Ezina ikusaraziz egina
Giza Eskubideen X. Zinemaldian estreinatu zen Gazta zati bat dokumentala, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Ingurune egokia inondik ere. Gizabanakook erabakitzeko dugun eskubidearen gainean mamitzen da filma eta, gaiaz zein filmaz mintzatzeko parada izan genuen bertaratuok.
Filmaren estetikaz zenbait hitz, lehenik: dokumentala xaloa da, egileek modu naturalean sortu zen ideia bati jarraikiz eginda. Hartara, filma ez da ohikoa, ausarta da, lotsagabea (kolokioa kudeatu zuen Begoña del Tesok erranen lukeen moduan, gamberroa da). Lotsagabea baina duina. Izan ere, filmaren forma ulertzeko edukia ezagutu beharra dago, gaztaren historia, historia eta bidaiaren abiapuntua… Eskoziara. Honek guztiak ez du kentzen, bistan da, egitasmoari egokitutako gidoia irudimentsua izatea, muntaiaren lan eskerga, etxeko tresnez filmatu dutenen eta filmatzen eskarmentua dutenen irudien uztartze-egokitzapena, ezta musika arduraz eta adorez egokitu dutenen lana ere duina izatea.
Gaztaren funtsaz eta historiaz nasai idazteko berriz, munduko nazio ukatu adina berba beharko genuke. Hasteko, hamaika lagunen izenek merezi dute aipamen berezia. Denona ezean, hona bakar batzuena: Mikel Garmendia (haren bikote Lourdesek filmean hartzen duen munta barne) eta Loinaz Urrestarazu. Angel Oiarbide (Garmendiaren espirituaren hauspotzailea, dokumentaleko aktore nagusia eta bikaina: egitasmoaren –erabakitzeko eskubidearen– bisualizatzailea) eta Asier Oiarbide: hurrenez hurren, ezker abertzaleko eta EAJko zinegotziak. Aspaldion Eskoziaratu zen Xavier katalana. Kolokioan honen ondoan egon zen Ander, Nazio Batuen Erakunderaino gazta puxka eraman zuena. Eta, noski, gaztaren egilea: Luix. Eta beste zenbait… Eta hainbat… Mundu bat!
Munduan nazio ukatua eta ezagutu gabea den Euskal Herriko eredua da protagonista nagusia: Idiazabal herria. Hiri zabaleko herritarrak: izaldarrak. Eskoziaraino egindako joan-etorriko bidaia naturalaren ondoren berezko egitasmoa sortu duena. Aro berrian espiritu berria erakutsi duen herri aitzindaria.
Ikaspenak azkenik: demokrazia, beraz, herriaren gobernamendua, ekimen oso garrantzizkoa da politikari hautatuen esku soilik uzteko. Politika hitz kutsatuak gazta usaina hartu behar du, herritarren usaina berrartu. Horretarako baina, jendarteak batu beharra dauka, Idiazabalgo espiritua zabaldu Luixek gazta partekatzen duen modura. Unea iritsi da, Eskoziaren eta Euskal Herriaren unea. Erabakitzeko unea.
Ezinezkoa ikusaraziz. Angel Oiarbidek dioenez: bisualizatzen. Edota Luixek dioenez: holaxen!
Gazta zati bat. Euskal Herria. (99 minutu). Zuzendaria: Jon Maia. Muntaia: Eriz Zapirain. Argazkia: Juantxo Sardon. Musika: Xabier Solano eta Zigor Lanpre. Ekoizpena: Nazioen Mundua (Angel Oiarbide).
P. S. ARGIAko Abarrak sailean argitaratua; 2321. zenbakian (2010-05-06).
hor proiektu independentista izateko behar diren erakundeak sortu eta bultzatu behar dira, eta herriari agertu beraien balio estrategiko, pnvren autonomismoa albora utzita