Goizeko hamarrak dira, eta errelebo txanda bakoitzean egin bezala, langileak asanbladan batzartu dira. Adi daude, lantegiaren nagusiek eta Martín Villa Harreman Sindikalen ministroak euren eskakizunen aurrean zer erantzun ote duten. Aurrerabiderik ez. Greban segi behar. Beste egun bat… eta horrela ehun arte.
Lasarteko Michelinen 1976an egindako “ehun eguneko greba” herri hartako jende obreroaren imajinarioan geratu da, eta 50 urte geroago, hori gogoratzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte egunotan.

Urteurrena gogoratzeko antolatutako ekitaldiak aurkezteko prentsaurrekoa Lasarte-Orian. Argazkia: Noaua
Oinarrizko gauzak eskatzen zituzten, adibidez, 45 orduko lan astea. Enpresariek neurriak hartzen zituzten langileak ez zitezen antolatu: sekzio batekoek ezin zuten beste batekoekin harremanik izan, esaterako. “Soldaduskan bezain ordena zorrotzak dira Michelinen”, irakurri dugu Irastortzak sinaturiko ARGIAren orduko kronikan –argazkiak ez du sinadurarik, garai hartako ARGIAko kazetariren batek edo kolaboratzaileren batek ateratakoa izan liteke–.

Baina nabe industrial horietatik kanpo, asanbladen bidez, hamaika mobilizazio eta elkartasun ekimen egin zituzten. Akaso horregatik bidali zuten Guardia Zibila martxoaren 13ko asanblada erasotzera –egun batzuk lehenago Gasteizen edo Basaurin poliziek egin bezala–.
Artikulu hau zabaltzen duen argazkian, lehen lerroan emakumeak ere ikusten dira; haiek egin zieten aurre guardia zibilei egun hartan, eta ondorioz hainbatek Donostiako komandantzian amaitu zuten.
Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkia: ARGIAren Fototeka


