Nazioa kontu naturala da eta euskaldunok naturaltasuna galdu dugu
Elkar, 2017
Hizkuntza, Nazioa, Estatua saioak iradoki dizkidanak azaldu aitzin, liburuaren tamainaz eta azalari buruzko azaleko pare bat inpresio paratuko ditut. Tamainaren aipamena hutsala izan daiteke, azalarena ez hainbeste.
Joxe Azurmendiren saio hau ez ohikoa da, tamainaz ari naiz. Bere “ideologia”-ren jarraitzaileek –jardun politikoan ari diren abertzaleek– biziki goraipatua izan da saiogilea, zeruan eta jainkoaren pare jartzeraino, alta bada, oso gutxi irakurria –izan– da, ene uste zuloan. Arrazoiak, besteak beste, saioa generoa ez delako “modan edo bogan” nonbait, eta Azurmendirenak ez dira egungo jendarteak hartu duen abailan “eramateko” tamainakoak. Funtsean, ene uste zuloan, saioak ez dakar saiogilearen pentsamendu berririk. Hori ez da gutxiesgarria. Aitzitik, Xabier Mendiguren editoreak poltsikorako saioa ondu du oraingoan. Beraz, biok ala bioi, eskerrik asko.
Azala: hauxe bai dela “kritikagarria”. Bilboko karriketan joan deneko hamarkadetan ohiko bihurtu den manifestazioa islatzen du azaleko argazkiak. Azken bost urtetan, urtarrilean, azken 40 urteko gatazkaren ondorio gaitzek ekarri duten herri honen egoeraren isla da, presoen eskubideen aldeko urteroko argazkia. Azala ez zait egokia iruditzen hizkuntza, nazioa eta estatua hizpide dituen saio bat irudikatzeko. Ez da lagungarria, ezta saltzeko ere. Nork bere aburua.
Herodoto historialari greziarrekin abian da saioa (480/479an K. a.). Persiarrak erasoan, greziarrak euren hirien defentsan ari dira. Nazio klasikoaren funtsa aztertzen du saiogileak. Komunitate linguistikoa eta Komunitate naturala. Greziako eredua hizpide: estatua eraikin artifiziala da. Nazioa berriz naturala. Nazioa beti plurala da eta bilakaeran dago. Modu askotan adierazten da, baina bata da, bakarra. Espainia eta Frantziako estatuen adibidea egokia da hori ulertzeko, euskaldunontzat bereziki. Alabaina, “euskal nazioa izan zen, zentzu klasikoan, gaur egun erdi hautsia dago”. Lerro gutxitan, ikasbide ona Joxe Azurmendirena.
Horiek historia dira. Orain kontua da nola pentsatu euskal nazioa. Hori ez da betekizun samurra, Azurmendik dioenez: euskara dela, arraza dela, independentzia dela… Gure Erresumaren eta Nazioaren historiak dialogo ezinezkoak sorrarazi ditu. Hona egilearen ondorioetako bat: Nazioa ez da komunitate politikoa. Nazioak historikoak eta kulturalak dira. Ondorioa eta ikaspena, gaitza: “Ez gara izan ginena eta ezer berririk izatera ez gara heldu”. Naturala eta kulturala ez dira kontrajarriak, haatik.
Galdera erretoriko eta errepikaria heldu da: “Zerk egiten gaitu euskaldun?”. Atal hau da berria. Pentsalari berriak heldu baitira iragan berrian ia hutsik egon den plazara. Jule Goikoetxea, berbarako: “Subalternitateak egiten gaitu euskaldun”, dio honek. Azurmendi ez dator bat. Edozein dela subalternitatea ere. Goikoetxeak, Euskal Estatu feminista izan ezean, ez dela Estaturik izango esan ohi du. Beste pentsalari berriek ere –Imanol Galfarsoro, Unai Apaolaza, Joseba Gabilondo…– beste subalternitate batzuk tarteko, euskal nazioa berregiteko orduan ez diote lehentasuna euskarari, edo zalantzan jarri dute behintzat. Munduan eta Euskal Herrian ere subalternalitate berriak sortu dira joan deneko mendean, baita euren inguruan nazioa bestela pentsatzean dutenak. Badago gehiago: “Estatua berdea edo ekologista ez bada, ez da Euskal Estaturik izango”. Ez da kontu berria, iragan berrian ere, “Sozialista ez bada, ez da Euskal Estaturik izango” esan da. Hori da, izan da edo izan zen, ETA fenomeno politiko sozialaren aurrekaria edo premisa, ezta?
Kaskanteko euskal herritarraz dihardu Joxe Azurmendik segidan. Nekez ikusten du Kaskanten halakorik. Identitateaz ari da. Euskal nazioaren etorkizunaz bere aburuak eta ekarpenak ekarri ditu azkenik Azurmendik. Luzetsi naizenez, gogoeta “xumea” paratuko dut amaitzeko:
Nazioa berez politikoa izan ez arren, arazoa politikoa da. Noski. Zer bestela? Nazioa Naturala da. Kaskanten Euskal Nazioa ez da –izan– Naturala. Bilbon bai, nonbait. Alabaina, ene itauna: egun Bilbokoa euskal herritarra al da eta Kaskantekoa ez? Bilbokoa, adibidea da. Bilbo Handiaz ari naiz. Arazoa tamainakoa da gero. Ez da euskaldunok galdu dugu/genuen hiri bakarra. Aro modernoan, orduan nonbait galdu ere hiriak.
Aro garaikidean, gure historiako nazio naturala, definitua, jeltzaleena izan zen: EAJren “Jainkoa eta Lege zaharra” lemapean. Jainko hura hil zen. Legea izan bazen, egun ez da gurea, ez abertzaleena behinik behin. Egungo legeak ez digu euskaldunoi herritar libre izaten uzten. Haren ondoren, geurezko legea ezartzeko ETA jaio zen. Euskadi ta Askatasuna. Lehenik (Euskadi) Estatua eta ondoren Askatasuna.
“Ez gara Estatuaren mirabeak, Estatuak izan behar du gure zerbitzari”, dio Azurmendik. EAJ estatu arrotzen mirabea (bilakatu) da. ETA, berriz, balizko eta “beharrezkoa dugun” Euskal Estatuaren bilakabidean, askatasunaren urratzailea bilakatu zen edo da. Ezker abertzalea da haren ondorengoa, eta liburuaren azalean irudikatzen dena behin-behineko ondorioa.
“Estatua ez da maita dezakegun ezer, baina ‘behar’ dugu”, dio Azurmendik. Sinplista da erranen dudana, funtsean, ez bainaiz pentsalari ez saiogile. ETA fenomenoaren 60 urteren ondoren, “herri honen gehiengoak” ez badu estatu independente euskalduna izan nahi duen argitu, egileak berak dioenez, “Menturaz, Euskal Herriak ez du salbaziorik”.
Salbazioarena biblikoa begitantzen zait. Estatua behar dugu euskaldunok. Hara, bada hori ere, ene begietara, Jainkoa da edo haren ondorengoa. Agian, pentsalari berriek jendartearen, euskal herritarron eta euskaldunon askatasunari buruzko saioak idatziko dituzte. Neronek, bestela, nekez ikusten dut Frantziaren eta Espainiaren artean “deus berririk” ekarriko duen estatu berririk sortu ondoren. Alegia, haiek ukatu digutena ukatuko ez duen bestelako estaturik. Hots, askatasunaren bidean garatuko den estatua. .
Euskaldunok subjektu sakabanatuak gara. “Nola osatu helburu nazionaleko subjektu politiko bat? Nola bihurtu jendarte zibila eragile politiko?” Eta abar eta abar. Egilearen galderak dira. Ez dira gutxi, ez erantzuteko errazak. “Arazoa hor dago. Eta hor tamalez, Heterodok ez digu ezer laguntzen”, diosku Azurmendik.
Azkenik: Agian berandu da, baina aski da erresistentziaz, aski kontra-jazarkundeaz. Nazioa kontu naturala bada, euskaldunok naturaltasuna historiaren bilakabidean galdu dugu. Beraz, egin dezagun herria edo nazioa, modu naturalean, inolako eta inongo estaturen beharrik ez bagenu legez pentsatuz.
Kontrakoa irudi badezake ere, Joxe Azurmendiri nire eskerrik amultsuenak pentsatzen laguntzeagatik.
Saiatu naiz zer esan nahi duzun ulertzen, baina ez dut piperrik ere ulertu. Gehiago garatu ote zenitzake aipatutako puntuak. Interesgarria izango litzate eztabaida bat abiatzeko. Baina ulertzen ez dudana ezin dut kritikatu.
Urlia,
1/ Ez dakit nor zaren, beraz, ezagutzen ez dudan inorekin ez dut jarduten. Normalean ez dut inoren iruzkina onartzen bere izena ezagutu gabe. Zurea salbuetsi dut, gaizki ulertua ez izateko. Zentsuratua uste izatea eta halakorik ustea.
2/ – “Saiatu naiz zer esan nahi duzun ulertzen, baina ez dut piperrik ere ulertu”, diozu
Nire muga da, nire ezintasuna. Edo…
– “Gehiago garatu ote zenitzake aipatutako puntuak”.
Liburua irakurri dut eta horixe eman edo iradoki dit. Agian, ez da inoren gustukoa idatzia. Edo ez dakit ondo adierazten.
– “Interesgarria izango litzate eztabaida bat abiatzeko. Baina ulertzen ez dudana ezin dut kritikatu”.
Bada sentitzen dut, logikoa da ez ulertua ez kritikatzea. Ez dut uste, nik gehiago sakontzeak edo hobeto azaltzen saiatzeak deus berririk ekarriko lukeenik. Are gutxiago, modu honetara. Hau da, debate mediatiko hauen bidez. Beste modu batez ere, ez dakit mereziko lukeen, edo gauza ote izango ote nintzatekeen.
Adeitasunez,
Mikel Asurmendi (zure izena ezagutzea ez litzateke sobran)
Eskerrik asko erantzuteagatik. Askotan gertatzen zaidan kezka da zure sarrerarekin gertatzen zaidana. Zer helburu du egin duzunak? Hau da, zer da komunikazioaren xedea. Laburpen bat egitea? Iruzkin kritiko bat? Irakurri dela adieraztea? Esate baterako, “azken boutade” hori interesgarria izan liteke, baina gehiago garatu behar da. Esan nahi dudana da, irakurleak denbora bat eskaintzen diola testuari eta testua apunte soilak badira, denbora galtzea besterik ez dela. Iruditzen zait isilik egotea ere ariketa sanoa dela.
Behar bada, nire tonoa ez da egokiena, baina ez da nire xedea zu iraintzea.
Ondo izan,
Beñat
“Eskerrik asko erantzuteagatik. Askotan gertatzen zaidan kezka da zure sarrerarekin gertatzen zaidana. Zer helburu du egin duzunak? Hau da, zer da komunikazioaren xedea. Laburpen bat egitea? Iruzkin kritiko bat? Irakurri dela adieraztea?”
– Beñat, kontuan hartzen ditut hauek guztiak eta hausnartuko ditut.
“Esate baterako, “azken boutade” hori interesgarria izan liteke, baina gehiago garatu behar da. Esan nahi dudana da, irakurleak denbora bat eskaintzen diola testuari eta testua apunte soilak badira, denbora galtzea besterik ez dela. Iruditzen zait isilik egotea ere ariketa sanoa dela”.
– Ba, nik ere hori pentsatzen dut. Beraz, hori ere haintzat hartzen dut.
“Behar bada, nire tonoa ez da egokiena, baina ez da nire xedea zu iraintzea”.
– Ez dut horrela hartu, inola ere.
Ondo izan,
– Baita zu ere!
Oharra: Beñat (…. )
Ni Mikel Asurmendi naiz. ARGIAko kazetaria. Hala ere, nire Blogean dauden iritziak eta aburuak nireak baino ez dira.
Hainbat Beñat (….) ezagutzen dut. Uste dut, ez dela zuzena ez osasuntsua, berriz diot, zuk ni “ezagutzea”, eta alderantziz ez.
Ez da lehenaldia. Aspaldiko batean, honen antzeko egoeran (beste testu baten harian) hainbat jendek erantzun zuen, izengoitiz, eta ni zozo halakoak “onartu”. Joe, ez da zure kasua, agian, baina haiek guztiak “beren” egia eta askatasunaren izenean aritu ziren.
Arraioa! Independentzia, askatasuna… bla, bla, bla… Arren, Beñat, izenak izana omen dauka, eta izen-abizenak izana are osatuagoa.