Beñat izeneko bati… (Nazioa kontu naturala da…)
Zuk egindako proposamenari ekinen diot, iruzkinean azaldutako puntuak gehiago garatzeari, alegia. Solaskide dudana ezagutu beharrean, euskal letretan ari diren Beñat-etatik bat irudikatzen ari naiz, oker naiteke, baina lagungarria egingo zait.
1/ Joxe Azurmendiren saio hau ez ohikoa da: Ez dut uste hemen deusik argitu behar denik, baina enkaxka bi ohar:
– Euskaldunak ez du euskaraz irakurtzen (berbarako, ez espainiarrek gaztelaniaz edo frantziarrek frantsesez egiten duten proportzioan). Euskal letretako goi-idazleetako batek ere errana da hori. Arrazoi du. Egunkarietan euskaldunei –euskaraz “ongi” dakitenak barne– galdetzen zaienean, hauxe izaten da agerikoena: irakurtzen dituzten liburuak ez dira euskal idazleen edo saiogileenak.
– Badaezpada, Azurmendi ez da jainkoa, jainkotzat jotzen dutenak bere esparru ideologikoarenak dira. Ezagutzen dut esparrua, “ezker abertzalearena”. Inoiz esan dudanean, “gure esparrua ahula dela pentsamenduz” –esparruaren behealdean mugitu naiz–, Azurmendi ez bada, Sarrionandia aipatu didate. Hori bai, biak irakurri gabe.
– Enkaxka ere: nik dakidala, inongo jainkok ez du bere burua inoiz izendatu, jainkoa jendeak izendatu du.
2/ Azala: hauxe bai dela “kritikagarria”. Luzetsi gabe. Korrika ekitaldiaren irudi bat hobetsiko nuke, esaterako. Alegia, Hizkuntza, Nazioa….
3/ Herodoto historialari greziarrekin abian da saioa (480/479an K. a.). Uste dut, garbi dela. “Lerro gutxitan, ikasbide ona Joxe Azurmendirena”. Oharra: Liburua irakurtzeko gonbita.
4/ Horiek historia dira. Orain kontua da nola pentsatu euskal nazioa.
– “Ez gara izan ginena eta ezer berririk izatera ez gara heldu”. Naturala eta kulturala ez dira kontrajarriak, haatik. Ondorioa eta ikaspena, gaitza. Oharra: aurreko paragrafoaren ildoan.
5/ Galdera erretoriko eta errepikaria heldu da: “Zerk egiten gaitu euskaldun?”.
– Oharra: bat nator Joxe Azurmendirekin, oroz gain, euskarak. Alta, aipatu “esparru politikoa”-k ez du guztiz barneratu hori, nik uste. Alegia, “iraultza sozialista garaile” jalgi izan balitz, euskara lege dekretuz ezarri eta Euskal Herria euskalduna izango zen, hor nonbait. Zirt eta zart! Mundua aldatuz doa, eta beste iraultza batzuk ere jalgi dira, hala ekologikoa nola feminista. Ongi etorriak denak, denak haizu, aizu! Hurkoarekiko errespetuan, hobe.
Gainerakoan: ados, agian nire iruzkina balekoa izateko, puntu horiek hobeto azaltzea behar zuten. Laburrean egin, eta kito. Nork bere patua eta gabezia. Nik neurea. Nire iritzia ere nahas-mahas eman baitut.
Areago bada, amiñi gehiago segidan:
Hizkuntza-z: “Zoritxarrekoa Lege Dekretuz mintzatuko den euskara”.
Joxe Azurmendik esana: “Euskal nazioa berregiteko, esentziala da euskararen indarberritzea”. Ados. Alabaina, euskal berpizkundea eman zenetik, hau da, 60 urte iragan ondoren (ETA fenomeno sozio politiko gisa izendatu dut nire testuan, eta euskal berpizkunde horren genesian sartzen dut), gure nazioaren “esentzia” aldarrikatu behar bada, malo. Ez dut esan nahi, egin behar ez denik. Hala ere, uste dut, berpizkunde haren (h)arian ongi egin ez den zerbait dagoela. Badago, euskaldungoaren pentsamenduan edo ideologian osatu gabeko zerbait. Diot. Eta hartara pentsamendu berria(k) eta ahalaz askea(k) aldarrikatzen ditut. Eta berresten dut, hogei urte nituela, artean euskaldun oso bilakatu gabe, idatzi nuena: “Zoritxarrekoa Lege Dekretuz mintzatuko den euskara”.
Nazioa-z: “Independentziaren ideia beste Europa baten ideia baino ez da”.
Nazioa ezaugarri naturala da. Hau da, aurre-politikoa. Grezia zaharra gogoan, zibilizazioak –hiria, polisa… – sortu aurretik bazeuden herriak eta nazioak. Euskal Herria edo euskaldunok orduan ere izango ginen nor. Bat nator Joxe Azurmendirekin. Kontua hauxe: nazioa kontu naturala da, baina historiaren bilakabidean tasun hori galduz joan garela. Beste nazioek (estatuek) aldian zapalduta, aldian limurtuta aldian asimilatuta, aldian…. Hala izanik ere, nolabaiteko legeak sorrarazi(ko) zituzten euskaldunek, herri-nazio tasunari eusteko legeak. Aro modernotik aro garaikidera, berriz, legeak galdu ziren nonbait. Legeak eusteko Estatua –izan– da bitarteko nagusia eta eraginkorrena. Indartsuek, zer bestela, beren estatua sortu dute. Guk ez. Ez dugu ahalmenik izan. Eta honezkero, estatuen garaia joan da. Eneko Aizpuruaren “Independentziaren ideia beste Europa baten ideia baino ez da”, esaldiarekin bat nator.
Estatua-z: “Maite ez duguna behar izatea”.
“Ez gara Estatuaren mirabeak, Estatuak izan behar du gure zerbitzari”, dio Azurmendik. Nork bere aburua. Nik ez dut “sinesten” inongo estaturik bere jopuen zerbitzaria denik. Ezta Euskal Estatua ere. Are gutxiago, estatua eraikitzeko behar den mentalitatea aintzat harturik. Horregatik, “erresistentzia eta kontra-jazarpena” aipatu izana. Utikan!
“Estatua ez da maita dezakegun ezer, baina ‘behar’ dugu”, dio Azurmendik. Horixe paradoxa, paradigma eta malura, herritar eta jende xehearena betiere: “Maite ez duguna behar izatea”. Esaldi horretan boterearen zantzuak antzeman ditut. Txikitan, igandeko mezan entzundakoak. Jainkoaren hitzak, hor nonbait.
Azkenik: idatzitako “ene pentsakizuna, sinplista edo boutade” delakoa ezabatu dut nire testutik, eta hauxe berretsi:
– Nazioa kontu naturala bada, euskaldunok naturaltasuna historiaren bilakabidean galdu dugu. Beraz, egin dezagun herria edo nazioa, modu naturalean, inolako eta inongo estaturen beharrik ez bagenu legez pentsatuz.
Bat nator Mikelekin, “estatuen garaia joan dela” dioenean, beren kabuz desagertu nahi ez badute ere. Horregatik euskaldunok nazio estatuz gaindikoa izango den ta bere berezko “komunitate naturaletan” eta hizkuntza eta kultura aniztasunean oinarrituko den Europako Errepublika aldarria egin
beharko genuke (ostiraleko Berria idatzi nuen artikuluan duzue gaia sakonago aztertua)
Eneko Aizpuruaren artikulua Berria-n: http://www.berria.eus/paperekoa/1832/016/003/2017-03-24/europa_bidegurutzean.htm