Xora, bitxia, diferentea
Xora filma bitxia da, diferentea, baina ez zuberotarrek egina delako. Izanik ere, narratzen duen istorioa Zuberoan agitzen da, baina Zuberoa ez da baitezpadakoa. Filma unibertsala da, hitz laburretan errana. Areago, jendeen ametsak presente dira, baina ametsa ez da amerikarra, ez da hollywoodar ametsean murgiltzen hartara. Are, protagonistak –batak zein besteak– jainkoak sortu ditu eta beste protagonistak desegin “behar” ditu. Euskal filma izateko, bitxia.
Diferentea da euskal zineman, antzeko filmarik ez baitugu orainokoan ikusi. Xoraren aldean bestelakoak dira besteak. Gustuak gustu, egokiagoak edota eskasagoak, naski, ikuslearen gustuaren arabera betiere
Ez ohikoa da ekranera dakarren gaia, gure zineman diot, baita berau tratatzeko manera ere. Gaia baino gaiak. Lantzen duen gaien artean bi azpimarratuko ditut: herioa –eta jainkoaren gaia, gure kulturan bera gabe ez da herio ulertzerik-eta– eta maitasuna. Hitz batez, bizitza. Bizitzaren esperientzia edo eskarmentua. Transmisioa ere lantzen du. Modu berezi batez. Literatura hartzen baitu makulutzat, bi protagonistak idazleak izaki. Bat, kontsakratua eta bestea idazle gaia. Bat “mundu”tik erretiratua eta bestea “mundua”n ezin egokitua: Holly Wood eta X. Osaba eta iloba.
Literatura makulutzat hartzen duen filma izaki, kultuko filma bilakatzen da ezinbestean. Espresuki bilatu gabe ere –demagun– beste maila bateko –estadio bateko– espresioa gauzatu du errealizadoreak. Literaturan iturria duenak, ur –eta emari– nahasiak eta asaldatuak ekartzen ditu edozein gisetara, halatan dauka iturri zuzendari honek, eta halaxe ekarri ere Peio Cachenaut egilearen eskutiko Xora filmak.
Funtsarekikoak:
1/ Xora gure gizarte produktibista eta kontsumistaren kritika da. Egungo artearen beraren –edozein dela espresioa– sorkuntzari –produktibistari– buruzko kritika, baita honek betetzen duen funtzioari buruzkoa ere. “Sortu, zertarako?” itauntzen digu.
2/ Mendebaldeko jendarte hollywoodarrean, sorkuntza bizi aurretiko espresioa da. Esperientzia eta bizi gabeko sorkuntza. Hartara, X-k zer sortuko ote duen eguneroko bizimolde arruntean murgildurik? Holly Wood idazleak X ilobak biziko duena ezagutzen du jada. Gaztetan bizi(ko) zuena idatzi du Umeki eleberrian, eta X-k biziko d(it)uena irudikatu d(it)u jada, X-k berak bizi aurretikan (agian, akaso, Holly Woodek AEBetara joan gabe ez zuen idatziko, idatzi duena). Predestinatuak gara, bizi aurretik hautatua dugu bizitza, gure destinoa markatuta dago, idatzita dago. Erlijioaren zentzu osoa hartzen du Xorak. Zentzu modernoan noski. Orain arte, erlijioak eta sinesmenak seinalatu digu mundualdia, eta orain jendarte edo mundu hollywoodarrak.
3/ Alta bada, X-k destinoa aldatzea erabaki du irmoki. Holly Woodek seinalatzen dio bidea. X-k bizi nahi du, eta bizi ahal izateko, bizi den munduan bizi ahal izateko, herioari irabazi behar dio dema. Maitasuna –Nerea neskalagunarekin partekatzen duena, bereziki– bere eginen badu, herioa garaitu behar du. Izan ere, X-k ez du ametsik egiten. Eta amets egiten ez duena hilik edo ero dago.
4/ Beste zenbait gaia edo ildo ekar eta urratu (ge)nezake. Bego. Aurrerago agian, ez dugu filma ere kontatuko. Areago, gaizki kontatzeko proportzio handia baitago, gaizki interpretatzeko aukerak ematen baititu filmak.
Estetikarekikoak, formarekikoak:
1/ Literatur zinemarekikoak, hobeto erranik. Filmak bi edo hiru bider ikustea eskatzen baitu, beharbada. Beraz: egokia al da hori eskatzen duen film bat? Ona al da? Zinema aipatzeko edo epaitzeko dugun hitza erabiliz: Ona? Edo txarra, noski. Ez dago guztiz onik, ez guztiz txarrik alabaina. Ez jainkorik ez deabrurik, ez guztiz, bederenik. Beraz, gozatzea ere trebatze kontua izan daiteke, gustua hezi beharra. Literatura-enean bezala funtsean.
2/ Bistan da, ikusleak nahia eta irrika baditu trebatuko da. Eta ildo berean, zinema egiten segituz gero, trebatuko dira ere filmaren egileak. Horregatik, ziur filmak baduela zer hobetua. Horiek erranik, bistan da, ezin ahantzi zein den filmaren “aurrekontua” –Mixel Etxekopar gogoan–. Horiek horrela…
3/ Xoraren irudia(k) bikaina d(ir)a. Zuzendariak badaki zer nahi duen, eta bere ekipoaren ahalaren arau, goi-mailako emaitza erdietsi du. Goi-goi mailakoa. Irudien sekuentziak eta enkoadratua bikaina lortu ere. Traveling zenbait, hainbat, asko, magnifikoak dira. Horrek, nire gusturako noski, atxikitzen du filmaren narrazioa eta kontaketa. Horrek eta musikak berak ere, irudiei eta istorioari musikaren egokitzapena –Jeremie Garat-en eskutik–. Horiek dira filmaren bi euskarri nagusiak.
4/ Horiek eta Holly Wood eta X-ren interpretazioak, ontsa jokatutako rolak bi-biak. Rol eta joko ezberdinak dira nolanahi ere. Literarioagoa Holly Woodena, espresiboagoa X-rena. X-k bizi duena, barne sentipena, ederki asko azalarazten du aktoreak. Cachenaut kontent egon daiteke aktore “profesionalak” ez diren bi lagunen ekarpenaz. Ontsa ezagutzen ditu biak ala biak: Dominika Rekalt eta Jef Goienexpe. Jef-eren interpretazioak aipamen berezia merezi du. Eta, prefosta, esku-zarta sorta bat ere gaineratiko jokalarientzat.
5/ Aktore bien arteko elkarrizketak onak dira, zubereraz. Baina zuberera ezagutzen ez dugunontzat –maila diferentetan– jardunak mugatzen du filman modu laxoan murgiltzea. Eta azpitituluak ez dira behar beste egokitu, ene ustetan. Tira, mugak zuberera ulertzen ez dugunona dira, ez zuberotarrena.
6/ Xorak –eta ia filma guztiek– dituen mugak muntaian leudeke, akaso. Istorioa ez da samurra, eta istorioaren bilakaera harilkatzea ez da gauerdiko ahuntzen eztula, areago ahuntza zuberotarra izanik. Alabaina, nik “nahikoa” ematen diot, “nahikoa altua”. Zenbaki batez: sei hamarren artean. Muntaketaz ari naiz, gainerako atalez eta filmaren balorazio orokorraz, zuek egin kontu, neronek arestian idatzitakoaren (h)arieran.
7/ Luza nezake gogoeta, baina luzetsi naiz jada. Hurrengo batean, gehiago agian eta menturan. Xoraren ametsetik esnatzen hasita nago eta odolaren usaina aditzen dut anartean. Aizue, jakizue, filma garratza da zenbait pasartetan, alta, ongi helarazia da garraztasuna. Garratz tantoak baino ez dituzue, mundu honetako arrasto neurrizkoak, zentzuzkoak, arrazoikoak.
Nola ulertu bizitza bestelakoan?
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks