Politikaz (euskaraz)
Hemerotekari begira ari naiz, nire partikularrari. Berria egunerokotik moztutako txatalak birpasatzen ari naiz:
1: EAEko Euskararen Legeak 30 urte erreportajea kari, besteak beste, hauxe irakurri dut: “Oraingo legeari eutsi nahi diote EH Bilduk ez beste alderdiek”.
2: Beste txatalen bat ere hostokatu dut. Soslaia: Rafael Bengoa.
Euskararen –politikaren eta politikaz oro har– inguruan zerbait idaztera ausartuko nintzelakoan bazter utzi nituen berri horiek.
– Gauza ahal naiz iritzi-analisia egiteko?
– Bada, ez, oraingoz ez.
Ordea, politikaren analisia orokor horren esperoan, analisia gauzatzeko traba egiten dizkidaten aurre-juzku zenbait paratu nahi ditut:
1982an, Euskararen Legea adostu zuten alderdi guztien ordezkariak bildu ziren Eusko Legebiltzarrean, Euskararen Egunaren karietara. Egungo beste biltzarkide zenbaitekin batera daude berripapereko argazkian, besteak beste, Pedro Miguel Etxenike (EAJ), Jose Antonio Maturana (PSOE), Jose Luis Lizundia (EE), Alfredo Marco Tabar (UCD).
Legeak balio duen edo ez, alde batera, nire galderak –kezka barne– hauexek:
– PSOEko Maturanak eta UCDko Marco Tabarrek euskara –apur amiñi pixka-bat bederen– ikasi ote dute Lege horren markoan?
– Haiek ez badute ikasi, ikasi al dute euren seme-alabek?
– Erabiltzen al dute euskara, gaztelaniaz darabilten legez?
Bidenabar erranik: Lizundiak eta Etxenikek euskaraz egiten zuten eta dute. Etxenikek helduaroan ikasia, ingelesa ikasi ondoren edo batera. Etxenike eta Lizundia ez bezala –hauek “nazionalistak” baitira– Maturana eta Marco Tabar, ez omen dira nazionalistak.
Egun bertsuetan bildutako bertze txatala: Soslaia. Rafael Bengoa. Berriak hola dio: “Lopezen taldetik Obamarenera”.
Funtziotan segitzen du Eusko Jaurlaritzan [Osasun kontseilari ohiak, alegia], baina lantoki berria aurkitu du Rafael Bengoak (…). Barack Obamarenera joango da, aholkulari gisa; AEBetara. Osasun erreforma nola egin aztertzeko talde batean arituko da. (…) Patxi Lopez lehendakariak agurra egin dio sarean: “Profesional handi bat darama Obamak…”.
Galdera markarik ez, harridura oraingoan:
– Rafael Bengoak ingelesez ederto jakinen du, to! Alta, ez dut behin ere euskaraz entzun iragan legealdian.
– Horiek horrela, to eta no! Egin ezak Euskararen Legearen gaineko edota azpiko iritzi-analisia!
Horra analisi labur-laburra:
Euskararen Legeak lege, erdaldunek euskarari bizkar bizitzeko bermatua dute; euskaldunok ostera españolez ikasi eta egin behar dugu porkoj…
… eukarari bizkar bizitzeko eskubidea… esan nahi nuen.
Osasuna.