Itzalon
Hasiera » Auzoko zineman » Sator zulotan
Ots04 0

Sator zulotan

Atalak: Auzoko zineman

Higinio, argiari begira. Rosa, haren atzean.

Andoni Imaz Pozueta

Imajinazioaren bazka etengabea da zinema. Ezagunaren mundutik kanpoko hori iruditan etxekotzeko tresna; bizi izan gabeko garaien erretratu roboten egilea, hura ulertzen saiatzeko. Lubaki hitzarekin gertatzen zait hori. Ezin dut duela ehun urteko gerra zuloetan pentsatu Paths of Glory pelikulatik kanpora. Frantziako armadako soldadu gizajo horiek hesitu zuten Gerla Handiaren iruditeria neure gogoan. Mireau jeneralari jarraituz filmatutako travelling luze horietan ezagutu nituen gizagabetasunaren pasillo amaigabeak, lubaki infinituak.

Odolik gabeko film antimilitarista bat egin zuen Stanley Kubrickek, abertzaletasunaren aurkako mezu zuzenarekin, eta gerra baino handiagoa den zerbait azaldu zuen: gizakiaren ankerkeria. Gerrako istorio bat, bertatik bertara kontatua: lubakietako abentura belikoa eta auzitegiko drama judiziala.

Abiapuntu bizia, zirraragarria dauka Moriarti etxeko zinemagileen La trinchera infinita filmak. 1936ko gerraren ustela usain daiteke Andaluziako herri baten kanpoaldeko putzuaren uretan. Higinio (Antonio de la Torre) jarraitzen du kamera urduriak, harik eta zulora sartzen den arte. Putzua bezain itogarria eta hilgarria izan daiteke zulo berri hori: etxea.

Mugimendua eta tentsioa, biak bat dira filmaren hasieran. Mugimendu handirik ez dago, ordea, satorra lur azpira sartzen denez geroztik. Tentsioak jarraitzen du, giroan, lekuetan, pertsonaiengan. Higinioren eta Rosaren (Belén Cuesta) begirada indartsuek eutsi behar diote larritasun giroari.

30 años de oscuridad (Manuel H. Martín, 2011) dokumentalak animazioarekin jantzi zituen pasarte ilunei argi egin diete La trinchera infinita-n. Ezkutukoen bizipenak erakutsi dituzte; bere buruaren preso eta kartzelari bilakatzen den gizonaren ezinak. Askatasunik gabeko bizialdi bat, egunen batean aske izateko ametsak gidatua. Kosta egiten da 30 urtez baino gehiagoz ezkutatzeko arrazoiak ulertzea, baina sentimendu gutxi egongo da beldurra baino indartsuagoa denik. Zenbaitetan, beldur horrek bat egiten du nolabaiteko eromen kolektibo batekin, eta batzuek —heroiek— aurreraka egiten dute ihes. Satorrek, ez; satorrak ez dira heroiak.

Jesús Torbadok Los topos liburua argitaratu zuen 1977an, Manu Leginetxerekin batera. Haren ustean, «emakume heroikoak» zeuden sator bakoitzaren bizipenetan: «Emazteek, neska lagunek edo arrebek eramaten zizkieten janaria, arropa, tabakoa, gauzarik oinarrizkoenak. Ezkutalekuan gaixotzen zirenean, haiek medikuarenera joaten ziren, eta gizonen sintomak ahalik eta ondoen antzezten zituzten, sendagaiak eramateko».

Higinio eta Rosa, bien bizitzarekin akabatu du itxialdiak, biak daude arnasarik hartu ezinda. Bahitua eta zaindaria dira, baina nor da nor?

Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga ere zulora sartu dira filmean, erabaki dute barrutik kontatzea dena, barrukoa zein kanpokoa. Filma ez baita ari soilik sator zuloaz. Bi zati nabarmen ditu: aurrena, itxialdia, barruranzkoa; bigarrena, tentazioa, kanporanzkoa. Eguzkia ere ageri da orduan. Higinio kanpokoa ikusteko gai da —postarien istorioaren moduko amarruei esker—; ezer ez da lehen zena, bukatu da garai bateko aztoramena, eta kontsumoak gizartea harrapatu du. Ordurako, istorioak historia jana du pelikulan. Kontakizunak konkretutik abstraktura egindako bidean, gerrari buruzko filma beste zerbait da azkenerako —ez zen alferrik aritu Luiso Berdejo Goenagarekin batera idazten—.

Halere, hor daude Andaluziako herri txikiko etxe zapalen paretak, mihise zuriak satorrarentzat, lubakietako ilunak ahazteko, eta bere buruari sinetsarazteko egindakoak merezi izan duela.

Higinio, itzalean gordeta. Rosa, haren aurrean.

Gorka Erostarbe Leunda

Novecento filmaren azken sekuentzian, Robert De Nirok antzezten duen Alfredo lur-jabe eta nekazarien ugazaba attonduak bere buruaz beste egitea erabakitzen duenean, lurretik ateratzen ari den sator baten irudia txertatzen du Bernardo Bertoluccik. Lur azpitik atera nahi du satorrak, iluntasunetik ihes egin, askatasun bidean jarri-edo. Halatsu Alfredok ere, heriotza hautatuz.

