Euskaldun zintzoen habanerak

Imanol Epelde
0

(BERRIArako idatzia)

Ez dut kenduko pultsera. BECera sartzerakoan jarri ziguten. Lanzaroteko hoteletan bezala. Baina ez ziguten esan noiz kendu. Ahaztu egin zitzaien hainbeste oharren artean. Harrigarria nola bete genituen denak. “Ez erre, mesedez”. Eta bertsolariek ere kasu egin zieten. “Ahalik eta gutxien mugitu, mesedez”. Eta bati motxilatik zerbeza lata bat ateratzea, mugimendu debekatu eta ezinezkoa egiten zitzaion. Txalo zaparraden zain latak irekitzeko. Euskaldun zintzoen baladak abestu genituen. Habaneran.

Esku bertsozaleaIgandeko mezetara gindoazen inpresioa izan nuen. Ez formalidadeagatik bakarrik. XXI. mendean gordetzen dugun euskal errito bakarrenetakoa baita auzolan inbidiagarriz antolatutako bertso-finala, Leroy Merlin, McDonalds eta IKEAk gotortutako BEC koadrikulatuan. Terapeutikoa da oso finala euskaldunon nortasun krisiak gainditzeko, sinesmena indartzen du Ortzi jainkoan, taldetasuna elikatzen, negar egitera eraman zaitzake eta kantuan ere jartzen zaitu. Orain zutik, orain eserita. Elkarri maite dugula esaten. Orain, maitasuna da bide bakarra. Badakizue.

Aurtengoa halere, ederra bai baina motela iruditu zait. Goiza ukitzeko modukoa: lodian leun, tentsioz gainkargatua. Ezustekorik gabe, eguna lehertuko zuen danbatekorik gabe, aurreikusitako gidoia idatzi zen. Irabazten hasita ezin izan zuen Amets Lujanbiok irabazi. Ez baitago 22na egiterik jolasa baino gehiago jokoa nagusitzen den kirolean. Nik koadrilakoekin egindako porran Beñat Gaztelumendi jarri nuen txapeldun. Ez baita notizia Ametsek txapela irabazi izana.

Hemendik lau urtera izango dira sorpresak. Amets ikusten dut txapela defenditzen baina gainerako guztiak berriak izango dira. Pentsio planik gabe jubilatuko direlako aurtengo finalista asko. Beñat izan ezik. Martxa berean, minimalismora makurtutako gai tragikoek jarraituko dute 4 urte barru ere, oraindik eta minimalago. Irudikatzen dut Amets txapela defenditzen, hitz bakarreko gaiak entzuten: “Badator” edo “Bego” edo “Biz”. 3 bertso nahi duzun neurri eta doinuan.

Edo ez. Finala jokatu daiteke neguan izan beharrean udaberriko hego haizetan, tragediatik baino komediatik gertuago, BECen izan beharrean Nafarroako Erriberako lautadaren batean, mauka motzetan eta txankletetan, kartzelako lanik gabe, sarrera doan, transzendentzia guztiak kenduta, umoretik eta irribarretik. Serioegiak izateko tentazioetatik urrun.

Bitartean, euskara salbu ikusi edo ez, bizarra mozten segituko dut. Baina ez dut kenduko pultsera. Beñatek txapela jantzi artean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA