Hendaia
“Hendaiako auzapezarekin solastatu naiz” edo “alkatea elkarrizketatu dut”.
Zeregin bera azaltzeko bi adierazpide kazetaritzan.
Hendaiak adiera bi ez ezik, hiru ditu gutxienez: euskalduna, frantsesa eta espainola.
Raphaël Lassallette eta Kotte Ezenarro izan dira azken aurreko bi auzapezak, Battitte Salaberri da gaur egungoa. Frantses politikari ezkertiarrak lehen biak, frantses zentrista azkena. Salaberri heletar (Baxenabarre) jatorriko euskal hiztuna da. Hirurak elkarrizketatu ditut, hiruak euskaltzaleak izaki.
Hendaiako historian auzapez, mera edo alkate izandakoen zerrenda behatu dut.
1815 urtean agertzen da lehena: Étienne Pellot (Renard basque edo euskal azeria. Frantses kortsarioa ezaguna. Montvieux deitua (Jean Pierre Duvoisin izkribuetan ageri bezala).
1871n Anton Abbadia izendatu zuten auzapez. Poliglota euskalduna eta euskaltzalea. Ezaguna da denontzat.
Adieraz adiera, hona Hendaiaren gaineko flash sorta:
1. – Urruñako auzoa antzina. 1867an, “modernitatea”k bihurtutako komuna edo herria.
2. – 1940 urtean, Hitler eta Francoren elkarrizketa historikoaren tokia.
3. – Espainiako Gerra Zibilaren ostean, espainiarrentzako –eta hegoaldearrentzat– babeslekua.
4. – Espainiar herritar askoren irudimenean, espainiar inperioaren ipar lurraldea gaur egun ere.
5. – Frantses askoren zoritxarrerako berriz, espainiarrek okupatutako frantses lorategi-hiria.
6. – Azken bi hamarkadetan, hegoaldearren –gipuzkoarren bereziki eta nafarren– lotarako habia.
7. – Hegoaldeko abertzaleentzat, frantsesek konkistatutako euskal lurra.
8. – Iparraldeko abertzaleentzat, hegoaldeko etxe sustatzaileek –izan espainol edo izan abertzale– konkistatutako orubea.
9. – Espainia –Bidasoaren eta itsasoaren magalean– eta Frantzia arteko lur mutur zatia.
10. – Simil futbolistikoa erabiliz –testuinguruaren eta solaskidearen arabera, ulertzeko diot–: Gipuzkoako kornerra.
Kaixo Mikel, ongi ekarriak azalpen hauek!
Halere, Ixtebe Pellot kortsarioa Hendaiako auzapez izan zela aipatzen dukelarik… horren gainean zehaztapen bat egiten dik M. Mitxelenak bere ‘Hendaye’ liburu mardul eta interesgarrian. Hain xuxen ere, Hendaiako lehenbiziko auzapez karguan egon zena kortsario zaharraren kusia edo lehengusua zela esaten dik Mitxelenak; izen-deitura bereko lehengusua. Aztertu beharreko iturria.
Bestalde, ondo dioken bezala, Hendaia Urruñatik bereizita sortu zuken, Biriatu eta Ziburu bezala. Komuna edo udalerriaren hastapenean gaur egungo herri kaxkoa eta Intzura (Les Joncaux, frantsesez) zittuken bere lurrak, oraindik ere Urruñako lurrez inguraturik (zati batean Bidasoako urek bereizten zitizteken Irundik eta Hondarribitik). Gerora lur gehiago, hainbat unetan, eman zittioken Frantziako erresumak.
Hastapenetik, eta gaur egun arte, herri kaxkoa (hiri-barnea, behereko kartierra, geltoki auzoa, egun) eta Zubernoa auzo haundia zittuken Hendaiako eremuak. Zubernoak lurralde zabala barne hartzen ziken -eta hartzen dik-, gerora auzune eta etxadietan zatitua.
Penagarria eta lotsagarria duk entzutea eta irakurtzea, gaur egun higiezin agentzien, hegoaldetarren eta hendaiar frantximenten (sustraiak galdutakoak nahiz Frantziatik etorritako eta euskara ikasi nahi izan ez dutenak) ahotan edota idazkietan “Las Alturas”*, “Alturak”, “Hautures” eta halakoak, jatorrizko eta jatorragoa den ZUBERNOA toponimoa erabili beharrean. Hain juxtu, Hendaia herri independente izan aitzin, bertan zeuden etxalde gutxiak (“kanpain”, hendaiar xaharren ahotan) eta Santiagoko pausua zittiken ondoan Zubernoako Priore etxeak. Galiziako Santiagoko erromesentzako pausaleku eta ospitalearen ondoan, eta zubiak eraiki baino mende askoz lehenagotik, gabarretarako eta batteletarako abiapuntua zioken (Irunerako nahiz Hondarribirako bidea egin nahi zutenentzat ere).
Ospitalea eta priore etxea desagertu ondotik, hantxe eraiki edo egokitu ziteken Priorenia kanpaina edo etxaldea, eta hara non, han bizitu zuken gure Pellot (sortzez Beltzenia etxekoa).
Hara, Pellotekin hasi, eta Pellotekin bukatu (ala To be continued?).
Egun on Hendaiatik
“Zubia pasatutako” irundar bat.
Kaixo Juanma,
Milesker zure ekarpenarengatik, zinez. Beti ikasten da zerbait haboro, prefosta.
Erdi bakantzetan nuzu… Azkar demonio nabilkizu…
Xaunenia hortxe, hementxe, eta nihaurk Sarasola apenas ezagutu ez. Ofiziania… berrogei urtez ikasten egona ez ono ikasi! Hau malura!
Sarri arte, besarkada birtual batez!
mkl
Deüsetaz, Mikel. Nik ere hire ezagütza egin nahi diat (onhartuko deitak toka egitea, ezta?), huntaz eta hartaz elhestatzeko. Ene email helbidea badükenez, nahi dükalarik mezu bat igorri, eta Zapiainen gaineko olerki bat igorriko deiat. (Bistan dena, ez diat xiberera osoki menderatzen, bena entseatzen nük).
Sarri artio
Izan untsa.
Juanma