XXI. mendeko euskaldunak (eta II)
Martxoak 12 zituela, Kike Amonarriz Hendaiara heldu zela erran nuen, baina hara, lehenago, urtarrilak 12 zituela heldu zen Jon Sarasua hizkuntzalaria. Ez 2014ko honetan, 2012koan baizik. Aretxabaletarra ere Mugati (Hendaiako euskaltzaleok) elkartearen eskutik etorri zen.
Jon Sarasuaren bisita eta mintzaldia aspaldikoak dituzue, baina Amonarrizena endelegatzeko, neronek bederen, Sarasuarena aipatu beharra daukat. Ene diskurtsoa nehori asaldagarria egin dakiokeen uzkur edo.
“Amets doituak egin behar ditugu, gure diskurtsoak egokitu” erran zuen eta erran ohi du Jon Sarasuak. Metaforek balio dute, baina metaforaren bidez elekatzea arriskutsua dela pentsu dut. Hala, “euskararen botila erdi betea edo erdi hutsa ote den” metafora, nola “Euskal Herria artxipelago gisa irudikatzen dut. Euskaldunok uharte txikietan biziko gara. Uharte horiek multzokatzeko edo saretzeko gauza bagara, ‘salbatuko’ gara” delakoak, biek ala biek, lurrari lotutako eleek izan behar dute, hots.
Euskara XXI. mendera iritsi dela erran ohi dute hizkuntzalari biek, ahul eta sendo iritsi ere. Eta izaera horren ongi-egilea –“edota hobenduna”– euskararen aldeko gutxiengo bat izan dela gure historian. Gutxiengo aktiboa, bizia eta eraginkorra.
Amonarrizek Bernart Etxepare oroitarazi zigun, Eiheralarreko eta Donibane Garaziko erretorea, Linguae vasconum primitiae liburuaren egilea, funtsean, bertzerik uste badugu ere, gutxiengo baten ordezkari tematua baino ez zatekeela izan. Tolosarrak etsenplutzat eman zuen Etxepare.
Gatozen Hendaiarat, XV. eta XVI. mendeko Garazitik: Hendaiako euskaltzaleon Mugati elkartea eta Etxepare aitzindari zuen elkartea parekatu genitzake naski, garaiak garai. Orduko elkartea gutxiengoa zen eta gutxiengoa da oraingoa (minoria, mintzo kolokial eta kolonialean erranik).
Alabaina, Mugati gutxiengo baten ordezkari al da? Ez dakit erraten, ez neurtzen. Euskara gutxituaren ordezkaria dela bai, hain ziur. Bistakoa da. Ez dakit ere Etxepare euskararen alde zegoen gutxiengo baten ordezkaria zen. Alta, badakit, Etxepare gehiengo baten ordezkaria zela, Erromako Elizaren ordezkaria eta garazitar elizkoien gehiengoarena. Ezbairik gabe.
Haatik, badakit jakin, ustez, –hainbat uste ustelak direla dakidan bezalaxe–, Mugati euskaraz bizi garenon elitearen elkartea dela. Horixe da orain arteko bere ibilbidea ezaguturik nik dudan inpresioa. Ene balorazioa da, errespetuz errana.
Lot natzaio lurrari, beraz. Euskaren aldeko elkarte batek Hendaiako, hala Pausuko nola Biriatuko indigenak inguratu ezean, euskarak jai du gure eskualdean. Bertzera ere erran dezaket, konparazionera: Mugati euskararen elkartea eraginkorra dela “sinetsiko” dut Eglantins d’Hendaye futbol taldeko partiden aurkezpena boz-gailuetatik euskaraz entzunen dudan egunean.
Erran nahi baitut, Eglantins taldean ari den Amets Arzallus bertsolariaren izena eta bere taldekideenak honela entzunen ditudanean:
– “Arratsaldeon futbol zaleak! Egun, jokalari hauek osatuko dute Eglantinseko hamaikakoa…”. “Bonjour a tous..!”.
Aupa Mikel,
Guztiz harrituta gelditu naiz zure bloga irakurtzean. Ez nekien ezjakinetik hainbeste idaztea zegoenik, usteak ustelak izan zitezkeenaren babespean.
Mugatiko kide naiz eta Eglantinseko jokalaria ere, aldiz ez naiz euskal elitearen parte. Ez dut uste ordea zuk ezagutzen nauzuenik Hendaian bizi eta dirudienez Mugatiren jarduna horren ondo ezagutu arren. Benetan esanguratsua elkar ez ezagutzea, euskararen maitale sutsua naizen momentutik eta gure hizkuntzaren inguruan eginiko ekitaldietan parte hartu dudala kontutan izanda.
Gu ezagutzera gonbidatzen zaitut, lan asko baitago egin gabe eta egiteko.
Bukatzeko, adierazi nahi nizuke gertutik jarraitu ditudala Amets Arzallusek Eglantins taldearen baitan lorturiko aurrerapenak euskararen zabalkuntzan eta onarpenean, eta lotsagarria iruditu zait bere izena modu arin horretan erabilia ikusirik.
Besterik gabe, zu ezagutzeko irrikaz
Xabi Aranbarri
Aupa Mikel,
– Egun on Xabi,
Guztiz harrituta gelditu naiz zure bloga irakurtzean. Ez nekien ezjakinetik hainbeste idaztea zegoenik, usteak ustelak izan zitezkeenaren babespean.
– Zure harridura normala da, baldin eta nire ezjakintasuna eta uste ustelak zure ustearen araberakoak badira.
Mugatiko kide naiz eta Eglantinseko jokalaria ere, aldiz ez naiz euskal elitearen parte. Ez dut uste ordea zuk ezagutzen nauzuenik Hendaian bizi eta dirudienez Mugatiren jarduna horren ondo ezagutu arren. Benetan esanguratsua elkar ez ezagutzea, euskararen maitale sutsua naizen momentutik eta gure hizkuntzaren inguruan eginiko ekitaldietan parte hartu dudala kontutan izanda.
– Nik ez dut, zuk diozunez, Mugatiren jarduna horren ondo ezagutzen, ez dut hori idatzi. Nik Mugati eratuz gero, hari buruzko “inpresioa” daukat. Horixe adierazi dut, besterik ez.
– Nik zu “ezagutzen zaitut”, bistaz besterik ez bada, alegia, jendearen artean “bereizten zaitut”.
Gu ezagutzera gonbidatzen zaitut, lan asko baitago egin gabe eta egiteko.
– Gonbidapena hartuta. Nahi duzunean deitu telefonoz eta zurekin nahiz Mugatiko kideekin biltzeko prest.
– Lan asko dago egiteko dagoela diozu.
Ohar batzuk:
– Bizi naizen herriko elkarteei eta jendarteari buruzko ene aburua emateko askatasuna eta eskubidea daukat. Eta oker nagoela onartzeko prest nauzu/e.
– Lana eskubide da, eta lan egitea ere bai.
– Alegia, nik erabakiko dut norekin lan egin edo ez. Hori ere nire askatasuna da.
Bukatzeko, adierazi nahi nizuke gertutik jarraitu ditudala Amets Arzallusek Eglantins taldearen baitan lorturiko aurrerapenak euskararen zabalkuntzan eta onarpenean, eta lotsagarria iruditu zait bere izena modu arin horretan erabilia ikusirik.
– Bada, aizu, zure irudipena zurea da, errespetagarria.
– Nik Amets Arzallus izena ez dut modu arinean erabili. Ene ustea da. Usteak ustel edo okerrak izan daitezke. Baina zureak ere bai.
Besterik gabe, zu ezagutzeko irrikaz (Xabi Aranbarri).
– Bai motel, irrika atxiki, ezagutuko dugu elkar.
Beno, lehenik bereizi edo antzeman, eta gero hasi ezagutzen. Badakizu, bizitza osoa behar dugu ezagutzeko. Nork bere burua, hasteko.
Adeitasunez,
Mikel Asurmendi
Aupa Mikel,
Pozten naiz zure erantzun azkarraz, eta zure gu ezagutzeko gogoaz.
Aldiz, zure idatzia eta nere erantzunaren ondotik Mugati ezagutzeko gogo hori erakusteak pena pixkat ematen dit, ezer idatzi aurretik egin beharreko pausua iruditzen baitzait.
Oraindik ez zait argi gelditu euskal elitearen kontua…
Beste aldetik, Ametsen kasuaren inguruan, nerea ez da irudipena, barrutik bizi izan dudan errealitatea baizik, zure iritzia aldiz irudipena besterik ezin daiteke izan.
Besterik gabe,
Ongi izan,
Xabi