Joseba Sarrionandiari gutuna
Kaixo Joseba: Zer gisa? Ona desio!
“Cuando despertaba, el dinosaurio todavía estaba allí”. Bai, Joseba, Moroak zegoen mesanotxean. Urte bat luze eman zuen dinosauruak bertan, nik –gogotik– oratzeko zain. Mairu armatuak goizez eta gauez behatzen zidan, xalo, baita zemaitzaile ere. Eta nik, behin eta berriz, Augusto Monterroso plagiatzen nuen, nire burua desenkusatu nahian. Edo!
Aidanez, ongi ageri denez, zure koordenadak –geografikoak, espaziokoak nahiz denborakoak– eta nireak –gureak– ez dira hemisferio berekoak. Edo!
Urte bat erran dut, eta urtearen buruan Eusko Jaurlaritzako kultur sailekoek gaztigatu eta zigortu zidaten: “Aizu Moroak saritu(ko) diagu. Saritu, sarritu edota zorriztu”. Baita bidenabar, bazterrak “ederto” inarrositu, pentsatu nuen nihaurek.
(Iazko) … abendua heldu zen gurera eta zure Moroak-ek nire ohantzean leku hartu zuen gauero, burusi, mihise eta izaren artean. Aldian-aldian, aldatu izaten nuen etxeko beste geletara, baina bereziki oheko posturak erasan zidan giltzurrunetan. Moroak eta ni borrokan jardun genuen-eta luzaz ohantzean.
Espazio horretan, abendutik ilbeltzera, egin zuen bide denborak, eta nik ere harekin, nire espazioan tinko, dinosaurua eskuetan, tinko. Eta behin amaitu ostean –kapituluko bizpahiru oren eman ostean, 3 bider 33: 100 ordu eman nituela kalkulatu nuen–, hilabete luzearen ondoren, urtarrilean jada… “Ostra! Bitxia eta eskerga da gero zure Moroak”, pentsatu nuen. “Hori perla puska!” Bakizu zer otu zitzaidan amaitu eta lehenengo unean? Hauxe: “Daukadan lasaigarri bakarra munduon, hiltzea da, hiltzea eta pentsatzea ez naizela mundu honetakoekin beste mundu delakoan topo egingo”.
Krudela baita historia gero. Benaz eta zinez!
Moroaken “aurkako” azken bultan lau-bost oren eman nituen, goiz hartan bertan Irunero aldizkarirako erreseina idatzi behar bainuen. Hasi nuen idazten eta hara, hasmentan, “Izkiriaturik aurkitu dudan ene saiakera” heldu zitzaidan kolpez burura.
Eskerrik asko, orain badakit ez garela moroak, edo, bai, badakit agian moroak garela. Bai baitakit –historiako– intelektualek –Elizak, besteak beste, eta nagusiki– gure baitakoa eta gure pentsamendua osatu dituztela. Ez garela guk gure buruaz dioguna, geure definizioz, besteek definitu gaituztela, eta zentzu horretan, halaxe dela espainola, frantsesa, kristaua edo dena delakoa deitzen gaituztenean. Baita separatista deitzen gaituztenean ere, konparaziorako hau ere.
Ni ez naiz separatista ordea, definizioz. Neronek ez baitut sekula neure erabakiz bat egin aurreko izate edo deitura horiekin. Guk euskaldunok (independentistok, edo horren kontzientzia dugunok) ez dugu erabaki Espainiarekin edo Frantziarekin bat egitea, beraz, ez dugu zertan haiengandik bereizteko edo separatzeko eskatu beharrik, ez dugu zertan separatista agertu behar… Izanik ere, hasteko eta behin, ez baita ongi ikusia, ez da elkartasunezko keinua separatista agertzea.
Beraz, Etxeparek eta Leizarragak, Matalas, Santa Kruz, Sabino, Unamuno, Campion edo Agosti Xaok edota haien hurrengoek iraganean aldarrikatu zutena ez zaigu balio orainean. Funtsean, historia gure izatearen adibidea baita, adibide anitzen adibideen araberako adibideen atal sorta. Adibidea, horixe. Hortik aurrera, nork berea.
Iragana ere Axular da, eta hark Gero bi zatitan emana laga zigun. Nik, Moroak eskuetan, bi ataletan banandu dut zurea: historiak laga diguna eta zure pentsamenduak ekarria. Berau baina, parte bakarrean emana heldu zaigu: historiatik jaso duzu/guna zure emari joriarekin baltzuan. Iragana ondo dago ezagutzea, baina iraganda balio zaigu bereziki. Hots, garena jakitea ondo da, baina are hobeto da izan nahi duguna jakitea. Ez dago iraganik, lehendik –iraganetik– heldu zaiguna geroa da, etorkizuna hots.
Asperraraziko zaitut luzamenduetan. Hara, honatx hondar berbak amaitu alderat.
Behinola, Argiak 2000. zenbakia kaleratu zuenean, zurekin akordatu ginen, baita zu zeu ere gurekin ederto portatu –eta porturatu ere. Kalaportu aldean bizi zinen, bizi, ibili, edo, hor itsasoan barrena nonbait. Lagun izoztua (*) idatzi zenuen garaia zen, edo garai haren ostean, han nonbait. Ipar hemisferioan sumatu zintudan, eta ez nintzen ausartu esaten, zu zinela –edo zu sentitu zintudala– lagun izoztua. Bon, orduan izoztua geratuko ote zinen kezkak hartu ninduen, edo apur bat kezkatua ibili nintzen behinik behin. Gaur badakit, Hego hemisferio aldera aldatu zarela nonbait, eta mairuen artean edota basamortuan bizi eta ibili arren, ez zarela urtu, ezta desagertu ere. Eta pentsalari emaro eta oparoa izaten segitzen duzula horregatik. Hori xantza! Gurea diot, euskaraz pentsatzen saiatzen garenona.
Kolosala izango da esloganaren karietara akordatu naiz berriki zurekin. Nik –orduko ere– nobela hartaz buruan daukadana hauxe duzu: Zirkua zetorren –Cirque Krone– Kalaportura edo hor nonbaitera –buruz ari nauzu–. Zirkua etortzeaz batera II. Mundu Gerra bete-betean ari zen mundua. Gure mundua. Gaur egun zirkua ez da gehiago etortzen gurera, edo bekan, edo gutxitan… Bo, Cirque du Soleil delakoa bai, baina hori izari “apartekoa” duzu, beste dimentsioetakoa, eguzkietakoa…
Zer gura duzu esatea, hara, gure herria “xumea” izan ezezik herri “umea” duzu. Egun, zirkua gure eguneroko bizitzan instalatuta dago. Bizitza espektakulu itzela bihurtu dugu gero. Orain, nik eta ni bezalako ezkorrek zirkua ezezik III. Mundu Gerra sumatzen dugu hurbil –Bon, beste herri xumeak ere aski herri umeak dira, eta herri handiak ere ume handiak dira. Enkas, diot. Ez dadin inor haserre–.
Harira: Bilboko Autonomia kalean denbora luzaz kolapsatuak geundela, Astepeko Sekretarioaren hitz lau hauekin akordatu nintzen:
“…Bilbon eztagoela sobera kanorerik, sobera zentzurik (…) Profetak ere zorritasunez kutsa litezkeen… (..) Gu ezkara hemen lasai bizi. Guk eztugu sentitzen paradisu bat. Dantek ere etzuen holakorik asmatuko. Hau da basatza haundi bat (…) Hemen ito egiten da libertatea (…).
Lehenengo egunean egon nintzen Bilboko Bizkaia –Gabriel Gernikakoan egon zen– frontoian eta “leihoak ikusirik han goian pentsatzen dut gure gauza galdu zela sasoian”. Zer nahi duzu esatea, nork bere zeinua jitea eta patua bizi ditu. Bon, ez niri kasurik egin.
“Bizitza nola badoan” dio Oragarreko poetak, eta halatsu nirea edo gurea ere. Ez dezagun etsi, beraz! Atxik!
“Zazpi urteko zure lanak zazpi etxe Frantzian merezi ditu”.
