(H)ernio maitatzeko hogei irudi eta etsipen gabeko testu bat
Urteak dira, ez irail guztietan ere, Ernio mendira igotzeko dugula jaidura. Irailean igandeak zenbat halaxe aukerak. Aurten bost.
Bost “prozesio” eta bost “erromeria”. Nork bere ahalmen eta sinesmen araberakoak. Aukera hainbeste, Zelatun geratu edota kalbarioan saiatu.
Herniotik euskal mendi andana eta Kantaturi itsasoa antzemateko tontor paregabekoa da. Erreziletik gora heldu da jendea, Asteasutik nola Aiatik.
Hots, hainbat bailatik heldu zaitezke, baita urrutiagoko ibarretatik barna etorri ere. Gu Hendaiatik menturatu ginen atzo.
Lapurdira arribatu ginen aspaldi jada, ez arras Goierritik, Urola Garaitik zehazki. Urola garaitik begiraturik, niretzat Goierri zen orduan “euskararen paradisua”, eta Azkoitia-Azpeitia balizko “hiri euskaldunaren” adierazle.
Atzo hauxe bururatu zitzaidan: inon euskara entzutekotan, (H)ernion entzunen duzu, jator eta nasaia, baita nahasia ere. Eta guztietan nagusia ene belarrietara beterriko euskara. Zinez xarmagarria.
Herriak Ernio idatzi eta esan, eta arautegiak Hernio adierazteak gogoa nahasi ohi dit. Belarrietara bitxirik ez, ikusmenean bai ordea. Har dezadan/dezagun hori ere euskaldunon pathos eta ezaugarri gisara.
Horra hor iraila. Horra hemen (H)ernio maitatzeko hogei irudi eta etsipen gabeko testu bat.
Hernio zen Sarako egonaldian, Francoren diktadurapeko lehen urteetan bizitako erbestaldian, Joxe Miel Barandiaranek Sarako mendietatik behatzen zuen mendia, hain zuzen Hernio mendiaren tontorretik Ataungo mendiak ikus zitezkeelako. Herri mina! Hau ere Hernio maitatzeko beste arrazoi bat.