Bogako daude hizkera enfatikoa, titular epatentea: goazen bada: azken hilabeteetan ikusi dudan film borobilena da, durduzagarriena, barrenak gehien astinarazi dizkidana, barne asaldura zein identifikazioa sorrarazi dizkidana:O que arde. Ez Parasite —jakina, zail da ikusi ezean, eta oraindik ez dut ikusi— ez Joker, ez The Irishman, ez Dolor y gloria, eta ezta 1917 edo La trinchera infinita ere. O que arde da barne-sutan jarri nauena.
Ez naiz hiperboletan ari, Andoni! Ez modu kontzientean behinik behin. Mami-mamiari erreparatuta, kontu batek lortu du ni limurtzea beste ororen gainetik: landa guneko jende xumea, mundu osoarentzat pertsonaia anonimoak direnak, inolako gurasokeriarik gabe, idealizaziotik urrun, baina humanizazioari aukerarik kendu gabe, enpatiari bide eginez gorpuztu izana, Aki Kaurismäkik edo Ken Loachek bere pertsonaiekin egin dezaketen modu bertsuan, baina Lugoko mendi haran eder, gordin eta zail batean kokaturik.
Amador —ez da debaldekoa izena— espetxetik aterako da baso bati su emateagatik jasotako zigorra beteta, eta ama Benedictaren —ez da debaldekoa izena— etxera itzuliko da, mendiko baserri galdu batera; lehenagoko bizimodua berreskuratuko du. Behiak zainduko ditu, ama zainduko du; eta auzotarren —gizonezkoena batik bat— arbuioa jasoko du. Amaren hitzak dira filmari darion humanismoaren adierazgarri behinena: «Sufriarazten badute, sufritu dutelako da». Eta ildo beretik datoz Oliver Laxe egilearen hitzak ere: «Baldintza horietan hezi diren giza-semeek ez dute baliabide afektibo nahikorik behar eta nahi duten maitasuna jaso eta emateko. Eta, halere, asko ematen dute. Amadorrek asko ematen du, eta enpatia diot landa guneko jende xume horri».
Eta jakina da eror gaitezkeela landa guneko bizimolde erdiz basati erdiz aske usteko horrekiko lilura ilusoan, edo are urbanitaren begirada gurasokeriazkoan, folklorizazioan bezala idealizazioan, edo kontrara, epaile lan gupidagabean; baina apenas igarri dut halakorik Laxeren lanean. Badago ezagutza —Parisen jaio arren, haran horretan hezitakoa da zinemagilea—, usaindu egiten dira parajeak, usaindu eta ukitu baserri barruko lanak, janariak, bakardadeak eta poz ttikiak. Egilearen hitzak neure eginez esango dut, «salda edo zoparen gisako zinemaren» aurrean gaudela, ez fast food eta ezta gourmet coolentzako belugarik ere.
Zopa zinema. Uste dut primeran ulertzen dela kontzeptua. Herrikoia da, goxoa, beroa eta aterpea iradokitzen dituena. Haren bueltan jendea biltzen da; komunitatea egiten da. O que arde-k komunitatea egiten baitu, bestela galde diezaietela Os Ancares bailarakoei. Bertakoei erakutsi zieten ia lehen aldikotz filma, eta baita gustura hartu ere haiek. Autore zinemaren tradiziotik edaten du Laxek; hala aitortzen du berak ere, abangoardien jarraitzaile eta ezagule izatetik datorrela, baina narratzailearen edo istorio kontatzailearen pultsua ere nabari zaio, Galiziako ahozko literaturaren iturritik oparo edan duela. Horrenbestez, autore lana izanagatik ere, ez da itsukeria intelektual batean amildu. Zeren eta Xabier Gantzarainek oraintsu Berria-n idatzi bezala, egia baita sortzaileak zenbaitetan alde egin behar duela errealitatearen ingurumaritik nolabait errealitateari berari ertz gehiagotatik heltzeko, baina egia baita era berean, joera ohiko samarra bihurtu dela kreadoreen artean —batez ere zineman eta arte garaikidean— aldentzearen aldentzez ia bihurtzea halako autismo intelektual baten satelite isolatu.
Zinemari ekarpenik egiten dion ezin esango nuke ziur-ziur, nahiz nagoen baiezkoan, baina komunitate edo jendarte bati egiten dio, inondik ere. Eta hori zerbait baino gehiago da.
Ah, eta last baina ez least, galizierazko filma da, eta ez zait batere aukera kaxkarra begitantzen, arnas zein azal berritan den galizierako zinema uholde berrian barneratzen joateko. Laxe: «Gure aurrekoek Madrilen zituzten erreferenteak, Espainiako zineman. Guk gehiago begiratzen dugu Portugalera edota Europako joera berrietara, guretik, eta galizieraz». Bestetik, ez al da bitxia kuantomenos, zein suhar agertzen garen Kataluniatik datorrenarekiko eta zein ezaxolati Galiziako mugimendu, sorkuntza eta enparauekiko. Horrek berak sortarazten dit sinpatia haiekiko.
Denok daramagu su bat barruan; film honen sutan erreko naiz berriz ere.
To, zopa zinema!
Benedicta eta paisaia biak bat dira, modu organikoan ia.
Andoni Imaz Pozueta
Gutxitan izaten dut adorea pelikula bat birritan ikusteko zineman. Nahi baino gehiagotan katigatzen nau sasoian sasoiko eztabaiden eta juzgu azkarren berri jakiteko grinak, eta ikusitako filmen zerrendan izen gehiago pilatzera jotzen dut normalean. Noizean behin, ordea, parean tokatzen zait film berera joan-etorriko bidaia egiteko aukera, Butak21 zineklubaren emanaldietan, batez ere. Horietako batean berrikusi dut O que arde, Bergarako Seminarixo berrituan hari begira kiskali eta hilabete gutxira.
Ez dakit bi ikustaldi horietakoren batean sentitu ote dudan zu astindu zintuen adinako zirrararik, Gorka, baina irudien edertasunak liluratu ninduen hainbat pasartetan. Oliver Laxe zuzendariak esana du filma hiru zatiko sinfonia bat dela; lehen eta azken sekuentziek indar izugarria dute. Bizitza eta suntsipena parez pare ageri dira: makinaren eta zuhaitzaren dialektika hasieran, eta suak hartutako basoa bukaeran.
Laxeren kontatzeko modu liriko horretan, suak filmaren metrajea bera erretzen du; ustekabean agertzen da, moztu egiten du narrazioa, eta protagonismoa ebasten dio Amadorri.
Zinema eta sua, zinema eta natura, estu lotu ohi ditu zuzendariak, hala azaldu zizun zuri ere, Pasoliniren aipu aproposa erabilita. Azken boladan topo egin dut horrekin jolas egiten duten pelikula batzuekin. Fantasiazkoa da Gräns, baina haren protagonistak naturarekin duen harremana oso berezia da, gorputzekoa. Terrence Malicken lanetan etengabe nabari da gizakiaren eta naturaren arteko lotura poetiko eta transzendentala, Badlandsopera primako inguru askatzaileetatik hasi, eta egun aretoetan dagoen A Hidden Life-ko larreen gaineko plano hegalarietara arte. Naomi Kawasek dolua igarotzeko metafora gisa erabili zuen basoa Mogari no mori-n (2007).
Hain zuzen, eta gurera etorrita, Maddi Barberrek lekuaren beraren dolua egin du 592 metroz goiti (2018) eta Urpean lurra (2019) dokumentaletan. Deseatzen nago ezagutzeko Oskar Alegriaren Zumiriki filmaren zorotasuna —edo Thoreautasuna, behintzat—. Asier Altunak bestelako bide bat hartu zuen Amama-n, eta giza talde batek lurrarekin duen lotura mitiko-sinbolikoari jarri zion pisu gehien.
O que arde-n, gustatu zait ez sumatu izana soziologiarik, errealismorik, kostunbrismorik, mito nazionalik. Pelikularen kartelari begiratuta, Benedicta eta paisaia biak bat dira, modu organikoan ia. Bat nator zurekin, uste baitut horizontala dela pelikulako elementu guztien arteko harremana. Gaiztoak, izatekotan, eukaliptoa eta turismoa dira; oso zentzuzkoak biak ere.
Pertsonaien arteko komunikazioa berotu egiten da negutik udara igarotzean, biziagotu. Edertasun horren guztiaren epelean, neuk ere gustura hartu dut su txikian egositako zopa hori, erosoago sentitu bainaiz Laxeren aurreko pelikulak ikusten baino. Ez nituen ikusi nire desgogara Todos vós sodes capitáns (2010) filmeko formaren bilaketa eta Mimosas-eko (2016) espiritualitate muturrekoa. Halere, biekin izan nuen zopa hotza edatearen sentipena uneren batean; osagai interesgarriak dituzte, baina lanak izan nituen katilua husten. O que arde-ri beste txispa bat antzeman diot —barkatu—.
Laxe zuzendari kutuna dute Cannesko Zinemaldian. Han aurkeztuak ditu hiru film luzeak, ez dauka meritu makala. Nabarmendu duzu galizierazko filma dela, eta zinemagileari berari aditu nion O que arde galizieraz egindako lehenengo filma izan dela munduko zinema jaialdi garrantzitsuenera iristen. Novo cinema galego mugimenduaren kiderik arrakastatsuena da. Gorka Bereziartuak argi azaldu du Galizian pelikulak finantzatzeko eredu aldaketak izan duen garrantzia; O que arde ere Galiziako Gobernuaren diru laguntzei esker abiatu zuten, 2016an, koprodukzioak eta Europako diruak iritsi baino lehen.
Laxe goi zirkuituetan hazia da, baina Galiziako mugimendu osoak erakutsi du iraganeko lengoaiarekin hausteko gogoa, eta hango zinemagileak munduko abangoardian kokatu dira azken urteotan.
Han badugu geure kimuen, loreen eta zuhaitzen atzean irudikatzeko moduko baso bat, bere pizti, bere sasi…
Jatorrizko izenburua: O que arde
Zuzendaria: Oliver Laxe
Gidoilariak: Santiago Fillol eta Oliver Laxe
Editorea: Cristóbal Fernández
Argazki zuzendaria: Mauro Herce
Musikagilea: Xavi Font
Aktoreak: Amador Arias eta Benedicta Sánchez
Ekoizleak: Miramemira, Kowalski Films, 4 A 4 Productions eta Tarantula
Herrialdeak: Galizia, Euskal Herria, Frantzia eta Luxenburgo
Gure auzoko zinema aretoa zen Itzalon. Aspaldi itxi zuten, baina horrelako aretoen espirituak bizirik jarraitzen duela uste dugu. Eta hori berreskuratzea da blog honen funtsa: zinemaz hitz egitea, auzotik auzora.
Su handitako zopa
Atalak: Butak21 zinekluba
«Sufriarazten badute, sufritu dutelako da».
Gorka Erostarbe Leunda
Bogako daude hizkera enfatikoa, titular epatentea: goazen bada: azken hilabeteetan ikusi dudan film borobilena da, durduzagarriena, barrenak gehien astinarazi dizkidana, barne asaldura zein identifikazioa sorrarazi dizkidana: O que arde. Ez Parasite —jakina, zail da ikusi ezean, eta oraindik ez dut ikusi— ez Joker, ez The Irishman, ez Dolor y gloria, eta ezta 1917 edo La trinchera infinita ere. O que arde da barne-sutan jarri nauena.
Ez naiz hiperboletan ari, Andoni! Ez modu kontzientean behinik behin. Mami-mamiari erreparatuta, kontu batek lortu du ni limurtzea beste ororen gainetik: landa guneko jende xumea, mundu osoarentzat pertsonaia anonimoak direnak, inolako gurasokeriarik gabe, idealizaziotik urrun, baina humanizazioari aukerarik kendu gabe, enpatiari bide eginez gorpuztu izana, Aki Kaurismäkik edo Ken Loachek bere pertsonaiekin egin dezaketen modu bertsuan, baina Lugoko mendi haran eder, gordin eta zail batean kokaturik.
Amador —ez da debaldekoa izena— espetxetik aterako da baso bati su emateagatik jasotako zigorra beteta, eta ama Benedictaren —ez da debaldekoa izena— etxera itzuliko da, mendiko baserri galdu batera; lehenagoko bizimodua berreskuratuko du. Behiak zainduko ditu, ama zainduko du; eta auzotarren —gizonezkoena batik bat— arbuioa jasoko du. Amaren hitzak dira filmari darion humanismoaren adierazgarri behinena: «Sufriarazten badute, sufritu dutelako da». Eta ildo beretik datoz Oliver Laxe egilearen hitzak ere: «Baldintza horietan hezi diren giza-semeek ez dute baliabide afektibo nahikorik behar eta nahi duten maitasuna jaso eta emateko. Eta, halere, asko ematen dute. Amadorrek asko ematen du, eta enpatia diot landa guneko jende xume horri».
Eta jakina da eror gaitezkeela landa guneko bizimolde erdiz basati erdiz aske usteko horrekiko lilura ilusoan, edo are urbanitaren begirada gurasokeriazkoan, folklorizazioan bezala idealizazioan, edo kontrara, epaile lan gupidagabean; baina apenas igarri dut halakorik Laxeren lanean. Badago ezagutza —Parisen jaio arren, haran horretan hezitakoa da zinemagilea—, usaindu egiten dira parajeak, usaindu eta ukitu baserri barruko lanak, janariak, bakardadeak eta poz ttikiak. Egilearen hitzak neure eginez esango dut, «salda edo zoparen gisako zinemaren» aurrean gaudela, ez fast food eta ezta gourmet coolentzako belugarik ere.
