Zenbait buru, hainbat profil
Zenbait buru, hainbat profil, pasadizo bat eta aburu bi.
1. Joseba Sarrionandia poetak dioenez “euskara da gure territorio libre bakarra”. (Hala daramate idatzita hainbat gaztek kamisetako paparrean).
Koldo Izagirre poetak “artseniko aztarnak –ikusi ditu– gure hizkuntzan”.
Xabier Lete poetak “euskara orain dela 50 urte eta 20 urte baino askoz hobeto” ikusi zuen zendu aurretik.
Zenbat buru hainbat aburu.
Nolakoa da baina euskararen territorioa?
Nola dago osasunez?
Zein da bere etorkizuna?
2. Euskarak kontseilu asko eta aholku anitz jasotzen ditu etorkizunean bizi dadin. Herri ekimenaren eskutik sortutako erakunde anitzen kontseiluez gainera, hainbat erakunde publikok aholkatzen dute euskara:
Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeak.
Euskararen Nafar Institutuak.
Euskararen Erakunde Publikoak.
Euskal lurralde bakoitzeko erakunde batek laguntzen du euskara.
3. Euskarak aholkulari asko eta anitzak ditu. Adibiderako, Jon Juaristi.
Jon Juaristiren ikuspegiek ondo baino hobeto zedarritzen dute euskararen lurraldea:
“Gaztelania da euskal herritar guztien hizkuntza erreala”. “Euskal herritarren ama hizkuntza espainiera da”. “El euskera, para mí, es un idioma del pasado”.
Azken aburua da aholkulari honek euskarari eskaini dion etorkizunik zintzoena.
4. Euskal lurraldea ez da euskararena, lurraldea erdaraz bizi direnena da.
Pertsonaren eta hizkuntzaren artean, pertsona hobesten dut neronek. Alabaina, euskarak ondo baino hobeto erakusten dizkit pertsonaren nolakoa –eta norakoa–, pertsonaren profila eta aburua. Nortasuna, hots.
Horregatik edo, nahiago dut Jon Juaristi euskararen aholkulari izatea, euskararen etsai zentzuratua izatea baino.
5. Goizean (otsailak 5), ogia eta egunkaria erosten ditudan dendan, saltzailea eta eroslea (20-22 urteko bi gazte) mintzo ziren nire aurrean. Hendaiako Gure Ikastolan ikasi zuten biek ala biek.
Baten aitak eta bestearen amak, adibiderako, Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kontseilarien kideen profila (Curriculum Vitae, hots) ematen dute, baita abertzalearen profila eman ere biek ala biek,
Hegoaldeko abertzaleen profila, zehatzago esanda.
Edonolakoak diren ere, ez dira Jon Juaristiren profilekoak.
Bada, gazteak frantsesez mintzo ziren.
6. “Euskara da gure territorio libre bakarra”. (Hala daramate idatzita hainbat gaztek kamisetako paparrean). Haatik, euskal bihotza ez dagokio engoitik euskararen territorioari, gure lurraldeari baizik.
7. “Gure lurraldea euskaldun jendeak populatua izateak ez du bermatzen euskara bizitzea etorkizunean”.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks