Ariège eta Foix gogoan, lanera
Abuztuan ez ohi dugu paperezko Argia publikatzen, lau asteko oporraldia hartuta. Lau aste hauetako lehena hartu ohi dut bete-beteko oportzat, seme-alaben ama lagun. Gainerako hirurak, mundura ekarri ditugunak eta mundura ekarri gintuztenak alboan izaten ditugu, eurekiko ardurak partekatu beharrean. Lagunarekikoak, bestalde.
Lau aste joan dira Ariègen, Foix-en, egon ginela. Egonaldia atzo balitz bezala dut gogoan, alta, mundualdi bat joan dela dirudit.
Berriz ere denbora aipagai, bera dut/dugu mundu-aldiko berebiziko aldagai.
Opor osteko berba salda hau Okzitaniako eskualde horretara joateko gonbidapena duzu, besterik barik (sin más diote gaztetxoek egun).
Hego-mendebaldeko berbak bururatu zaizkit gure ipar-ekialdera begira jarrita. Akaso, gu handik ibilitakoan laga genituen zantzu batzuek jar zaitzakete harako bidean. Agian:
Pirinioen albotik abiatuz, euren magalak bistatik galdu gabe, aise duzu Ariège: Andorra parean. Artean mundua dagoela pentsa dezakezu, baina finean etxean zaude: Auñamendietan gaindi duzu Ariège.
Foix-era arribatu gauean, Trade’estiu asoziazioak antolatu jaialdian dantzan egin genuen herriko plazan: Lantz, Axuri beltza eta Zazpi jauzien erritmora. Bitxikeria. Aurkezleak azken dantza hori Biarnoko dantza gisa aurkeztu zigun. Zazpi aldiz jauzi egin genuen nolanahi ere. Eskiulaz gogoratu nintzen.
Luza nezake jarduna, hamaika zantzu eman ere. Honatx, Foixekoez bertze, beste arrasto lodi zenbait: Saint-Girons, Mirepoix, Ax-les-Thermes, Les Mas d’Azil, Saint-Lizier… bisitatu genituen.
Goiz batean, lur azpiko 70 metrotan, kilometro luzaz nabigatu genuen (Rivière souterrain de Labouiche) eta hurrengo egunean Trois Seigneurs mendi tontorra (2199 metro) zapaldu genuen.
Kobazuloak eta burdinolak ere ezagutu genituen/ditugu. Elizak ez dira eskas. Protestanteen eta Kataroen lurralde duzu Ariège.
Foixeko Gazteluan egon ginen, prefosta. Joana Albreteko erreginari (etxeko alabak izena berari zor dio hein batean; Baxenabarren bizi izan gineneko arrastoaren ikur) eta Henrike II. Nafarroakoari (Joanaren aita) bisita egin genien. Bertan dago Nafarroako azken Errege izan zenaren ohantzea.
Antzinako kontuak, hain urrunak eta horren hurbilak. Aldia, hots. Denbora, neurtu ezinezko aldagaia. Ariège ez da urrun, Pirinioetan gaindi duzu, bertatik bertara. Gure herriaren historian barrena aurki dezakezu. Aldi eta hautu kontua duzu.
Paraje ederrak Mikel, bai horixe! Guk ere oso maite digu inguru-mari hori.
Zazpi-jauziak dantzari buruz, gure dantza gehienak bezala, hori ere Europako hainbat seniderekin konpartitzen dugu. Jean Michel Guilcherrek esan zuen bezala, “Le Zazpi jauziak basque n’est qu’une forme locale d’une danse-jeu de large diffusion européenne”. Berak Beljika, Holanda, Suitza, Alemania eta Eskandinabiako herrlaldeetan dantza ezaguna dela aipatzen du Guilcherrek, eta ziur aski, jatorrian kontra-dantza zahar bat izango dela. Biarnon, dantza-jauziak (sauts) ohikoak dira, eta jauzi bertsuak (“le Monein”, “le Moutchicou” e.a.) dantzatzen dituzte, beraz, posible da “Les sept sauts” biarnokoa (ere) izatea.
Bizi dantzan Mikel!
Aupa Oier,
Estimatzen dizkizut berba hauek, bai horixe. Inorengandik jaso izatera, zuregandik jasotzea ohorea izaki niretzat. Adorezko hitzak, eta dantzaren inguruan emandako azalpenak, paregabeak, dakien batengandik datozelako, biziak eta zinezkoak!
Besarkada handia zuri, dantzari hori!
mkl