Petronorren izandako isuri baten ondorioz, Abantoko Las Carrerasko auzotarrek buruko mina eta zorabioak izan zituzten hainbat egunez 2012ko martxoan. Kexu ziren, bentzenoaz gain atzeman ziren beste 170 konposatu kimikoak neurtzekorakoan Eusko Jaurlaritzak “tranpa” egin zuelako, “gertatutakoari garrantzia kentzeko”. Galdera ere egin zioten administrazioari, baina handik urtebetera hedabide honetako kazetari Unai Brea gaia lantzera joan zenean, erantzunik jaso gabe zeuden. Ordukoa da Axier Lopezen goiko argazkia, erreportaje hartan azkenean argitaratu gabe geratutakoa.
Findegia 1968an eraiki zuten bizkaitar oligarkiako familiek Muskizen (Bizkaia), eta bere historia hodei toxiko batek estali izan du hasieratik, nahiz eta enpresak beti esan duen ingurumenaz eta “hibaira (sic) doazen uren garbitasunaz” –1976ko hemerotekan irakurria– arduratzen dela.
Minbizien eta bestelako gaixotasunen tasa altuagoa da Meatzaldean. Baina aurtengo otsaileko azken bentzeno isuria dela-eta azalpenak ematerakoan, Osasun Publikoko arduradunak Eusko Legebiltzarrean ziurtatu du ez dagoela “inolako ebidentziarik” tasa altu hori Petronorren jarduerarekin erlazionatzeko. Hala, Abanton eta Muskizen azterketa epidemiologiko zehatza egin beharrean, legebiltzarrak –EAJren eta PSEren ekimenez– hobetsi du Jaurlaritzari eskatzea herritarren artean “bizi-ohitura osasungarriak” sustatu ditzala. Beraz, badakizue, ariketa pixka bat egin ondoren, eseri eta hartu arnasa lasai.
Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkia: Axier Lopez / ARGIA CC-BY-SA


