Orreagaren inguruan… (II)
Orreagaren gainean, Orreagaren inguruan, Orreagari buruz izenburuko postak 21 iruzkin ekarri zituen blog honetara. Martin Larraldek (zein Martin? zein Larralde?) idatzi zuen lehena. Peru, Amaia, Iñaki, Fergal, Arrasate, Iker Araotz, Arrangoitz eta Imanol izan dira haren arerioak. Nor dira pertsona horiek guztiak? Nor da izen bakoitzaren atzean?
Plaza galdu dugu. Eztabaidak ez dira bekoz beko izaten engoitik. Exajeratu gabe, euskal plazetan –gure historian– ez da politikaz eztabaidatu funtsean. Pilotari, aizkolari, harri-jasotzaile –bertsolariak tarteko– eta itzain lehiakideek hartu dute gure plaza. Nor baino nor. Horixe gure indarra, hori gure nor eta izatea.
Orreagako Anabitarte eta Erauskin kideekin izandako elkarrizketa irakurri gabe egin zituzten iruzkin horiek. Elkarrizketa argitaratu ostean berrirakurri dut berau. Elkarrizketek –nik egindakoek– sorrarazten didaten ohiko inpresioa eragin dit. Handi-handika erranik, hauxe:
Elkarrizketa artifizioa besterik ez da –kazetaritza generoaz ari naiz–. Dialektika. Hitzak besterik ez. Eurenak eta nireak. Eta nire hurrengo hitz hauek berriz ere, hitzak dira, hitzak besterik ez.
Orreagaren gainean, nire ikusmen laburretik: Orreagaren ideologiak duela bost mende galdu genuen (tira, ordukoek galdu zuten) Euskal Estatuan (Nafarroa) hartzen du funtsa. Izate hura gizaldiz gizaldi galduz joan da, eta euren ustetan, artean, EAJk (Jainkoa Eta Lege zaharra) 1936an eraiki zen azken estatuaren abagunea deuseztatu zuen –1962an hondoratzen hasi zuena 1977an eraisten jarraitzeko–.
Harrezkero, ezker abertzalea ere (ETismoA) bide beretik ari da, estrategia eza dela eta. Jeltzaleak (JELtsismoa) bezalatsu, alegia. Orreagaren iritziz, herri honek ez dauka berau independentziara eramango duen berezko estrategiarik. Herri hau okupatua, menperatua, zapaldua eta asimilatuta dagoela dio Orreagak. Hots, euskal herritarrok engoitik orain ez gara gure izatekoak.
Galdera: zein da bost mendetan galduz joan den –garen– izatea geureganatzeko estrategia politikoa?
Erantzuna: nire ikusmen laburretik ez dago izate hori berreskuratu dezakeen estrategia politikorik. Ez dago mendez mende gure alboan garatu diren estatu-politiko horiei jarduera politikotik buru egiterik, ez “politikoki” garaitzerik.
Orreagaren inguruan, nire ikusmen lausotik: ez gara gure izatekoak, ez gara gure baitakoak. Sinesmenaren esparruan sartu gara. Erlijio jarduera iraganean nola halatsu gaur egun jardun politikoa. “Politika” diskurtsoa da, dialektika, eta doktrinamendua ere bada.
Orreaga herriaz mintzo da, berau “ente” definituta eta osatuta balego legez. Aldi batez, herri “engainatua” bezala hartzen du Euskal Herria. Herri horrek egia –errealitate politikoa– noizbait bere egingo duela eta nonbait suspertuko den jende-ostea bezala ikusten du.
Nire ikusmen lausotik, herria –jendartea– norbanakoek eta jendeek osatua da. Heziketaren, soziologiaren eta psikologiaren araberako izatea duena. Mendez mende zertuz eta aldatuz joan dena. Jendea (nor) pertsona bilakatu gara –pertsona gara–, kontraesan intrintsekoa, barne-barnekoa. Pertsona, dena eta izan nahi duenaren arteko izate mugatua da. Pertsona hobekien definitzen duen hitza “miseria” da. Miseria moralaz ari naiz.
JELtsismoak eta ETismoak legez, Orreagaren pentsamenduak ere, herria bere eta bereganatzeko –salbatzeko– nahia dauka. Ordea, jendea –inor– ez dago libreki bereganatzerik, ez salbatzerik.
Orreagari buruz, nire ikusmen inozotik –edo handiustetik: demokrazia herriaren gobernamendua da. Herri honek ez du herriko plaza egundo politikoki hartu. Herria kudeatzen duen politikaren bilakaera geldiezina da, etengabe aldatzen doana. “Politika” posiblearen artea –bilakatu– da, politika posibilismoaren esparruan jokatzen da. Herri honen “izate posiblea” errealitate horretan gauzatzen da. Herri hau esparru horretan asimilatua bizitzen “egokitu” da.
Orreagak dio: “Independentzia da demokraziaren abiapuntua”. “Independentziarik gabe ez dugu demokraziarik”.
Neronek, nire ikusmen inozotik: demokrazia jendearen izate naturalaren kontrakoa da. Jendea pertsona bilakatuz joan den arau joan da demokrazia gauzatzen. Herria –jendartea– independentea delako ez da demokratagoa. Aitzitik, estatua gauzatzen den heinean pertsona menpekoagoa bihurtzen da. Estatua ez da inoren askatasunaren berme. Okupatu, menperatu, zapaldu eta asimilatu gaituztenak estatuak dira (espainiarra, frantziarra, europarra laster, estatubatuarrak tarteko…). Engoitik orain, estatua da –omen edo bide– euskalduna nor izateko bermea. Hara, paradoxa ! Paradoxa eta malura!
Politika “indarra” dela dio Orreagak. Zeri esaten zaio indarra baina? Indarra bada jende kopurua izatea, herri hau menpe hartzen duten estatuetako pertsonak askoz gehiago dira, beren estatua –ei eta bide– eraiki nahi duen herri honen jende kopurua baino. Indarra armak izatea bada, estatu horiek aise arma gehiago daukate herri honek baino. Haiek beti garaile, beraz.
Politika indarra bada, euskaldunok ez dugu munduan izaterik. Herri honek historiaren bilakabidean “galdu” edo “eraiki” ez duen izate politikoa ez dago politikatik eraikitzerik edo berreskuratzerik. Herri honen arazoa, “kultura” arazoa da. Indarra adimena –lantzea– bada, indarra kultura –arimaren eta buruaren lanketa– bada, herri hau nor izango da.
Iruzkin anonimoek jaten dute plaza, iruzkin anonimoak permititzen dituzun heinean. Teknikoki eta humanoki molda daitezke moduak iruzkin anonimoen zaborra ebitatzeko. Ondorioa izan daiteke iruzkin falta, edo oso iruzkin gutxi izatea, baina zaborra okerragoa dela uste dut nik.
Aupa Luistxo,
Egia esan, ni jabetu orduko iruzkin horiek automatikoki sartuz joan ziren elkarren segidan.
Lehen, norberak behar zuen onartu, nik neuk kasuon, iruzkinak. Alegia, onartzen zituen… edo ez.
Nahi nuke izan trepeta hauekin zuk duzun trebetasuna…
Dena den, hori ere, kasuon behintzat, ez dut aitzakiarik bezala erabili behar…
“Onartu” nituen, eta kritika balekoa duzu.
Estimatuta zure iritzia eta iruzkina!
mikel
“estatua gauzatzen den heinean pertsona menpekoagoa bihurtzen da” diozunean, zer esan nahi duzu, euskal estatua lortzean orain baino menpekoago izango garela?
Kaixo Iker,
– Esaldi bakoitzak hainbat zirrikitu zabalik uzten du polemikarako. Kasuon, kontrobertsiarako. Absoluturik ez dago.
– Absolutu bakarra jainkoa dela esan ohi dut, eta –edo baina– bera ez da existitzen. Alegia, “estatua gauzatzen den heinean pertsona menpekoagoa bihurtzen da”. Enfatiko samarra duzu, baiki.
– “Euskal estatua lortzean orain baino menpekoago izango garen?”. Ez dakit.
– Dakidana edo bizitzan ikasi dudana da, euskal estatua –edo edozein estatu– lortzeko menperatzen zaituzten estatuen bestelako logika landu behar dela, bestelako logikaz jardun behar dela
–dugula–.
– Alegia, “geure estatuaren alde (ERE) ekiten dugun heinean pertsona menpekoagoak bihurtzen gara”.
– Tira, erran bezala, nireak (ERE) hitzak besterik ez dira.
P. S. Modu lurtarragoz errana, eguneroko zoruari lotua: Ertzaintzak Amalur Mendizabal herri hautetsia kolpatu du. Ertzaintza geroko gure estatuaren polizia da.
– “Euskal estatua lortzean oraingoa ez den bestelako poliziarik izango al dugu?”.
Adeitasunez,
– Amalur Mendizabal herri hautetsia bada, espainiar herriko hautetsia da.
– Ertzaintza, autonomia espainiar bateko polizia besterik ez da
Zuk uste duzu, Euskal estatua lortzean, bertako poliziak atzerritik gure herritarrak atxilotzera datozen poliziak defendatzen arituko direla?
Imajinatu dezakezu adibidez, Portugalgo polizia, giza eskubideen alde lan egin duten portugaldarrak atxilotzera joan diren Guardiazibillak babesten?
“Amalur Mendizabal herri hautetsia bada, espainiar herriko hautetsia da”.
(…)
– Dakidana hauxe da: Amaiur Mendizabal euskal estatua nahi duten “euskal herritarrek” hautatu dutela.
(…) Euskal estatua lortzean, bertako poliziak… (…)
– “Bertako poliziak, paradisuko poliziak ote?”.
– Horrenbestez, “usteak uste(l)” ez dut bestelakorik “imajinatu” nahi ere.
“paradisuko poliziak”? Nik poliziei buruz esandakoa paradisiakoa iruditu zaizu? Mundua paradisuz beteta ote?