Abertzaleen “ezinezko borroka”-ri esker
Politikaren aroa da Iparraldean. Tokiko hiru lurraldeak biltzen dituen Euskal Hirigune Elkargoa gauzatzen ari da. Frantziako Iraultzaren ondorioz Ipar Euskal Herriko euskal instituzioak deuseztatu zirenez geroztik, politika erreala egiten hasia da.
Gogora dezagun: Lapurdik bere botere legegile eta zerga ezartzailea zituen Uztaritzen: Lapurtarren Biltzarra. Erdi Arotik Frantziako Iraultzara arte Lapurdi gobernatu zuen batzarra. Beste bi herrialdeek ere Batzar Nagusiak edo Gorteak zituzten.
1960. urte aldean Enbata mugimendua sortu zen arte, Ipar Euskal Herria politikoki desagertua izan zen de iure. Frantziar politikak ez zuen de facto Ipar Euskal Herria aintzat hartu ia bi mendetan. Enbataz geroztiko ekimen politikoek –hala HAS edota EHAS alderdiak lehenik, IK talde armatua artean, nola EMA eta AB mugimenduak gero, besteak beste– “ezinezkoaren politika” eraman zuten praktikara.
1963an, Enbataren Itsasuko Agiriak euskal nazioaren batasuna eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatu zituen. Iparraldearentzako helburua departamendua lortzea zen epe ertainean, eta epe luzeagoan Euskal Herri osoa batuko zukeen lurralde politiko, administratibo eta kultural autonomoa osatzea.
Departamenduaren aldarrikapenaren ondoren, Lurralde Elkargoaren aldarrikapena heldu zen. Hori ezin gauzatuz, Euskal Elkargoa onetsi zen halabeharrez. Harrez gero, politika posiblearen ordua heldu zaie bertako euskal herritarrei. Abertzaleek erran zutenez, ez da haiek eskatutako markoa, baina politika posibilistaren unea hobetsi behar izan dute. Hegoaldeko ezker abertzaleari Espainiako trantsizioa delakoa gauzatu ahala gertatu zitzaion legez.
Euskal Elkargoa –EAE eta Nafarroako Erkidegoa legez– estatu guztiahaldunaren markoan egiten ari da. Euskal Elkargoaren eraikuntza hainbat belaunaldi abertzaleren “borroka politiko ezinezkoaren jarduera”-ri esker dela oroitzea haizu da.
Hona instituzioa bermatuko duten bi esparru: ekonomiaren –zergen ezarpen moldea– eta identitatearen politika. Hiriguneak –kostaldeko hiriak– eta kanpainaren –laborantza– arteko oreka dago lehian. Frantsestasunaren eta euskaltasunaren –euskaraz bizi nahi dutenen– arteko talka.
Demografiaren kudeaketa berebizikoa da elkargo baten eraikuntzan. Hona berau ulertzeko datu bat: urtero 10.000 pertsona berri heldu dira Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberora. Aldi berean 7.000 joaten dira kanpora. Iparraldean 300.000 pertsona erroldatuta daude. Udaldian, 600.000 inguru “bizi dira”. Egin kontu!
Zoin iturritik jalgi duzu Ipar Euskal Herritik 7000 pertsona joaten direla kanpora?
Milesker.
Kaixo, Xan
Horrela ageri da zure emailean, alta, ez dakit nor zaren, eta nire “politika” hauxe duzu, edozein testuri leku emateko igorlearen izena-abizena baitezpada behar ditut.
Oraingoan, salbuespena eginen dut, ez baitut uste munta handi duenik nor zaren jakitea.
Iturria: Kontseilu Nagusia.
Berria-ko Eneko Etxegarai Urain kazetariaren artikulu honen bidez jasoa.
Izan ontsa!
mkl
Atx, lotura gehitzea ahantzi dut:
https://www.berria.eus/paperekoa/1757/008/001/2018-03-30/lurralde_proiektuari_ekarpena_egin_nahian.htm