaldia¡¡
  • Amaierako bidean
  • Jazzaldi patateroaren alde txarrak, eta baita onak ere (eta II)

Iruzkin berriak

  • JM Segurola(e)k Jaietan ere musika entzuteko aukera bidalketan
  • gasteizkeriak(e)k Jazz Zaharrean, aperitifa moduan bidalketan
  • JJ(e)k Jazz Zaharrean, aperitifa moduan bidalketan
  • gasteizkeriak(e)k Jazzaldien etorreraz bidalketan
  • JM Segurola(e)k Jazzaldien etorreraz bidalketan

Artxiboak

  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina

Kategoriak

  • Sailkatugabeak

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA