XXI. mendeko euskaldunak
Martxoak 12 zituen. Kike Amonarriz tolosarraren bisita izan genuen hendaiarrok, Mugati (Hendaiako euskaltzaleok) elkartearen eskutik.
Herriko Mediatekan mintzatu zen umorista telebista-aurkezle eta sozio-linguista, baita hiru ezaugarri horiek ontsa uztartu ere. “Nola aldatu(ko) diren gauzak, kamarada” leloa hizpide abiatu zuen mintzaldia. Iraganeko zuri-beltzeko erretratuak eta egungo Herri Urratseko argazki koloretsua zeuden kontrastean, hizlariaren gibelean: PowerPoint, kamarada!
Horrelatsu egin zuen ele: “Teknologia berriek aro berria ekarri dute. Iraultza linguistikoa bizi dugu. Frantsesaz eta gaztelaniaz beste, ingelesa gurekin bizi da. Elebakarra aspaldi zendu zen. Eleaniztasuna gauza edo kontu konplexua da. Hizkuntzen degradazioa eman da…”.
Hurrengo eleok, berriz, eneak dituzu: “50 urtez euskararen –edota bestelako– politika aldatzeko borrokan aritu gara, hamarraldi batean aldatu dena baina, politika da. Areago, zibilizazio berri baten atarian gaude”.
Zibilizazioarena kontu edo gai zabala da nolanahi ere. Mendebaldeko zibilizazioan egokitzen bizialdi gaitzak daramatzagu euskaldunok, eta orain, ekialdeko –txinatarrak gogoan– zibilizazioen alboan egokitu beharra daukagu.
– Zenbat gara bada, horien aldean, euskaldunok?
– “Uste baino gehiago gara”, adierazi zigun tolosar aztiak.
Konparazione, Interneten, hiztun arau, biziki goian gaude. Ez gara tropelaren azken-putz, ezta gutxiagorik ere. Gainera, euskaldunok ikusgarriak gara. Katalanak baino ikusgarriagoak. Ulertu aldera, euskara katalana baino ikusgarriagoa da, arrazoiak arrazoi, egoerak egoera.
Politika aldatu dela erran zuen Amonarrizek –nihaurek ere–. Baina ez gaitezen tronpa, Falloux edota Wert legeak hor ditugu-eta.
Euskara XXI. mendera heldu da, ahul eta sendo heldu ere. Horra paradigma! Ahul eta sendo aldi batez. Hori horrela izanaren ongi-egilea euskararen aldeko gutxiengo bat izan omen da gure historian. Gutxiengo aktiboa. Bizia, alegia.
Hendaia muga lekua da, Mugati elkartea lekuko. Muga-tokian zubia behar. Alde batekoen zein bestekoen zubiak eraiki behar ditugu, beraz. Hendaia zubia da. Aukera eta galera ere izan daiteke. Bai horixe! Hiria eta turismoa izatea diren ber. Irun eta Hondarribia horren adibide.
Belaunaldi berriak ditut hizpide: gure belaunaldikook, gehienok, geuk hautatu genuen euskaraz bizitzea. Ondorengo belaunaldikoek, aldiz, ez. Gainera, gutxienez, beste bi hizkuntza bizi dituzte. Eta laugarrena ere, ingelesa, eraginkorra biziki.
Amonarrizek, Jon Sarasua sozio-linguistaren erranaren harian, “botilaren metafora” aipatu zuen. “Euskararen botila erdi betea edo erdi hutsa ote den” paradigma delakoa. Niretzat metafora horrek ez du balio, edo ez Euskal Herri osoko euskararen egoera irudikatzeko lain. Gipuzkoako Ataun herrian balio dezake, baina ez Hendaian.
Euskal Herria artxipelago gisa irudikatzen dut. Euskaldunok “uharte txikietan” biziko gara, eta berauek multzokatzeko gauza bagara, “salbatuko” gitüzü.
Ezinezko dirudi uharte txiki batzuk beste handiago bat bihurtzrea,errezago ikusten dut aldaketa klimatikoaren eragindako edozein tsunami denak estaltzea.
Hau ekiditzeko hizkuntza giroa bezelaxe kutsaduratik bai lurrikaratik babestu beharra dago.
Ni uste dut euskarak salbatuko duenak politika izango da,hots,euskara ene iritzi apalean betidanik politizatua izan da eta hala beharko,euskarak eta lurralde-aldarrikapena uztarririk.
Artxipelago baldin bada ere.