Koiuntura politiko berria aro berri baterako
Iragan maiatzeko 21ean greba orokorra deitu zuten herri honetako ezkertiar eta independentistek. Herri honetako Hegoaldean deitua izan zen, zehatzago esanda. Iparraldea c’est different. Ez zaitez mindu laguna. Hegoaldea ere diferentea den ber eta neurrian diot.
Greba orokorraren ostean, ezker abertzale historikoaren –Arnaldo Otegiren espresioa erabiliz– desmartxan nolabaiteko urrats, jauzi edo aldaketa emango zela pentsatu zuen herritar askok. Askori ustea erdi ustela bilakatu zaie. Kontua ez da berria, uste ustel zaharra duzu.
Argia-n Arnaldo Otegi elkarrizketatzeko parada izan dugu eta solasaldiak hainbat gogoeta iradoki dizkit: 1. Ezker abertzale historikoak, Arnaldo Otegik eta ETAk berak azkenaldion aipatutako blokeo egoera ez da berehalakoan desblokeatuko.
2. Beste aro bat ireki da. Aro hau ez da aurrekoak bezain luzea.
Lizarra-Garaziko Akordiora ekarri zuena edo Loiolako elkarrizketak posible egin zituena, alegia. Egoera desblokeatzeko indarrak metatzea helburu du ezker abertzale historikoak. Indarrak metatzearena ere ez da asmo berria.
3. Lizarra-Garaziko garaian bezala, ezker abertzale historikoak ez du EAJ nahi –edo ez du aliatu ikusten– indarrak metatzeko bidaide. Eta –Loiolako elkarrizketan ez bezala– ezkerreko bloke subiranista osatu nahi du. Blokea osatzeko indarrak greba orokorra egunean batu diren indarrak dira, Arnaldo Otegiren hitzetan.
4. Blokeoa gainditzeko baldintzak sortu behar dira hemendik aurrera. Ezker abertzale historikoak baldintza txarrak jasan ditu azken hiru urtetan. Baldintza txarretan aritu zen, aritu da eta ari da. Alabaina, Iniziatiba Internazionalistaren-Herrien Elkartasunan (II-HE) parte hartu ahal izatea tranpolin bat izan da Europako hauteskundeetan eta Europan bertan ordezkatua izateko.
Nik Auzitegi Konstituzionalaren erabakian hainbat arrazoi ikusten dut, “palo eta zanahoria”ren politika eta jokamoldea barne.
5. Aukera honek ekarriko dituen emaitzek eta udazkenenean sortuko diren abagune berriek bloke edo polo ezkertiar independentista osatzea ekarri behar luke, edo ekarriko du. Artean ez dakigu zein diren abaguneak, baina “ohituak” gara horretara ere. Aro berriko lehen indar lehiaketa “berriak” ikusten ditugu jada. Udaberritik udazkenera bitartean jokatuko dira lehen demak. Dema eta tema zaharrak.
6. Ezkertiar eta independentistak hasi dira han-hemenka galdezka: zer den polo, zen den bloke? Polorena ez da bada, ezkertiar eta independentista guztien gustukoa. Izan ere, ezkerreko independentista deskafeinatuek eta errebotatuek, poloa edo izozkia –lagun batek trufari esan ohi duenez–dastatu nahi dute, historikoek bezalaxe. Polotik haiek bezala nahi dutela txupatu, hots. Blokean nork aginduko duen galdetzen dute, alegia. Zaharrak berri eta kontu historikoak hauek ere. Zer nahi duzue esatea? Udaberri honetatik udazkena bitarte poloa ez ote den urtuko kezkatzen hasita nago. Noski –ez da horren ezkorra izan behar esaten dit lagunak– herri hau egarriak hiltzeko zorian dago eta polo saltzaileek ez dute hain erraz hiltzen utziko. Poloa edo izozkia ondo zainduko dutela alegia, baldintzak sortuko direla urtu ez dadin. Badakizu kamera frigorifikoak itzalean jarriko dituztela. Eta abar eta polo eta abar eta izozki.
7. Zazpiak Bat eta fini. Hau historikoa ere. Ez omen dago “bi” “hiru” gabe. Kontua, ordea, lehen saioa zein izan zen jakitea da. Kontuak galtzen ari baikara. Poloak edo izozkiak ez du egarria kentzen. Poloak egarria kentzeko engainagarriak izaten dira. Eta herri honek ur freskoa behar du.
Eta 8. Barkatu, aspaldi honetan ez gara 7, 8 baizik. Diaspora ahantzia nuen. Aro hau aurrekoa baino laburragoa izanen da, baina, poloak polo, egarriari eusteko marmita bete ur beharko duzu. Hasi betetzen eta ondo gorde, izan ere, Euskal Herriak “zaintzen dituzten” bi estatuek marmita horiek desagertarazteko prest baitaude. Orain arte erabili dituzten teknika guztiak hobetu dituzte dagoeneko. “Gerra zikina” delakoa berriz ere martxan izan liteke antza –edo Anza!–.
Nik ere ez dakit zer den bloke, polo edo dena delakoa, baina garbi honakoa ikusten dut:
1. Autodeterminazioaren edo erabakitze eskubidearen aldeko borroka abertzale guztiek eta eskubide demokratiko horiek defendatu nahi duten guztiekin egin behar da. Defendatu nahi ez duenak esan dezala, erretratatuta geratuko da, baina printzipioz ezin da inor baztertu: EA, Batasuna, Aralar, AB, EA, Zutik, EB, Alternatiba eta inguratzen diren guztiak.
2. Abertzaletasunean bi alderdi edo mugimendurentzat dago tokia: eskuin abertzalea (EAJ+Galdostarrak) eta ezker abertzalea (Batasuna, Aralar, AB, EAko zuzendaritza). Ezker abertzalea noiz, nola eta zeinen ideien egituratuko den dago gakoa, eta hor ikusten dut nik lehia eta balizko egituraketa horretan nola kokatu fitxak mugitzen ari dira denak.