EAJk independentziaren aldarrikapenari nola, ezker abertzaleak amnistiarenari?
Amnistia eta askatasuna ezker abertzalearen 50 urteko historiaren lema da. 2011ko urriaz geroztik, ezker abertzaleak aldebakarreko estrategia abiaburuan –Aieteko Adierazpenaren ondoren–, “amnistia” ez da ezker abertzale ofizialaren (Sorturen ) lema. Edo ez du horren fermuki aldarrikatzen bederen.
Bake prozesua aldebakartasunezko ekimenez abiatu zen, eta horrek berak, aldebakarreko ekimena izateak, bermatu beharko zukeen Amnistia eta askatasunaren lema. Lema eta funtsa.
Amnistia eta askatasuna ezker abertzalearen ideien funtsa izan da, eta da. Edo izan beharko luke, baldin eta bere historiari –begi-bistako garaipen politikorik erdietsi ez arren– zentzu emango badio. Erran nahi baita, kontua da askatasuna eta amnistia nola ulertzen den. “Askatasuna”, presoei dagokienez, ezker abertzale ofizialaren (Sortuz gain, bakoitzak ipini ditzala gainerako eragileak) estrategiak berak murriztua –izan– da. “Amnistia”, egungo lege eta marko politikoaren arabera gauzatu daitekeen eztabaidatu gabe –ez da marko bakarra, bi baitira, Espainiakoa eta Frantziakoa–, “amnistia” euskal presoen politikotasunaren adierazpen erabatekoa da. Bake prozesua gauzatuko balitz, prozesu sendoa, berez eta funtsaz “amnistia” erdiesteak garaipena izan beharko luke. Areago, lortu daitekeen bakarra, nik uste.
Gaur gaurkoz, “independentzia” ez da ezein alderdi politikoren lema. Ez EAJrena, ez uneon Sorturena ere. EAJk funtsean betidanik baztertu du independentziaren aldarrikapena hala nola amnistiarena. Baita Sortuk berak ere orain: EAJk independentziaren aldarrikapenari nola, ezker abertzaleak amnistienari?
Halaber, ez dezagun Sortu nola legalizatu zen ahantz. Gogora ditzagun bortxaren –borroka armatuaren– erabilerari buruzko bere postulatuak. Hots, Sortuk legalitatera itzuli behar zuen ezinbestean, baita Bake prozesuaren bidean sartu ere, politika posibilistaren bidean.
93 preso eta iheslari ohik Amnistia eta askatasuna aldarrikatu dute berriki, baita lema horrekin mobilizatzera deitu ere. EPPK-k berriz, presoen askatasuna lortzeko beste bide bat urratu nahi du. Langraitz bideko presoak bestalde; besteak beste. Amnistia eta askatasuna aldarrikatzen dutenek, presoak askatzeari lehentasuna ematen diote eufemismorik gabe. Presoek ez dutela inoren estrategia politikoaren menpe egon behar diote. Bake prozesua orain garatzen ari den moduan –edo bidean– gauzatzeak ez duela presoen politikotasuna bermatzen. Edo hala ulertu dut nik.
Aieteko Adierazpenaren ondoren, 2012an Baionakoa heldu zen, eta aurten berriz, Parisko Konferentzia. Anartean, bake prozesua indartzeko gomendioak eman dira, baita presoen gehiengoa biltzen duen EPPK-k “bide berri bati” argi berdea eman ere. Bidea funtsean, historian presoei ukatu izan zaion bera da. Nork bere bidea urratzeko askatasuna.
Hitzak hitz, eztabaidak eztabaida, elkar onartzeko garaia da. Damua eta traizioa hitzen erabilpenaren garaia gainditzekoa. Edo inork uste al du Bake prozesua gauzatu daitekeenik, nork bere etxean bakea egin barik?
Zer da eskas baina? Heldutasun politikoa. Ezker abertzalearen demokratizazioaren falta. Norberak arerioari eskatzen dizkion eskubideak bere etxean postulatzea eta praktikatzea. Edota etsaiari aurpegiratzen zaion nagusikeria, nork bere etxetik erauztea.
Artikulu gogorra bezain beharrezkoa, argigarria, bati baino gehiagori pentsarazi beharko liokeena, objektiboa eta gardena, gure errealitate politikoaren azpildurak ezagutu ahal izateko balio duena. Eskerrik asko, Mikel