Ama
Azaroaren 29a: Zea Mays entzuten noa Gasteizera bidean, Eusko Legebiltzarrera noa, PSEko Jose Antonio Pastor elkarrizketatzera. 11:00ak. San Juan Egoitzako (Zumaia) Iker erizainak deitu dit “Ama Donostiako Ospitalera eramango dute laster, gaizki dago-eta”. 15:30ak. Bertan nago bueltan. 22:00ak. Ama ospitaleratu dute. Diagnostikoa: “Tiene una infección, pero no me atrevo a ponerle un adjetivo” esan dit larrialdietako medikuak. “Sabe usted, con 83 años se pude esperar cualquier cosa”. Urgencias telesaila fikzio hutsa da hemengoaren aldean. Madalena gela-kidea ezagutu dugu. 23:00ak. Agurtu ditut eta etxera noa.
Azaroaren 30a: 8:00ak. Estitxuk lankidearen e-posta: “Zer moduz artzainarekin?”. “Artzain edo artzanor?” nik. “Ama ospitalean daukagu”. Abisua pasa dut Erredakziora. Onintzak animuak igorri dizkit. Ospitalean Antonia gela-kide berria ezagutu dugu: Villanueva de la Serenakoa. 16:00ak. Amari hamaikagarren proba egin diote. Diagnostikorik ez, oraingoz. 4:00etatik ari naiz han-hemenka. 22:00ak dira. Alaba geratu da amonarekin. Ni etxera noa.
Abenduaren 1a: 5:00ak. Egun Zierre aurreratua dugu Argian. Lanak aurrera doaz. Amari bi zentimetroko harri koskorra aurkitu diote giltzurrunean. Kateter bat jarriko diote. 13:00ak. Ordu txikietarik nabil. Ibili eta ari. Hamaika mezu posta elektronikoan: Inma E-k eskatua… ahantzi nuen igortzea. Eider A-k bere artikuluko aldaketa biren zioez galdetu dit. Itxaro B. eta Sustrai C. helbide eske ditut posta bidez. Animuak jaso ditut postaz. Marta erizainak deitu du San Juanetik amaz galdezka. Gaua pasa dut amarekin.
Abenduaren 2a: 14:00ak. Ospitalera iritsi naiz. Deitu diot arrebari. “Kirofanoan nago, zain” diost. “Ez, ama gelan berrira daramate… Urologiara” nik. Banoa atzetik trepeta eta puskekin. Gela ez dago Urologian, Kardiologian baizik. Hirugarren gela da. “Ufologia” pentsatu dut. Ama hobera ari da kateterrarekin. 16:00etan Txillardegirekin geratu naiz Barandiaran-en. Sasoiko dago gizona, 81 urterekin. Saiakera berria prestatzen ari da. Etxera bidean irratia piztu dut: Real zaleak kexu. Ilaran goizdanik, hotzak akabatuta eta gainera zuzendaritzak eraman omen ditu Derbyrako sarrerak.
Abenduaren 3a: Gorkak “Durang… on” idatzi dit mezu batean. Lanak aurrera doaz, Urtekaria-renak barne. Sahara gaia hizpide Garazi H-rekin geratu naiz astelehenerako, abenduaren 6an; Ormaiztegin. 19:00ak. Etxera bueltatzeko asmoa bai, baina autoa ez dago. Espaloiaren gainean utzi dut goizean, gaizki aparkatua. Udal garabiak eraman al du? Edo El Mukik? Udaleko garajetan berreskuratu dut 156, 32 euroren truk. Etxera bidean, Gorka ari da EIko Arratsean. “Nola irakurri liburuak, liburuak (osorik) irakurri gabe”. Estu dabilen ni bezalako kazetari batentzat metodo gomendagarria. Berriak segidan. P. L. lehendakaria mintzo da Euskararen Nazioarteko Eguna kari. Lotsak… Itzali dut.
Abenduaren 4a: 15:00ak. Xiker lehengusuaren bisita, Gara eskuetan: “Colapso aéreo en el Estado Español”. Ama hobera doa, baina zundak eta sueroak zintzilik betiere. 16:00ak. Josemari Berasategi aktorearekin topo egin dut sarreran: “Kaixo, aspaldiko. Nolatan…?”. “Osaba daukat hemen”. “Nik ama”. Segi ondo. Etxean sartu, ordenagailua piztu. Argiako webgunean: “Xabier Lete ospitalera eraman dute larri”. Nekatuta nago. Lete Berasategiren osaba dela ez gogoratzea ere… 22:00ak. “Hil egin da Xabier Lete”. Lehen eskutiko berria Argian, Lander Arbelaitzen eskutikoa.
Abenduaren 5a: Amaren gela-kide Maria ezagutu dugu. Cordobakoa da jaiotzez eta izatez. Bost seme-alaben ama. Minbizia du. Sei seme izandakoa. Bi zenduak. Genio y figura… Tito semea ezagutu dut, eta Eneritz eta Idoia bilobak, zarauztarrak. 20:45ak. Anoeta estadiotik iragan dut etxera bidean. Maddi Oihenart entzuten dut azken egunotan.
Abenduaren 6a: 9:00ak. Emaztea agurtu dut: “Amak ondo pasa du gaua”. “La Constitución no, La Contribución” esan dit la cordobesak. 10:00ak. Dani lankidea hartu dut autoan. 11:00ak. Ormaiztegin gaude. Rubalcabak : “Quien echa un pulso al Estado, lo pierde”. “Bankariak xaxatzen ari ote, ministro multi-karguduna?” pentsatu dut. Gurutze, Garazi eta Beñatek hartu gaituzte euren etxean. Saharako tea dastatu eta hitz eta pitz jardun dugu bi orduz. 14:00ak. Ospitalean berriz ere. Maria goiko solairura eraman dute. “Kimioa ematera” esan dit Nagore bilobak.
Abenduaren 7a: 10:00ak. Proposatua hurrengo baterako uztea eskatu dit Txillardegik. Barkamena eskatu dit. Barkamenik ez otoi. Eskerrak eman dizkiot bere gertutasunarengatik. Ospitalera noa semearekin. Emaztearen deia bidean: “Amonari alta eman diote”. Zumaiako San Juan Egoitzara goaz segidan. Itzultzean, EI piztu dut. Durangoko Azokatik ari dira Arantxa eta enparauak. Gaiak: biniloa eta CDa. Erotismoa. Hamaika zutabegilek idatzi dute Xabier Lete gogoan. Laboa eta Txinaurriak ere aipatu dituzte. Berriak EIn. Jaimek: “Wikileaks-en fundatzailea atxilotu dute”. Lete gogoan berriz ere. Argiako webgunean: ANVren 133 hautagai zerrendak “iruzurra” zirela esan du Estrasburgok. Besteak beste.
P. S. : 21:00etan oheratu nintzen bart. Koldo I-ren Autopsiarako frogak eskuetan errenditu ninduen loak. 23:00ak. Alabak esnatu nau telefonoz Baionatik. Autopsiarako frogak eta loaren aurka borrokan jardun dut luzaz. 06:00ak. “Agur jendetsua Leteri Urnietan” (Argia).
Kronologia luzatu zait eta erradiografia bihurtu, une argi eta gune ilun asko tarteko. Semea jaiki da. Auto gida-baimena azterketa du Baionan. Aurki 8:00ak. Amaren bisitatzera aterako naiz atoan. Gau epela, haize hegoa dabil eta ni zonbi oraindik ere. Bizitza nola badoan.
Aupa Mikel! Animoak etxean ta besakada gogor bana denei.