Horra agurrean bururatu zaizkidan berba arranditsuak. Bai baitakit, zuretzat arranditsuak direla. Behinola “Nahiko lumpen naiz eta ez dut ondasun handirik. Susmatzen dut hiruzpalau liburu izango direla utziko dudana oinordean”, erran zenigun-eta.
“Ez Frantzian, ez zazpi ere, baina etxe bat baduzu Euskal Herrian” diotsut beraz.
Ez gaitezen serio jarri ordea.
Mintza gaitezen edertasunaz.
Ruperen doinu eta hitzokin, agurtzen zaitut.
Adiorik ez!
Edertasunaz mintzo zinen,
harrapa ezinaz.
Gordean ostatu horietan
ilunabarretan.
Baina denbora ihesi doa,
eder dena berarekin,
ahal bezala ari zinen
bizitzea geroko utziz.
Askatasunaz mintzo zinen
baita gogotik ekin,
borrokara emanak
eta bizitza dohainik.
Eta denbora ihesi doa
hatz zikinduen artetik,
zenbat galdu behar izan den,
zenbat min eta huts egin.
Bizitzaz mintzo zara orain,
hango geroa heldu da,
bete gabeko asmotaz,
kalteaz eta ordainaz.
Baina denbora ihesi doa
berandu baino lehen, tori,
kantutxo hau zuretako da,
adixkidea, ondo bizi.
P. S.: (1) Idazle lagun ezezagun hori, eskutitza hau ez da amaitua, eta naski, zenbait pasarte fikziozkoak izatea igurikatzen dizut. Ofizioz kazetari izaki, idazlearen imajinazioa suspertu beharrez idatzia.
(2) Bestalde, badut ere nolabaiteko arrangura bat. Zure idazlanen jarraitzaile batek liburuaren izenburuan akats bat antzeman du, hots: Moroak al gara behelaino artean? izan beharko lukeela dio, ez arrazoirik gabe, antza. Al partikula galdetzailea ez duzula idatzi dio, haserre. Nik egia erran, batetik, zure des-ikasi beharreko maxima gogoan dudanez, ez naiz “arras” jabetu “akatsa”z. Akatsa den kasuan, izan ere, doktoreak baititu elizak, eta ni eliza horretan ere akolito nauzu juxtu-juxtu. Bon, zuk erranen duzu. Edo erranen diozu… akolito eta mezulari honi.
(*) Bide batez erranik, eta oraingoa amaitzeko, garai hartan edo, hor nonbait, gure Letren Errepublikako Errege (sic) batek honela epaitu zuen zure eleberria: “Liburu ona da, baina nobela ez”. Ni ez nintzen deus esatera ausartu, tira funtsezko deusik ez.
Mikel Asurmendi
“Moroak AL gara behelaino artean?”, “Moroak garEA behelaino artean” nahiz “Moroak gara behelaino artean?” ongi daude. AL partikula galdetzailea ez dute euskaldun guztiek erabiltzen.
Edo “Moroak ote gara behelaino artean?”. Baina Sarriren liburu batean “akatsa” topatu duenak ez daki ezer literaturaz.
“Moroak AL gara?” izan behar duela. Uste dut giputzentrismoak, hamaika akatsez gain, honelako hiperzuzenketak dakartza.
Akatsik ez dagoen tokian ere akatsak ikusteko abildadea duen lagun horrek honezkero jakinaraziko zizun zeure testuan badela zer zuzendurik, hauek besteak beste:
“Daukadan lasaigarri bakarra munduon, hiltzea da, hiltzea eta pentsatzea ez naizela mundu honetakoekin beste mundu delakoan topo egingo”. “Ez dudala topo egingo” edo “ez naizela topatuko” beharko luke, noski.
“…eta zigortu zidaten:” Zigortu NINDUTEN
” …iraganean aldarrikatu zutena ez zaigu balio orainean”. Ez DIGU balio
Ederki Koldo,
Gutunaren baitan doan liburuari buruzko iruzkinean, badiot ere, testua ez dela amaitua, ez iruzkina ez gutuna amaitua ere, nire akatsen zerrenda eta segida amaituta ez dauden legez.
Milesker!