ETAren estrategia armatuaren historiaz
Datorren astean aurkeztuko da ETAren estrategia armatuaren historiaz (Maiatz) liburua Baionan. Emilio Lopez Adan (Beltza) da egilea. Aste berean, liburua hizpide, ARGIAk egilearekin egindako elkarrizketa kaleratuko du.
Solasaldia luze joan zitzaigun. Hainbat eta hainbat atal paperezko bertsiotik at geratu dira. Hona elkarrizketa osatzeko, baita liburuaren arrastoan jartzeko hainbat atal.
Elkarrizketan kokatzeko
ETAren estrategia armatuaren historiaz liburuaz jabetzeko egokiena berau irakurtzea da. Emilio Lopez Adanek (Beltza) 1980tik 2011ra idatzitako iritzi-artikuluen memoria da. 212 ohar berri idatzi ditu bilduman. Liburura hurbiltzeko hainbat argibide aurkitu dezakezu elkarrizketa honetan: “Ez dut ETAk egindako guztia onartzen, baina puntu bateraino ETAko kideak gureak dira. Gure historiak eta gure ekintzek zentzu bat ukan dezaten berrosatu dut liburua” diosku Beltzak. ETAren historiak askorako ematen du. Elkarrizketa ulertzeko hona liburuko premisa hau: “ETAri buruz esaten den guztia ez da egia, eta egia guztiak ez dira esateko”. Bada besterik ere: “ETAren estrategiaz hitz egitean bi aukera onartzen dizkizute: apologia edo traizioa”.
Liburuaren nondik norakoez. Nola eta zergatia
214 ohar idatzi dituzu iraganean idatzitako artikuluen harian.
Liburua ondo ulertzeko idatzi ditut oharrak. Liburua ETAren 30 urteko estrategia garatu ahala osatua baitago. ETAren estrategia militarra ulertzeko ETAn izan diren jokamolde okerren analisiak dira, ez dut nik idatzi bakarrik. Askok idatzi dugu, baita eztabaidatu ere. Eztabaidak eta erantzun gogorrak ere izan ditugu gure artean, beraz, nik egin dudana analisi memoriala da. Oharrak gehitu dizkiot horien guztien azaltzeko, denboran kokatzeko behar zutelako.
Zergatik analisi memoriala?
Memoria baita, ez historia, ez dut kanpotik historia objektiborik egin liburuarekin. Estrategia militarren analisia da, ez da memoria politiko hutsa, barne-barnetik nire memoriarekin egina dago, eta horrek alde ona eta txarra dauzka, txarra da memoria ez dela beti gogoratzea, ahaztea ere bada, edo justifikatzea. Gure historia kanpotik ezagutzen ez duen batentzat, beharbada, gauza asko ez dira egokiak.
Hala nola…
… iraultzan sinestean, sozialismoa, independentzia eta euskaltasuna nahia baloratzea, gure munduko ez den batentzat arrotz izan daiteke oso, eta kritikatu egingo du. Beraz, onartu behar dugu liburua ez dela historia objektiboa. Baina ez da nire memoria pertsonalaren kontaketa ere, garai haietan eta gertakizuneri buruz egindako analisi objektiboa baizik, nire objektibotasunetik, bistan da, hurbiletik ezagutzeak –eta analizatzeak– ematen didan eta ematen digun abantaila baliatuta betiere. Orduan, iraganean izan ditugun eztabaidak berritzea da ene asmoa, egin genuenari zentzua emateko, edo zentzua ukan dezan.
* * *
ETAren inguruan, teoria konspiratzailea.
Nik teoria konspiratzaileari ez diot sinesmen handirik eman, hau da, ETA zerbitzu sekretuek zuzendu dutela, Estatuak bere onerako zuzendu ere. Egungo militanteak ez ditut ezagutzen, zaharren artean asko ezagutu ditut, iragan berriko militante berrien artean nahikotxo. Liburua nire memoriala da, eta nire memoriak ikusi nahi dituenak ikusiko ditu, eta nahi duena ez, nahi ez duelako edo itsua delako.
Beraz, ez naiz teoria konspiratzaile delakoaren alde, baina badira hiru elementu kontuan hartzekoak:
– Estatuaren arrapostuak berak baldintzatu ditu ETAren beraren ekintzak. Errepresio basati eta faxistak, Estatu terrorismoak erraztu du ETA bera terrorismora pasatzea. ETAren ardura bada ere, erraztu du.
– Infiltrazioak bestalde. Nik badakit izan direla, badakigu, eta pentsatzen dugunak baino gehiago ziur aski, eta horien bitartez eragin dute hainbat unetan ekintzetan beretan.
– Estatuaren zeharkako jardueraren garrantzia, oso inportantea, ikusten baduzu eboluzioa, Estatuari, polizari, buruzagi bat atxilotzea interesatu zaionean ez du atxilotu, eta beste bat bai.
– Azken bi urtetako prozesuan asko mintzatu da muturreko kritikoen artean zergatik hau atxilotua izan den eta ez hori. Edo nazioarteko aukerak, munduan barrena izan daitezkeen buruzagien kondizioak kontrolatzeko. Estatuak zerbitzu sekretuen presioa erabil izan du, noski. Zein eraginez?
Beraz, teoria konspiratzailea ukatzen dut, baina bestelako eraginak izan ote diren … Dena den, horiek frogatzea ez da erraza. Ukatzea ere ez.
“Denbora batean onurak onartzea traidorea izatea zen”
Bat: ETAren estrategiaren gakoa gehien sufritu dutenekin enpatia sustatzea izan da, presoekin eta hauen inguruarekin harreman tinko atxikitzen, eta bi: testuinguru horretan etsaiari egin dakien “zerbitzua”ren aitzakia erabiltzen. Bi gauza horiek erabili izan dira kritikak isilarazteko, eta askotan oso modu txarrez, oso modu iraingarriak erabili izan dira.
Adibidez, presoen arazoa, preso batentzat askatasun da gauza behinena, eta askatasuna lortzeko baldintzak baldin badira, legeak emanak, horiek exijitu behar dira, bistan da. Gaur egun, preso erien aldeko onura penitentziari guztien aplikatzea exijitzen dugu, hain zuzen ere, preso eta pertsona hori ahalik eta libreen eta duinen bizi dadin, hasteko gaizki dagoelako. ETAren historian ez da beti horrela izan. Yoyes horregatik hil zuten, hau da, jendeari irtenbide “indibidualak” eskaini zaizkionean ETAk ez du onartu: “Honaino iritsi naiz, onurak nahi ditut”, esan du presoak. ETAk posibilitate legalak ez zitzaten onartu kontra egin du gogor, bai kartzelatik ateratzeko bai erbestetik etortzeko. Zenbat jende ez da izan damututzat jo eta iraindua? Bidegabeki. Zenbat sufrimendu izan da? Humanismo eza ikaragarria izan da eta hori guztia ideologikoki justifikatu da. Baina, orain egin nahi dena, lehen ere posible zen egitea, ezta? [Uribetxeberria presoaren egoera izan dugu gogoan]. Denbora batean onurak onartzea traidorea izatea zen.
Egoera arindu egin da. EPPKk egiten duen irakurketa iraganean ez zen haizu. Hau da, onurak beste era batez ulertzen dira. Edo gure burua engainatzen ote dugu?
Bai, egia da, moduak aldatu dira, baina, kasu oraindik ere. Kritika egiten baduzu, etsaiaren jokoa egiten duzu, etsaiaren esku makil objektiboa zara, edo “babo erabilgarria”. Orain arte horrela izan da bederen. Zenbat borroka eta sufrimendurik ez dugu jasan. Konparazione: 2002ko Aberri Eguna gogoan daukat, Donibane Lohitzunen. Ordurako Elkarri-ren aurkako kritika zabaldua zen, artean, ABk Iparraldean eta Aralarrek Hegoaldean kritika politikoa egiten zuten ezker abertzalean. Hauek ez zuten esaten inongo momentuan biolentzia iraultzailea gaizki zenik, hauxe zioten: “ETAk egiten duena gaizki da, politikoki bereziki”. Artean, kritiketan alde etikoa sartu edo sakondu gabe. ETAk bere hurrengo komunikatuan hauxe erran zuen: “Kritika horiek egiten dituztenak torturatzaileen lagunak eta kolaboratzaileak dira”. Beraz, AB eta Aralar etsaien pare jarri zituen. Nik jende kritiko horrek nola sufritu duen ezagututa, tripetan zer-nolako mina zuten, jende hori aritu zen errefuxiatu eta iheslarien lanetan eta laguntzan, errepresioaren aurka lanean jazarriak izan ziren, eta ETAk dio Estatuaren kolaboratzaileak direla. Ez Batasunak, ez intelektual organikoek, ez urte haietan ETArekin desakordioan ziren askok, ez zuten ezer esan.
Anaia-arreben begirada hotza.
Eta egurra… ETAk egindakoa analizatzeak, arrazionaltasunez azalduta, gureari esplikazio bat ematen dio. Eta liburuan badago bigarren parte bat ere, ezker abertzalean gauzak hobeki egin aldera errespetu handiarekin egindako kritikak, hainbeste sufritu dutenen ahotsa ekarri nahi izan dut liburuan. Alegia, ez dira soilik nire artikuluak, liburuan erreferentzia asko dago, eta horietako hainbaten izenak inizialez ateratzen dira. ETAren desakordioan idatzi eta aritu direnenak urte haietan. Eta asko sufritu dira, eta jende horren memoria izan nahi du liburuak. Hori ere gure historiaren parte baita. Liburuak jende horren memoria agertu, garbitu eta balioztatu nahi du. Hori ere inportantea da. [Errelatoa delakoa heldu zaio burura elkarrizketa honen egileari].
* * *
Beltzaren errana: “ETAren historia aberatsa da”.
Bistan da. Nik esandakoa errepikatzen dut, berpizkunde nazionalaren urratsa oso handia izan da 60tik 80ra, horretaz ez daukat dudarik, ezin da hori ukatu. ETAren bigarren aldia, trantsizioaz geroztik hona, besterik da: ETAren inguruan indar gaitza bildu zen justiziazko helburuak atxiki eta horiek biziarazteko, baina ETAk politika eta estrategia autoritarioa garatu ditu, joera estatalista, lerratze terrorista, sufrimenduaren sozializazioa…
Ezker abertzaleak ere bizi eta pairatu ditu horiek, eta atzera ezinezko bideetan sartuta ibili da urte luzetan. Eta, halere, horiek horrela, ezker abertzaleak zutik irauteko erakutsi duen indarra ikaragarria da. Gaur egun, ETAren estrategia militarra bukatu da, porrota da. Autodeterminazio, lurraldetasuna eta amnistia ordea, helburu dira betiere.
ETA iritsi den unera iristeak eta amaitze moduak harritu al zaitu?
ETAk 700 preso utzi ditu barnean, askatzeko negoziaketaren itxaropenik gabe, lurraldetasuna zegoen puntuan, eta autodeterminazioa zegoen ezagutza mailan Estatuari dagokionean. Ez da helbururik lortu, ETAk utzi du borroka armatua, eta zentzu honetan, porrota izan da.
Niri beldurra ematen didana hauxe da: hemen ere, borroka armatuaren edo biolentziaren afera Italian bezala bukatzea. ETAko jendea kartzelan urte luzez egotea, zigorra osoa bete behar izatea. Nire beldurra hori izan da 1980tik. Negoziazio teknikoaren esperantza nuen eta orain ez da egongo. Izan ere, Estatuak garaipenaren estrategia ote duen hartu beldur bainaiz, garaipen poliziala eta mendekua. Eta ari da egiten.
Baina bake prozesu batek amaiera duina ekarri behar luke.
Oxala. Eta hartara ETAren historia bukatuko da, noski. Baina, gaur egun ez dago Estatua erabiltzen ari den blokeo estrategia hori behartzeko adinako indarrik.
Ezta ezker abertzaleak babes eta mugimendu zibil erraldoia bilduta ere?
Nekez. Zaila. Estatuak bestelako neurriak har ditzan, Espainiako Gobernuak bestelako beharrak behar ditu izan, mugimendu horrek sortarazi behar ditu behar horiek. Aukera bakarra dago, nire ustez, azken egoera ekonomiko larria tarteko, jendarteak Estatua behartzea horretara. Nik bezalako internazionalista batek erran luke: “Espainian jende demokrata eta iraultzailea berotzen ari da eta parada baliatu beharko genuke horiekin lotzeko”. Zubiak aspaldi puskatu ziren edo genituen, ordea.
Izan ere, gurean, funtsean, nazionalismoaren ideia gailendu baita, gureak iraultza sozialetik gutxi izan du.
Baina, hara, ezker abertzaleak zera dio: “Espainiatik aldentzeko une egokia da”. Hasteko, ideia horretan ikuspegi nazionalista nagusitzen da berriz ere. Espainian dagoen borroka gogoa mozten duena. Aitzitik, zubiak eraikitzeko unea da. Espainian sortu liteke gogo hori, eta ezker abertzaleko partaidetzarekin sortu ere, eta ez dut esango Espainiako gaur egungo mugimendu soziala iraultzailea direnik, baina bai dela irekia askatasunari, balore sozialistei. Orduan, hortik etor liteke aldaketa, orduan hemengo egoerak aitzina egin lezake.
Ezker abertzalearen lanak (EH Bildu, Bildu…) instituzioetan zer ekar lezake?
Autodeterminazioaren alde eta populuaren alde egiteko ezker abertzalearen estrategia mugatua da. Hemendik aurrera lekuan lekuko botereak lortzeari ekinen dio, horrek berak Estatuaren edota Estatutuaren legalitateari indarra emango dio, eta ezker abertzaleari ere bestelako onurak. Hau da, hautetsiak izango dituzte Euskal Herriko botere gunetan, baina egoera uzkaltzeko? Amnistia lortzeko?
Zer gehiago gehitu dezakezu geroari begira?
Kapitalismo harro, zanpatzaile eta ankerraren aurrean gaudela. Beraz, borroka armatua berriz ere azalduko ote den egunen batean, ez dakit. Sabotajerako badago leku morala, borroka armaturako ez dut leku politiko estrategikorik ikusten, baina ez dakit urte batzuetara zer gertatuko den. Gurean egindako hutsak, formazio hutsak, helburuen eta teknikaren erabilpenak analizatzeak balio behar lukete geroari begira jartzeko, eta oraindik ere bizi luzea egin beharko duen Euskal Herriarentzat. Nik ez dut biolentzia iraultzailea kritikatzen edo arbuiatzen, bizitza ez da balore gorena, liburuan diodanez.
Azken mezu bat, zure liburuaren zentzua hobeto ulertzeko.
Bat: askatasunaren alde egin dugun guztia, harrotasunez errebindikatu behar dugu. Nik, adibidez, hor barnean sartzen ditut ekintza kulturalak, hizkuntzaren aldekoak, artistikoak, jendarte eta elkarte sozialen lana, baina ez dut inolako arazorik ere esateko, atentatu batzuk, Carrero eta Manzanasen aurkako atentatuak, eta izen gehiago emango nuke, harrotasunez errebindikatzen ditudala gaur egun ere. Badakit ez dela erraza hori azaltzea, biolentziarekiko kontsiderazio politikoak aldatu egin direlako, badakit, kontsiderazio politikoak eta sozialak, eta gauza batzuk harrotasunez aipatzea ez da egokia, baina historiari begira errebindikatzen ditut.
Bi: huts eta ekintza txarren erabakitzeko izan diren motibazio politikoen analisia egitea eskatzen dut, gure helburu politikoen ulertzeko eta baita beharkizun etikoa errespetatzeko, izan diren xehetasunak ulertzeko. Hobe da horien ulertzea, azken batean, horien atzean presoak baitaude, eta pertsona horiek beste pertsona batzuk hil izan badituzte ere, nik amnistia errebindikatzen dut, ez bakarrik etxekoak direlako, baizik horien erreflexio politikoen atzean bazegoelako eta badagoelako, zerbait positiboa.
Eta honek ez du kentzen eragindako biktimei enpatia izatea. Biktimei, enpatia agertu behar zaie, eta bereziki inozenteei, zergatik izan diren biktima azalduz, eta erakundeak esku hartu behar du zeregin horretan. Hau da, ETAk autokritika eta barkamen politikoa egin behar ditu IRAk egin duen bezala. Ekintza egileak ez du egin biktimak pertsonalki gorrotatzen zituelako, erabaki politiko baten ondorioz egin ditu, erabaki politiko okerra eta txarra ikaragarri bada ere, ETAk asumitu egin behar du, eta holako zama kendu militanteen gainetik. Ekintza okerren ardura erakundearen gainean jartzen bada, presoei eta erbesteratuei laguntza handia emango zaie. Erakundeak hori egin behar du beste garai batera iragan ahal izateko.
Iruzkin bat
Trackbacks/Pingbacks
- Emilio Lopez Adan, borroka armatuaz mintzo | Zenbat Gara - [...] Beltza, izango dugu gonbidatu, berriki argitaratu duen ETAren estrategia armatuaren historiaz liburuaren haritik borroka armatuaren urteez mintzatzeko. Liburuaren hariari…
Jode, elkarrizketa irakurrita, ‘arrazoia nuen, arrazoia nuen!’ oihukatzea falta zaio. Erretxinduta jarraitzen du gixajo honek…
Nik ez dut erosi edota irakurriko