Zopa zinema. Uste dut primeran ulertzen dela kontzeptua. Herrikoia da, goxoa, beroa eta aterpea iradokitzen dituena. Haren bueltan jendea biltzen da; komunitatea egiten da. O que arde-k komunitatea egiten baitu, bestela galde diezaietela Os Ancares bailarakoei. Bertakoei erakutsi zieten ia lehen aldikotz filma, eta baita gustura hartu ere haiek. Autore zinemaren tradiziotik edaten du Laxek; hala aitortzen du berak ere, abangoardien jarraitzaile eta ezagule izatetik datorrela, baina narratzailearen edo istorio kontatzailearen pultsua ere nabari zaio, Galiziako ahozko literaturaren iturritik oparo edan duela. Horrenbestez, autore lana izanagatik ere, ez da itsukeria intelektual batean amildu. Zeren eta Xabier Gantzarainek oraintsu Berria-n idatzi bezala, egia baita sortzaileak zenbaitetan alde egin behar duela errealitatearen ingurumaritik nolabait errealitateari berari ertz gehiagotatik heltzeko, baina egia baita era berean, joera ohiko samarra bihurtu dela kreadoreen artean —batez ere zineman eta arte garaikidean— aldentzearen aldentzez ia bihurtzea halako autismo intelektual baten satelite isolatu.
Zinemari ekarpenik egiten dion ezin esango nuke ziur-ziur, nahiz nagoen baiezkoan, baina komunitate edo jendarte bati egiten dio, inondik ere. Eta hori zerbait baino gehiago da.
Ah, eta last baina ez least, galizierazko filma da, eta ez zait batere aukera kaxkarra begitantzen, arnas zein azal berritan den galizierako zinema uholde berrian barneratzen joateko. Laxe: «Gure aurrekoek Madrilen zituzten erreferenteak, Espainiako zineman. Guk gehiago begiratzen dugu Portugalera edota Europako joera berrietara, guretik, eta galizieraz». Bestetik, ez al da bitxia kuantomenos, zein suhar agertzen garen Kataluniatik datorrenarekiko eta zein ezaxolati Galiziako mugimendu, sorkuntza eta enparauekiko. Horrek berak sortarazten dit sinpatia haiekiko.
Denok daramagu su bat barruan; film honen sutan erreko naiz berriz ere.
To, zopa zinema!
Benedicta eta paisaia biak bat dira, modu organikoan ia.
Andoni Imaz Pozueta
Gutxitan izaten dut adorea pelikula bat birritan ikusteko zineman. Nahi baino gehiagotan katigatzen nau sasoian sasoiko eztabaiden eta juzgu azkarren berri jakiteko grinak, eta ikusitako filmen zerrendan izen gehiago pilatzera jotzen dut normalean. Noizean behin, ordea, parean tokatzen zait film berera joan-etorriko bidaia egiteko aukera, Butak21 zineklubaren emanaldietan, batez ere. Horietako batean berrikusi dut O que arde, Bergarako Seminarixo berrituan hari begira kiskali eta hilabete gutxira.
Ez dakit bi ikustaldi horietakoren batean sentitu ote dudan zu astindu zintuen adinako zirrararik, Gorka, baina irudien edertasunak liluratu ninduen hainbat pasartetan. Oliver Laxe zuzendariak esana du filma hiru zatiko sinfonia bat dela; lehen eta azken sekuentziek indar izugarria dute. Bizitza eta suntsipena parez pare ageri dira: makinaren eta zuhaitzaren dialektika hasieran, eta suak hartutako basoa bukaeran.
Laxeren kontatzeko modu liriko horretan, suak filmaren metrajea bera erretzen du; ustekabean agertzen da, moztu egiten du narrazioa, eta protagonismoa ebasten dio Amadorri.
Zinema eta sua, zinema eta natura, estu lotu ohi ditu zuzendariak, hala azaldu zizun zuri ere, Pasoliniren aipu aproposa erabilita. Azken boladan topo egin dut horrekin jolas egiten duten pelikula batzuekin. Fantasiazkoa da Gräns, baina haren protagonistak naturarekin duen harremana oso berezia da, gorputzekoa. Terrence Malicken lanetan etengabe nabari da gizakiaren eta naturaren arteko lotura poetiko eta transzendentala, Badlands opera primako inguru askatzaileetatik hasi, eta egun aretoetan dagoen A Hidden Life-ko larreen gaineko plano hegalarietara arte. Naomi Kawasek dolua igarotzeko metafora gisa erabili zuen basoa Mogari no mori-n (2007).
Hain zuzen, eta gurera etorrita, Maddi Barberrek lekuaren beraren dolua egin du 592 metroz goiti (2018) eta Urpean lurra (2019) dokumentaletan. Deseatzen nago ezagutzeko Oskar Alegriaren Zumiriki filmaren zorotasuna —edo Thoreautasuna, behintzat—. Asier Altunak bestelako bide bat hartu zuen Amama-n, eta giza talde batek lurrarekin duen lotura mitiko-sinbolikoari jarri zion pisu gehien.
Gordeta daukat Uxue Alberdik Iñigo Segurola paisajistari Argia-n egin zion elkarrizketa, tituluak atentzioa eman zidalako: «Abertzale izatea paisaia bat onartzea da».