Euskaldun osoaren paradigma(k)
Euskara, euskararen gaia, euskaraz bizi nahi dugunon gaia da, gai arrunta, egunerokoa, euskaldunok “normalak” ez garen seinalea.
Gurean, ARGIAn, Onintza Irureta lankideak hurbiletik segitzen eta ezagutzen du euskararen gaia. Hartara, haren saila eta jorra adi-adi jarraitzea gomendatzen dizuet.
Aldian-aldian, hala berean, Dabid Anaut edota Iñaki Martinez de Luna iritzi saileko kolaboratzaileek ederki laguntzen digute euskararen jorran. Biak ala biak gertukoak ditugulako aipatu ditut. Ez dira bakarrak gurean. Jon Sarasuaren aburuak ere, berbarako, besteak beste, kausitu ditzakegu euskararen baratzeko gure sail oparoetan.
Oraindik orain, Normalkuntzaren ARGI-itzalak artikulu interesgarria idatzi du Iñaki Martinez de Luna soziologo eta hizkuntzalariak. Artikulu horrek ez ezik, berak gurean idatzitako guztiek merezi dute.
Hona azken artikulu horren pasarte bat:
“Inkesta horren emaitzetatik harago badaude konpondu edo bir-bideratu beharreko beste alderdi batzuk ere euskararen eremuan. Horietako bat, euskaldunok pairatzen dugun bortizkeria sinbolikoa; alegia, inkontzienteki barneratu dugun erdal munduarekiko mendekotasuna. Adibideak, non-nahi: erdaldun (edo ia-euskaldun) bakar baten aurrean solaskide guztiek erdaraz jardutea…”
Bat nator Iñakirekin, eta hauxe gehituko dut gainera (esan gabe doa, ziur aski bere hausnarketetan jasoa du aldez edo moldez nik segidan idatziko dudana):
Alegia, José María Sánchez Carrión Txepetx buruan, euskaldun osoa izatearen nahia eta beharra ezinbestekoa dugu euskara biziko bada, euskaraz biziko bagara.
Euskal Herria, euskalgintza eta euskalduntasuna orobat ez da ulertzen euskaldun berririk gabe. Denok gara, neurri batean edo bestean, euskaldun berri. Denok ez gara baina euskaldun oso.
Esan dezadan, nire aburuz, zer den euskaldun oso izatea, enkaxka ere. Hots, euskaldun oso da nork bere izatea, oso-osorik, edozein dela esparrua edo gaia, euskaraz bizi izatea. Modu guztizko edo bikainean izan barik ere, euskaldun oso bizi izatea.
Harira. Iñakik aipatutako adibidea erabili ohi dugu euskaldunok. Hau da, zazpi euskaldun (oso?) euskaraz ari gara, eta aski da erdaldun bat taldera biltzea, erdara nagusitzeko.
Hori baina, bekan gertatzen da. Alegia, zortzi euskaldun osok gehi erdaldun batek topo egiten dutenean, neronek nekez –eta bekan– ikusi dut erdara nagusitzen. Nire ustez, zazpi euskaldun horiek euskaldun oso ez direlako nagusitzen da erdara. Hots, ordura arte euskaldun osoaren –euskal izanaren eta nortasunaren multzo nagusiaren– indar korrelazioak atxiki du euskara gailen. Zazpi euskaldun horiek denak ez dira guztiz eroso ordea. Bat, gutxienez, erosoago ariko litzateke erdaraz. Areago, bigarren bat, edo hirugarren bat ere, mailaz maila, ez daude horren deseroso, baina aukeran, beraiek ere –nor izateko– erdaraz erosoago leudeke.
Aurreko hau guztia adibide bizi batekin adieraziko dut:
Lagunen arteko afaria da zioa edota gunea: bost bikoteetatik lau euskaldun dira (horien euskaldun osoaren izaera ezberdina da, arestian aipatu bezala) eta bat erdalduna. Inoiz edo behin, gertatzen da, azken hau, bikote erdalduna, berandu etortzea. Bikote erdalduna iritsi bitartean, euskaraz jardun dugu, euskararen indar korrelazioak hala “ezarria”.
Hots, berandu iritsi den bikote erdaldunak (30 minutu inguru, demagun) euskaldun oso direnak egoera ez eroso batetik “salbatu” ditu. Hots, afaria ez litzateke berdina, ezta unea bera ere –demagun mahai-inguruak bost ordu irauten duela– bikote erdalduna agertu ez balitz.
Afarian bildutako pertsonok ez gara berdinak euskaraz edo erdaraz jardunez gero. Gure izaera ez da bera hizkuntza batean edo bestean, ezta bizi dugun afari-unea ere. Lagunen aurpegietan edota jarreretan nabari izaten da hori. Areago, askok (batzuk euskaldun oso izanda ere) erdaldun salbatzailea behar du, nahi(ago) du erdaldun erreskatatzailea agertzea.
Afaria euskaraz osorik izanez gero, nekeza da solasaldia, nekezagoa da afaria.
Euskaldun osoaren paradigma(k).
P. D.: Hori anabasa. Nire gogoeta, hots. Besterik gabe, euskararen gaia soziologiaz harago doala gogoratzeko idatzi dut. José María Sánchez Carrión-ek, Txepetxek, sortu zuen hololinguistika eremua gogoratzeko. Euskararen gaia eta egoera ulertzeko, soziologia, psikologia eta etika biltzen dituen hololinguistika berebizikoa eremua dela esateko.
Nik mintzagramak egin ohi ditut, buruz. Senideen arteko bazkarietan, enpresako langile-batzarretan, txoriei buruzko foro horretan… Bi bide paralelo marrazten ditut lehen-lehenik, trenbide bat balitz bezala: ezkerrekoa euskararena, eta eskuinekoa gaztelaniarena.
Hasi da batzarra… Patxik eta Ramonek txandaka egin dute aurkezpena, batak euskaraz eta besteak gaztelaniaz [P bat idatzi dut ezkerreko erreilean, R bat eskuinekoan]. Orain txanda librea… Langile bat zutitu, eta luze aritu da, dotore, erdaraz [A bat eskuineko bidean]. Bukatu duenean txalo eta guzti jo diogu. Mahai nagusitik erdaraz erantzun diote [arrastoa, eskuinean]. Jendearen artetik ere, haria jaso eta Bk eta Ck hitz egin dute, erdaraz (nahiz eta euskaldunak izan). Halako batean Jk hartu du hitza eta errailez aldatu du eztabaida: euskaraz egin du. Orduan, lehen erdaraz jardundako Bk berriz hitza eskatu, baina oraingoan euskaraz egin du, eta gero Ck ere berdin. Eta tar-tar-tar… Laburtuz: Jk “aldatze-orratzena” egin ez balu, batzar guztia joango zen erdaraz, euskaldunen ahotan izanda ere.
Foroan ere antzera, baina beste norabidean. Xabik euskaraz idatzi du sarrerako mezu bat, eta berehala erantzun diote, batek, bik, hiruk… euskaraz ere bai. Halako batean, baina, erdaraz sartu da beste bat, eta akabo, pinu-beldarren lerro hautsia nola, mezuen haria eten eta hizkuntzaz –errailez– aldatu da, eta ordurarte beraien artean euskaraz aritutakoak berak erdaraz arituko dira, bero-bero, baita aldaketa eragin duen forokidea gehiago agertzen ez bada ere.
Ibaiaren korrontea indartsu doa beherantz, erdaraz. Eta ez da batere samurra ur-lasterraren aurka euskaraz egitea. Izokinak gara.
Aupa Martin,
Estimatzen dizkizut zure hitzok…
Hitz hotzak euskararenak,
hitz hotz izotz hots,
haatik, ahor Martin Izokin
ur-lasterren kontrakarrean
goiti buruz,zalu, arin!
Atxik!
mkl