I. eta II. Mundu Gerretan hildakoen omenezko zentroak
Oradour-sur-Glane eta Hartmannswiller herriak urrun daude elkarrengandik. Lehena Okzitaniako herri bat da, Limousin eskualdean dago. Haute-Vienne departamenduan. Euskal Herritik lau ordutan.
Bigarrena, Hartmannswiller, Alsazian dago. Haut-Rhin departamenduan. Oradour-sur-Glane herritik, 8 ordura. Euskal Herritik 12 ordutan. Geldialdien denbora, bestaldi edo bestalde.
Badute biek ezaugarri bat komunean:
– II. Mundu Gerran alemaniar naziek genozidio itzela burutu zuten Oradour-sur-Glane-n. Herri martir gisara izendatua da egun. Gerra ostean, herri berria altxatu zuten, baina zaharra geratu zen bezala ezagutu dezakezu: suntsitua eta aurrietan. Herriaren historia, antzinako ezaugarriak, gerraren tragedia, hildakoen jatorriak eta nortasunak… ondo baino hobeto jasoak daude bertako Memoria Zentroan.
– Hartmannswiller herria berriz, Vieil-Armand deitua edo birbaiatua da I. Mundu Gerra ostean. Hartmannswillerkopf mendialdea duzu bisita leku. Bertan izen bereko bataila odoltsua libratu zuten alemaniarrek eta frantsesek I. Mundu Gerran. Hildakoen kopurua, jatorriak, nortasunak…, horiek denak jasoak dituzu Memoria Zentroan.
Tira, luze joko luke bi herrietan izan ziren gerrateen sintesia hementxe egitea. Alabaina, testuan dauzkazun loturen bidez I. eta II. Mundu Gerretako soldaduek eta pertsonek bizi izan zituzten une latzak, bizipen tragiko eta lazgarriak, aurki ditzakezu.
Historia kontatzea zaila da. Alta bada, munduan ibilki, gure iraganeko gerren eta gatazken une latzak bertatik bertara ezagutzeak lagundu gaitzake gurean bizi izan ditugun gertakari eta une latzetara hobeto hurbiltzen. Hau da, 1936ko gerraren ostean, azken 50. urtetan bizi izan dugun gatazkaren ondorengo garaian gogoetatzen lagundu diezaguke.
Bistan da, ezin ditugu alderatu estatu-nazio garaileek memoriari buruz altxatu dituzten oroigarriak ez zentroak, eta estatu gabeko nazio galtzaileak eraiki ditzakeenak. Hala ere, historiako gatazkek eragindako giza tragediak ezagutzeak lagundu gaitzake gure memoria, Euskal Herriaren eta euskaldunon memoria, modu egokiagoaz taxutzen.
Dena dela ere, eta dena esatera, Alsaziara bide luze egin dugu joan deneko oporralditxoan. Urrun dago bai, Alsazia. Colmar hiri inguruan ibilki gara. Westhalten herrixkan hartu dugu ostatu. Orain zortzi urte Euskal Herritik Alsaziara, lana zela medio, joan ziren lagunen etxean. Xalba, Vicky, Ierai, Erienne eta Kevin-en etxean.
Lagunei esker eskualdea ezagutu dugu, amiñi bat bederen. Alsaziako eta Alemaniako hizkuntzen grafiak eta soinuak ezagutzeko parada ere izan dugu. Berezko xarma duten herri eta hiriak bisitatu ditugu, baita tokiko mahastietan promenatu eta hainbat ardo txuri eta Crémant botila ekarri ere.
Kontu ñimiño batzuk bukatu aldera:
– Alsaziako hotza ezagututa, Euskal Herriko giroa tropikala duzu.
– Garai batean, postalak igortzen genizkien etxekoei eta lagunei. Horra hemen, gaur egungo posta hau, eta hainbat postal-irudi ondoan
– Mundua aldatu da, aldatu denez, joan deneko 50. urteotan.
Izan ARGIAko bazkide: Astekariko harpidedun edo webgunearen laguntzaile.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks