Ahal deneraino
Alfonso Etxegarai
Aitzin-solasa: Joseba Sarrionandia
Txalaparta, 2017
La guerra del 58, Alfonso Etxegarai Atxirika euskal militante politiko deportatuaren testigantza liburua da. ETAko kide ohia. “Militante historikoa” ere erabili ohi dugu bera bezalako pertsonak izendatzeko, maleruski, gehienetan, pertsona horiek hil ostean. Zorionez, ez da kasua, horren lekuko liburu hau. Testigantza saio bizia.
Etxegarairen liburua historia egitera dator, euskal gatazka historikoaren
–bere– azken 60 urtaldia biltzen du, historia edota errelatoa da. “Gerra delako hau” hasi zen urte berean jaio zen Alfonso Etxegarai (Plentzia,1958). Hortik izenburua, hortik bere historia, hots, bere lana nolabaiteko “memoria” da. Interesgarria oso, eta gomendagarria.
Interesgarria, Euskal Herrian bizi garen guztiok gatazkak (h)u(n)kitzen gaituelako, baita euskal herritar izan gabe (h)u(n)kitzen ditu ere. Gomendagarria, behin eta hasteko, euskal gatazka politikoa endelegatu nahi duen ororentzat, eta areago, aldez edo moldez, berean parte hartu dutenentzat.
Nire lantxo hau, liburuaren iruzkina izateaz harago joan da, “iritzi gisako bat” ematera heldu naiz, egilearen liburuaz eta “errelatoa”-ri buruzko aburuak ematera heldu ere bai. Egileak hainbat arlo eta ertz arakatu zorroztu ditu. Irakurle bakoitzak bere hausnarketak eginen ditu. Hauxe nireak:
Joseba Sarionandiaren prologoa-z pare bat berba:
Aitzin-solasa oso egokia da, ohikoa egilearen lanetan. Borrokalaria (Combatiente) du hizpide oro har, eta, kasuon, orobat Alfonso Etxegarai. Paradoxa berba gakoa da testuan, baita La guerra del 58 liburuaren hala nola fenomenoaren gainean argia ipintzeko ere. Botere harremanak (relaciones de poder) ere aipu ditu, baita hauxe erran ere: “Conflicto no es lo mismo que guerra (…) aunque son fáciles de confundir”. Hots, gatazka eta gerra ez dira gauza bera.
“Kontraesan” berba da beste klabe bat. “La guerra cesó hace cinco años” dio geroago testuan. Ordea, non dago “gerra eta gatazka” definizioen arteko marra? Marra gorria izaki inolaz ere. Ene ustez, Joseba Sarrionandiaren testuan, “kontraesan” edota “zehazpen” hori agerikoa da. Ziur aski, ezin izan du ekidin kontraesana, horixe baita gerra baten ostean eta ondorioz (ber)piztu zen 1958ko gerra delakoa “gatazka” soiltzat definitu ahal izatean, jalgi diren kontraesanak eta paradoxak.
Gerrak gerra, gatazkak gatazka, gatazka armatua iragan da, eta gaur egun errelatoaren gatazka bizi dugu. Alfonso Etxegarairen liburua gatazkaren errelato bat da, eta hamaika biderrez erranagatik, erran dezagun berriz ere: gatazkaren errelatoak hamaika dira.
Zazpi ataletan errenditu du liburua Alfonso Etxegaraik:
Eszenatoki edo agertoki berria
Gerra jardunari buruz ari da, bera bete-betean harrapatu zuen “gerra”-z, berak parte-hartze zuzena izan zuen “gerra”-z, ETAk “konfrontazio armatua”-ri amaiera emateko maneraz. Bere eta bere herriaren beharrez ari da liburuaren egilea, bere egoeraz mintzo da. Paradoxaz, kontraesanaz, etsaiaz… eta Itzal lagunaz. Itzal lagunaren inguruan eraiki du bere “errelatoa”. Konstatazio argigarri bat: Etxegaraik dioenez, gaur egun “nire edo gure taldea” deitzen duguna lehen “gure Herria” deitzen genuen.
Beste komunikatu bat, bat gehiago
Etxegaraik 60 urteko “gerra” ezagutu du, haur, nerabe eta gaztaroan. Gaztetan borrokan emana, eta ondoren 30 urtez deportatua. Alegia, deus ez. Atal honetan, 2016ko Gudari Eguna kari bere “taldea”-ren –ETAren– beste komunikatu bat iritsi zaiola diosku, beste bat gehiago. Azken 30 urtetako eduki –ia– berbera dakar. Eta nik gehitzen dut, estatu(ar)en modus operandi beraren aurka, “taldea”-ren modus operandi bera erabili du ETAk. Tira, berbera ez, erran dezagun berdina edo antzekoa izan dela. Izan ere, haiek –etsaiak delakoek– biolentziaren monopolioa dute, eta askoz arma gehiagorekin jardun dute. Taldearen azken (?) komunikatuaz halaxe dio Etxegaraik. “Iraganaz autokritika hitzemateaz hastea baino, orainaren hausnarketa xumea egitea gura nuen”.
Tiraniaren herederoak
Euskal Herria zapaltzen duten botereaz ari da plentziarra. Andrés Casinnellori buruz, besteak beste. Espainiako Zerbitzu Sekretuen burua Trantsizioan. Modus operandi hizpide berriz ere, hona nire aburua: Espainiako Ejertzitoko Casinnello Jeneralaren helburu behinena gizarteak gerra zikina onartzea izan zen, euren gerraren prezioak prezio, ordainik ordain. Erran dezagun, neurri handi batean lortu du(t)ela, espainiarren artean bereziki. Gisa batez, modus operandi antzekoaren ildoan, Etxegarairen taldeak –ez herriak, bistan da– gizarteak “balizko gerra hau” onar zezala nahi izan zuen. ETAk alegia. Demagun, kasu onenean, “gatazka” onarraraztea. Bistan denez, Estatu(ar)en eta ETAren jarrerek hipotekatu dute biharra edota geroa. “Gerra” irabazten duenak kontatzen du berau, bistakoa da hori ere bai, hots, “irabazlea” errelatuaz jabetzen da. Hitzak lar dira dagoeneko.
Hitzak eta berbak
“Nada llega para, en el fondo, no se sabe qué”. Etxegaraik dioenez, “irabazten duenak errekontziliazioaren alde lan egin beharko luke, horretarako irabazi du”. Itzal du betiere bidelagun liburuaren egileak: “Baina ezer ez da ailegatzen”, diotso. Eta nik honela diot: Erdarazko “nada” eta euskarazko “dana”, hitz berean batzen dira. Hots, gerraren legera “jokatzen” edo “makurtzen” bazara, “dana” edo “nada”-ren logikan murgildu zara. Telesforo Monzonen premisa heldu zait gogora: “Irabazi dugu, negar eta malkoz irabazi dugu”. Agian, bai Monzonek bai orobat gure gurasoek –36ko gerran parte hartu zutenek– bazekiten zer “irabazi” nahi zuten. Gerra batean dena da “beharrezkoa” eta gerra kontuetan ia “denak balio du”. Baina 1958an (ber)piztu zen gerra ez da gerra bat izan, edo “ez ginen ohartu gerra” izateari noiz utzi (behar) zion “gatazka” legez aritzeko. Egiari zor, denak ez du balio ezta gerran ere. Beraz, are gutxiago “gerra” delako honetan.
Non dago garaipena?
Ez dago garaipenik. Ez gerran ez gatazka batean. Edo bai. Beti irabazten dute berberek. Hau da, edozein dela bandoa, handia eta zapaltzailea nahiz txikia eta zanpatua izan, bi aldeetan botere guneak daude, eta horien arabera eraikitzen da berean parte hartu dutenen geroa, irabazle edo galtzaile izan. Martin Larralde (?) izatetik Joseba Sarrionandia izatera bueltatu zen unean horrela esan zuen Berria-n: “Botere harremanen arabera bizi gara”. Pentsu nahi dut, zapaltzaileez hala nola zapalduez ari zela. Eta hori lotzen dut egin beharreko errelatoaz. Ez da bakarra, erran bezala. Hamaika dira. Baina, “egia osoa” kontatzea ezinezkoa bezain “krudela” da. Zergatik? Bada, bi bandoetako “agindupekoak” –soldaduak (?)– irteten direlako galtzaile betiere, eta areago “gerra” galdu duen bandoaren galtzailea. Egiak argia egiten du. Baina, argia goian dagoenak ikusten du hobekien, behean dagoenak argiaren itzala nozitzen du batez ere.
Etxera itzultzea eta Itzal kamaradari oharra
Ez dut egilearen beraren Volver a Sara liburua irakurri. Irakurri beharko dut, araiz. Intuitzen dut dioena, alta. Agian, egon zen itzultzeko une bat, bat baino gehiago naski, baina ez “zenuten” jakin itzultzen. Duin itzultzen. Galtzaile agian, baina duin. “Volver a la legalidad” zen koska eta makurra. Zaila zen baina, “Etsaien” legea aldarazi nahi genuen “gurea”-k libre egingo gintuen ustetan. Alabaina, euren legeaz libratze bidean, gure legea ezarri nahian, ez dakigu zein den “gure legea”. Alfonso zenak aspaldi utzi zion Txema (gerra izengoitia) izateari. Egun berriz, Alfonsok “nola izan” gurutze-bide dauka. Nork bere Itakara bidea egin behar du ordea. Itzal eta argi artean, kontraesan pilo golkoan, hamaika paradoxa bizkarrean.
Humanitatearen historia garaileen eta galtzaileen historia da. Euskaldunona galtzaileen historia da, herri eta kolektibo legez. Baina “dana ez da posible”, ez armaz ez armarik gabe. Posibleena norberak zertarako borrokatu duen jakitea da. Hori lortuz gero, posible liteke herri hau, baita kolektibo gisa ere, askeagoa izatea. Alfonso Etxegarairen hitza parafraseatzen: “Hasta donde deba ser”.
Ahal deneraino… “Hasta donde pueda ser” lehenetsi gura dut neronek.
Gibel-solas gisara (nirea)
“Absoluturik ez dago, absolutu bakarra jainkoa da, baina bera ez da existitzen”, horixe ene lema.
Herri absoluturik ez dago dagoeneko, ezta estatu absoluturik ere. “Guztizko izaera” gero eta apalago dute estatuek. Izan ere, estatuez gainetiko botereak eraiki dira. Gurean, Europan, Troika delakoa.
Baina, hara, horiek hitz ponpoxoak dira, irreberenteak eta irrelebanteak ziur aski. Hala ere, hitzak geratzen zaizkigu.
Alfonsoren berbak itxaro ditut, zure etorreraren itxaropenez nauzu “Etxegarai jauna” .
Artean, amultsuki, ene bostekoa!
Mikel Asurmendi Agirre
Excelente sorpresa la de tu artículo. Te lo agradezco por el interés y por la divulgación.
Agradezco que le hayas dedicado tu tiempo al librito, te lo agradezco de verdad.
Un saludo!
Alfonso Etxegarai
La Isla (Sao Tomé)