Euskara afrontua izanen da Herri Elkargoan?
Baionako hautetsi Jean Claude Iriartek, HELEPko euskara eta kultura ataleko arduradunak: “Ahaleginak ahalegin, euskara gainbehera doa”, adierazi du Baionan.
Berak iritzi ezkorra emanagatik, badago are iritzi ezkorragoa ukaitea: Baionako ekitaldian euskarak ukan zuen erabilpen eskasa eta laidogarria izan zen.
Badut Herri Elkargoa eraikitzeko euskaldunak (euskal hiztunak) egiten ari diren lan gaitzaren berri, eta gutxi asko ezagutzen dut euskaldunen aurkakoen jukutria politikoaren tamaina, “gaitza” hau ere.
Ekitaldian egon ziren 200 lagunen artean, 30 lagunek gutxienez euskara ongi dakite, baita egunero erabili ere. Bada, ekitaldian, euskarak “egun on”, “milesker” edota “barkatu” errateko bestez ez zuen balio izan. Hizlari bakarren batek euskaraz hasi zuen bere jarduna, baina ahalkez edota ezintasunez, frantsesez jardun izan zuen. Frantsesez aritzera “behartuta” zegoela zirudien.
Lehen kritika, Garapen Kontseiluari. Ekitaldian zabaldu zen bideoan mintzo ziren 30 lagunetarik, hamarren bat euskaldun ziren. Horiek bazuten euskaraz hitz egitea, eta errana frantsesez azpimarratuta agertzea. Hori horrela egiteak Herri Elkargoa euskaraz erakitzen lagunduko luke.
Bertan zeuden abertzaleei kritika eraikigarria. Konparazione, horien artean Baterako kideei. Batera plataformaren lau aldarrikapenetatik bat euskararen ofizialtasuna delako. Alderdi abertzaleetako kideek nahiz euskararen militanteek aintzat hartu beharko lukete foro instituzionaletan euskaraz aritzeak duen garrantzia.
Hamar urteren buruan, Herri Elkargoa eraikirik eta abian emanik ere, horren antzeko ekitaldi bat izanen delarik, euskarak toki berbera izanen du? Ekitaldi instituzionaletan halako egoera laidogarria jasan behar izatea gaitza da. Kontzientea naiz euskararen militanteak horretaz jabetzen direla eta sufritzen dutela.
Historian usu errepikatzen da: ekimen bat laudatu beharrez (Herri Elkargoaren aldekoa, kasurako), laudoen gibelean laidoa gorderik bizi behar izatea.
Nekez onartuko du Frantziako Estatuak euskararen ofizialtasuna, baina onarturik ere, euskal hiztunek berezko neurriak hartu ezean, euskarak ez du lekurik ez erabilpenik izanen ekimen instituzionaletan. Ez orain duenak baino gehiago. Ipar Euskal Herriko oraingo instituzioetan eta geroari begira eraikitzen ari diren instituzioetan euskara afrontua da.
Post-scriptum: Jakin baitakit nire hitz hauek euskararen alde ari direnen aurkako gezi gisa ulertu daitezkeela eta mina eragin dezaketela. Alta bada, hona hemen, doluz erranik ere, Herri Elkargoa euskaraz eraiki beharrez.
Zure iritziak ez nau txokatu eta ez nau kritika horiek zuzentzeak (niri besteei bezala, nahiz bilkura horretara ez nintzen joan) nehondik ere harritu.
Ez dira eskas adibideak frogatzen dutenak maiz hizkuntz politika eta hartu erabakiak apaingarrien mailakoak gelditzen direla. Ele ederren ondotik, ahanzten da, erraztasunez jokatzen da, higatzen da eta deus gutxi baizik ez da gelditzen.
Bada batetik adminstrazioaren eta hautetsien akatsa.
Bada euskalgintzaren higadura, nekea eta azken garaian naski beste frente batek gaina hartu izana. Hau da HELEPena eta honek suposatzen duenez zuhur jokatzea erabakiak hartu bitartean, ba, euskararen gaia periferiara eraman da. Ororen buru, euskara eta identitatea ez baitira zentralak HELEPen proeiktuan, eztabaida eta kontsentsu handia eskatzen baitute, mamu zaharrak esnatzen baitituzte.
Ez baita lurraldearen aitorpena aldarrikapen bati erantzuteko heltzen zuzenean, zeharka baizik, lan eta eztabaida luzeen ondotik lortuko dena, baina ez dena erantzun bat EHren nahikeria bati zuzenean.
HELEPk energia xurgatzen du. Agian laster beste frente batzuetara jotzen ahalko da eta diskurtso doi bat kritikoak altxatuko dira.
Ez baitu HELEPk, ez administrazioak euskalduna aseagoa eginen. Hori baino konplikatuagoa da. Eta euskalgintza, nire iduriko, aski nekatua da momentu honetan.
Hortaz, arrazoin duzu, hemen jartzen duzun analisia zuzena iduritzen zait eta mingarria baldin bazait zerbait ez da diozuna, baizik eta diozun horretara helduak izana, ezintasun dorpe hori.
Izan ontsa.