Euskara jendea da
Bidaia intimoak dokumentala
Zuzendariak: Jon Maia eta Eriz Zapirain
16. Korrika AEK / Orio Produkzioak
Rami, Jesus Mari, Tereixa eta Mixeleren bidaia intimoen (Bidaia intimoak dokumentala) bideetan abiatu naiz eta Jose Angel Irigaray poetaren ele hauek neure egin ditut:
Zure bitartez naiz jende, Euskara
zure bitartez bizitzen
hizkuntzak oro preziatzen
elkartasunean loriatzen
gorrotatzen menperakuntzak
askatasunean bermatzen
maitatzen mundu osoa.
Izanez ere, Bidaia intimoak poesia da. Dokumentalak Rami, Jesus Mari, Tereixa eta Mixele -eta honen amatxi- ezagutzeko irrika sortzen dizu. Euskara jendea da.
Berbak, hitzak eta eleak ez ezik, pertsonen irudiak ere mintzo dira. Pertsonen… basamortuen, baserrien, karriken, herrien, hirien, mendien eta itsasoen irudiak ere mintzo dira. Hurbil-hurbilekoak eta argiak dira irudiak -Juantxo Sardon kameralariaren begi zoliak atzean direla-, ondo karratuak eta biribilduak. Eleei ez ezik irudiei ere poesia darie zenbaitetan.
Baina ez, dena ez duzu poesia, ez iradokizun oro bederen. Nafarroako gobernuburu Miguel Sanz, EAEko lehendakari –probable– Patxi Lopez eta Pirinio Atlantikoetako buru Jean-Jacques Lasserre agertu zaizkizu Rami, Jesus Mari, Tereixa eta Mixeleren bideetan.
Eta galderak jalgi zaizkizu bideetan barrena: Corella horren urrun al da Rami-ren Goizuetatik? Bidaxune horren urruti Mixelen Itsasutik? Patxi Lopez-en Portugalete ez al da Tereixaren Portugalete?
Eta, beste askoren artean, konstatazio bat: Jesus Mari gauza izan da, bada, Urbia edota Gabiria Ermutik Gasteizera eramateko.
Eta, euskara jendea bada, zergatik Miguel eta Patxi eta Jean-Jacques agintariek ez dute bermatzen euskara?
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks