Ziztagarria eta kitzikagarria: jendeok iratzartzen bagara, iratzarriko da Euskal Herria
Nuestro pueblo despertará /
David Jaime y la República vasconavarra
(Txalaparta)
1936ko gerraz, honen aurrekoaren nahiz ondorengoaren memoriaz ongi idatziko badugu, Euskal Herriko historia ongi ezagutzea funtsezkoa da, baita gerren eta gatazken alde bateko nahiz besteko biktimen “memoria” eta “erreparazio” duina eta zuzena eginen baditugu.
Helburu horretan, norbanakoen morala, etika edota ideologia ongi arakatzea berealdikoa da. Jose Mari Esparza Zabalegiren Nuestro pueblo despertará / David Jaime y la República vasconavarra liburuan ezaugarri horiek guztiak daude. Gaiak ongi uztartuta daude, eta liburua ongixko idatzia ere. Beraz, baduzu zeri heldu, nondik ekin xehe horretan.
Nihaurek ideologia atala azpimarratu nahi dut. Jendeok –baita amini bat jantziak gaudenok ere– ez ditugu ezagutzen iragan mendean gure herrian loratu ziren espresio politikoak, ezta urrik ere.
Konparazionerako: nor izan zen David Jaime? Ba al dakigu euskal herritarrok Errepublika vasconavarra gauzatzeko ekimen gartsua izan zela? Zer dakigu historia berriaz? Zer dakigu politikaz?
Nuestro pueblo despertará izendatu du egileak liburua. David Jaime gure herria iratzarriko zen esperantzaz bizi izan zen, bai gerra aurretik, bai gerran bai gerra ondorenean ere bai. Kanbon (Lapurdi) lurperatu zutenean, bere memorian (bere azken eskutitzean idatzia) “gure herria iratzarriko da” eta “euskal errepublikaren memoria”ren ideia eraman zituen hilobira berarekin.
David Jaimeren espiritura eta liburura hurbiltzeko zertzelada zenbait:
David Jaime Dean tafallarra zen (1887-1949). Euskalduna, baiki, euskal hiztuna. Euskaraz idazten zuen. Idatzi, nori? Bada, besteak beste, EAJko lehendakariei –Jose Antonio Agirre eta Fermin Leizaolari– idatzi zien euskaraz. “Abertzale” ez zen batek “abertzale” zirenei euskara herri honen funtsa zela oroitarazteko. Abertzalea edo nazionalista izan gabe, Jaimek funtsezko ezaugarritzat zituen euskara eta euskalduntasuna. Ez bakarra, bistan da.
Errepublikarra eta liberala zen: “Askatasuna da gizakiaren idealik adierazgarriena. Berau gure animoetatik ez da desagertzen, ez bada gure bihotza zimeltzen eta gure espiritua doilortzen direlako. Ez dago hogei urterekin errepublikarra ez den espiriturik” pentsamoldea bere egin zuen.
1936ko Gerra Zibilean gertatu zenaz gaingiroki dakigu, eta batez ere, euskal nazionalismoaren inguruko gertakarien arabera eta haren ideologiaren (h)arieran gauzatua. Euskal errepublikanismoren aurrekariez eta II. Errepublikaz gehiago jakiteko, David Jaimek –eta haren kideek– urratu zuten bidea ezagutzea garrantzizkoa da zinez, baldin eta Euskal Herria bere osotasunean ulertuko eta integratuko badugu. Ohar bat: bere kideak ez ziren bere Alderdi Errepublikaren kideak soilik, kideak ziren ere, euskal nazionalistak, abertzaleak, sozialistak, komunistak, anarkistak… Falangistak, erreketeak edota monarkikoez beste, ia gainerako guztiak. Nola egin bat, nola elkartu, ordea, Francoren altxamendu faxistaren aurka? Dilema hori bizirik dago gaur egun ere. Francoren ondorengoak bizirik egon ez ezik, haiek agintzen baitute Espainiako Estatuan. Historiaz ari zaigu liburugilea, eta aldi berean, zeharka, egungo egoera politikoa ulertzeko gogoetatzera eramaten gaitu.
Eusko Jaurlaritzaren berri badugu, 1936koaz eta gaurkoaz ere bai. Baina ba al dakigu Nafarroako Kontseilua izan zela. Zer dakigu hartaz? Nafarroan errepublikar abertzaletasuna loratze bidean zegoelarik, gerrak errotik moztu zuena. 1977ko trantsizioa iruzurra izan zela pentsatzen dugunok, PSOEren eragin ezkorra eta gaur egun duen jarrera iruzurtia (ez zen bakarra izan, kasu) kaltegarria arbuiatzen ditugu. Bada, liburua irakurrita jaki-mina eta mina areagotuko zaizkizu. Nafarroako sozialistek jokatu duten rola “ederki paratua” ageri da liburuan. Eta izen baten arrastoari segida eman nahi badiozu, honatx: Victor Manuel Arbeloa (besteak beste, hau ere).
Euskal historiako protagonista askoren izenak daude liburuan. Nire ezagupena motza izanagatik, ustez, ongi islatuta daude. Izenak eta gertakariak. Bakoitzari dagokion heinera ekarriak. Historia interpretatzea ez baita samurra. Artxiboko lan gaitza eskatzen du. Horretaz asko daki Esparzak, eta berriro ere ongi baino hobeto frogatu ditu bere talentua eta lanerako tirria. David Jaime Kanbon lurperatuta dago, eta horregatik ere –horregatik edo– Iparraldearen orduko egoeraz jabetzeko ere balio digu liburuak. Iparraldeko historiaren heina eta gaur egungoa neurtzen jakiteko baliagarria.
Liburua argazkiez poliki ilustratuta dago, eta paradoxez bikain osatua. Jose Mari Esparzaren idatz molde ziztagarriak akuilatuko zaitu alaiki. Gure historiaren pasarte gogorrak ere ederki gozatzen baitaki luma zorrozdunak. David Jaime herrikidearen espiritua anaikidea du Jose Mari Esparzak. Gure historiako protagonista ezezaguna. Gainerakoak liburu kitzikagarri honetan dituzu. Jendeok iratzartzen bagara, iratzarriko da Euskal Herria.
Interes handiko gaia darabilzu, Mikel. Gogoz irakurri dut liburuaren egileak aipatzen duen David Jaime Dean jaunaz diozuna eta idatzi duzun biografia laburra. Eta egia da, bai, Euskal Historiaz dena edo gehiena dakigulakoan, hutsune handi samarrak ditugula oraindik betetzeke, nik neuk behintzat, asko dut ikasteko. Eta horrexegatik, Mikel, zuri eskerrak eman beharrean nago. Halaber, ez dut aipatu gabe utzi nahi zure testuetan euskara jasoa eta aberatsa, zinez, darabilzula.
Aupa Iñaki,
Pozten naiz, baita zure hitzok estimatu ere!
Uros bizi!
mkl
Eta liburua erdaraz idatzita noski, euskal-nafar abertzaleok ez dugu erremediorik beti ‘kolonialisten’ hizkuntzetan idazten (Argia eta Berria ezik)…
Itziar Rodriguez
Ernatuko gara gehio EUSKARA (eta gaskoiera zonalde batzutan) erabiltzen baldin badugu.
Itziar Rodriguez