Oscar sariak: zalditik astora!
Film biografiko dramatikoa.
Zuzendariak: Bryan Singer eta Dexter Flecther.
Aktore nagusia: Rami Malek.
Fredy Mercuryren biografia.
Oscar sari gehien irabazi duen filma da Bohemian Rhapsody. Rami Malek-ek jokatzen du Freddie Mercury Queen taldeko burua eta abeslari nagusiaren rola. Muntatze, soinu muntaketa eta soinu nahasketa sariak ere irabazi ditu filmak .
AEBetan ekoiztua da filma. Txartel bisita berebizikoa: Hollywoodeko kumea izatea. Beste bi film nabarmendu dira Oscar sarietan: Peter Farreleyren Green Book, film onenaren saria, eta Alfonsoren Roma. Hiruna sari jaso dituzte. Zineman adituek eta kritikan zailduek diotenez, The Favourite eta Roma dira zortzi finalisten artean film onenak.
Bohemian Rhapsody baino ez dut ikusi. Ustekabean harrapatu ninduen, Oscar sarien gauaren bezperan. Ez dago film bat ikusteko baino aurrekari hoberik. Hamabost minutu lehenago ez nekien pantailan aurrean egongo nintzenik. “Joan zaitezte, oso ‘polita’ da”. Horixe eman zidaten gomendioa.
Zinematokian 60 urte inguruko jendea geunden, aretoa betegabe ere, multzo polita, 200 lagun inguru. Queen taldearen jarraitzaileak, pentsu dut, edo haren musikaren ezaguleak. Ni, ez bata ez bestea.
Bohemian Rhapsody, gaztelaniaz entzunda, hauxe nire epaia: Bodrioa. Zer da zinema? Arren, nire inguru kritikarien epaia behar dut, Begoña del Teso edota Gontzal Agotearena, esaterako.
Nik ez nuen Freddie Mercury ezagutu, demagun Jim Morrison beste –Morrison miretsiko nuela pentsu dut gaztetxo nintzela–, alabaina, Queen taldeko partaide roletan ari direnen lau kideen artean, kaxkarrena Rami Malek begitandu zitzaidan. Aldiz, beste aktoreak txukun antzean ikusi nituen. Sinesgarriagoak Mercury baino.
Gidoia: nire motzean, txarra baino txarragoa. Gerora, arakatu dut adituek esan dutena, kronologikoki nola landua den filma, hainbat pertsonaiari dagozkion historia eta jokatutako rolak “gezurrezkoak” direla konstatatu ere. Ez datoz errealitaterekin bat. Tira, gidoilariek betetzen dute ekoizleek agintzen dutena eta Hollywoodeko ekoizle nagusia Oscar Dolar da. Eta ezagutzen dut erantzuna: aizu, fikzioa da!
Adibide bat: Freddie Mercury, artean Queen taldea izango zenaren taldekideengana hurbiltzen da, eta “hutsaren hurrengoa” balitz bezala azaltzen da Mercury musikaria. Musikalki analfabetoa balitz bezala –ez diot nik ukatuko Mercuryri kantari gisa zituen dohain apartekoak–. Ordurako, bost urteko piano eskola edota klaseak jasoa zituen. Baina, badakizue, “heroia” behar du filmak, behar ditu ikusle analfabetoak. Gidoia, Hollywoodeko istorio mengela eta arrosa irents dezagun eraikia da: film zuria! Merengea.
Ikaragarria da pentsatzea gure belaunaldikoek, historia bihurtutako istorioa hori ikusi ostean, “gozatu” dutela. Bistan da, inor ez da bestearen “gustua” epaitzeko nor. Alabaina, edozein dela arte espresioak –liburua, diskoa, eskultura edo filma– , berauk “bestelakatu ez bazaitu”, eskasa da obra.
Bohemian Rhapsody, nire gustuko –eta besteena nirea bezain haizu da, aizu–, mendebaldeko sistema kulturalaren gainbeherakadaren “irla” ederra da. Baina, hara, hori bada zinema, zinemarenak egin du.
Bohemian Rhapsody filmak muntatze, soinu muntaketa eta soinu nahasketa sariak ere irabazi ditu. Bistan da, zinema industriak hamaika aditu eta espezialista “ekoiztu” ditu, inoizko zine efektistena eta mengelena sortzeko.
Iraganean AEBetako presidentea izateko, gutxienez bigarren mailako aktorea izan behar zen: Roland Reagan, kasu. Orain ezta hori ere. Ez da kasualitatea Donald Trump presidente izatea. Roland-engandik Donald-engana. Zalditik astora!
Iritziak iritzi eta gustuak gustu. Bada, niri bai, gustatu egin zitzaidan Bohemian Rhapsody. Uste eta espero baino dezente gehiago. The Favourite ere bai, oso bestelakoa bada ere. Roma ez dut ikusi, eta ez dakit ikusiko dudan, besteak beste, zinea zine-aretoetan ikusi ohi dudalako, telebistan edota ordenagailuko pantailan ez bainau batere erakartzen pelikula bat ikusteak. Batek daki; noizbehinka salbuespenen bat egiten dut-eta. Green Book ere izugarri gustatu zitzaidan, kontrako kritikak izan baditu ere…Beno, eta aldekoak ere bai, zorionez. Segi ondo!