Gauzak zer diren, Andoni. Munduko miserietatik ihes egiteko sartzen gara sarri zinema aretoan, gure auzoko Itzalon honetan. Satortu egiten gara, gizaki izatearen zamak erauzi nahian. Sator zulo ederra da oraindik ere zinema aretoa. Galbidean den sator zulo honetan ikusi ahal izan nuen La trinchera infinita neuk ere. Ez nuen zorte bera izan Novecento-rekin. Unibertsitateko ikasle garaian ikusi nuen aurrenekoz, 90eko bigarren erdian. Telebistan orduan ere. Oroitzen dut ikusi ikusi nuela, baina ez gozatu. Klase gatazkak eta sozialak arrotz zitzaizkidan orduan, urrunekoak sentitzen nituen. Xaloak ginen, garai hanpatuak ziren ekonomikoki, jakin gabe ere, petitburgeskeriatan lanbrotzen ginen. Asteburuon ikusi dut berriz ere, telebistan berriz ere. Modu desberdinean erasan nau. Erasan nau, eta ez da gutxi hori.

Zinema nahiz bestelako arte adierazpideak distrakziorako, ebasiorako edo uneko dibertsiorako darabiltzagu oroz gain, egun; kontsumitu egiten dugu, ez bizi, ez partekatu. Kosta egiten zaigu minutu eskas batzuetatik haragoko kontzentrazioa eskatzen duten ariketa mentalak egitea ere. Alde horretatik badute parekotasunik nola Novecento-k hala La tinchera infinita-k. Biek ala biek eskatzen dute arreta gutxieneko bat denbora jakin luze samar batez. Hiru ordutik gora irauten du gipuzkoarren lanak, bostetik gora italiarrarenak. Satortuta ikusi nituen, eta harro nago horretaz, zergatik ez esan!

Bada beste elementu bat bi filmek partekatzen dutena iraupenaz eta sator zuloaz harago, eta ez da kontu kosmetiko hutsa. Film bakoitzeko bi pertsonaia nagusiek urte askotako joanaren higadura pairatzen dute, eta higadura hori erakusten dute filmean, aktorez aldatu gabe. Zahartzaroaren efektua lortzeko darabilten makillajeak, ordea, ageriegi uzten du zimur faltsuen kartoizkotasuna. Ez nituen pertsonaiak ikusten. Ikusten nituen Robert De Niro eta Gérard Depardieu mozorrotu batzuk, Antonio de la Torre eta Belén Cuesta makillatu batzuk. Eta, hara! Izan ez da bada La Trinchera infinita makillaje onenaren Goya sarirako hautagai! Ez dugu filmaren balioa sari horien arabera legitimatuko, baina ez zegoen izendapen horretarako beharrik ere. Alde handiz da Moriartikoen lanik osoena, sekuentzia luzeegi batzuren ekarpen motza, halako korrekzio formal bat eta makillajea ditu lasta, baina filmak ondo egiten du aurrera, eta ondo biziarnasten dugu satorraren itomena, askatasun faltaren klaustrofobia, eta askatasun beldurraren agorafobia.

Asko izan dira leku itxi txiki batean ezin irtenik dagoenaren istorioak kontatzen dituzten filmak. Rodrigo Cortésen Buried-ek desasosegu galanta sortu zidan auzo zinema honetan bertan, baina beste sakonera bateko kontua da La trinchera-k dakarrena.

Satorrak lur azpitik ateratzen dira aldika, arnas bila. Izibene Oñederraren Lursaguak (2019) animazio lan itzeleko satorrek transgresio arnas ufada dakarte. Merezi du haiei ere kabitxo bat egiteak. Itzalonen jarraituko dugu satorturik topo egiten…

Jatorrizko izenburua: La trinchera infinita

Zuzendariak: Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga

Gidoilariak: Luiso Berdejo eta Jose Mari Goenaga

Editoreak: Laurent Dufreche eta Raúl López

Argazki zuzendaria: Javier Agirre Erauso

Musikagilea: Pascal Gaigne

Aktoreak: Antonio de la Torre, Belén Cuesta, Vicente Vergara, José Manuel Poga eta Emilio Palacios

Ekoizleak: Irusoin, Moriarti Produkzioak, La Claqueta PC eta Manny Films

Herrialdeak: Euskal Herria, Espainia eta Frantzia

Iruzkina idatzi Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Gorka Erostarbe eta Andoni Imaz

Gure auzoko zinema aretoa zen Itzalon. Aspaldi itxi zuten, baina horrelako aretoen espirituak bizirik jarraitzen duela uste dugu. Eta hori berreskuratzea da blog honen funtsa: zinemaz hitz egitea, auzotik auzora.

Azken bidalketak

  • Samuraiak denbora berri baterako
  • Su handitako zopa
  • Sator zulotan

Iruzkin berriak

    Artxiboak

    • 2020(e)ko maiatza
    • 2020(e)ko martxoa
    • 2020(e)ko otsaila

    Kategoriak

    • Auzoko zineman
    • Butak21 zinekluba
    • Telebista

    Meta

    • Hasi saioa
    • Sarreren jarioa
    • Iruzkinen jarioa
    • WordPress.org

    ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA