Haurra negarrez dagoenean, bakarrik utzi?
Bitxia egiten zait heldu bat negarrez ikustean ingurukoek babesa eman eta lasaitzen saiatzen igarotzen duten denbora eta hartzen duten ardura ikusi ondoren, euren haurrak negarrez egon eta jaramonik egiten ez dien gurasoen aurrean egotea. Bitxia eta gogorra, oso gogorra.
Haurrek, eta batez ere, txikienek, ez dute kapritxoz negar egiten. Behar bat dutelako egiten dute negar, eta behar hori komunikatzeko bidea negarra dutelako. Normalean gosea, egarria, hotza, beroa, pardel zikina, gosea, logurea, mimo beharra, mina, babes beharra, kontaktu fisiko beharra edo bestelako arrazoiren bat izango da eta beraiek behar hori asetzeko gai ez badira, normala da laguntza eskatzea. Ezin dugu espero bere eskaerekin email edo SMS bat bidaliko digutenik.
Negarra oinarri-oinarrizko komunikazio tresna da, eta komunikazioak funtziona dezan, negar horren hartzaileak negar hori entzun, aztertu eta beharra asetu behar luke. Bularra ematen duten amek, euren haurtxo jaioberria (edo koxkorxeagoa -niri urte bete betetzear dagoenarekin gertatzen zait-) negarrez entzutean bularrak minbera jarri eta esnea jariatzen hasten dira. Beste zenbait espezietan ere ikusi dute erantzun automatiko hori.
Azken urteetan ordea, negarrez uztearen aldeko ahotsak zabaldu dira. Horrelako gomendioak ematen dituztenek haurrak gaizki heziko ditugula, mimatu batzuk izango direla, kapritxoa besterik ez dela eta horrelako arrazoiak erabiltzen dituzte. Haurtxoek, jaiotzetik helduak izorratzeko asmo eta gaitasuna izango balute bezala.
Guk, ez dugu uste horrek mesede egiten dionik inori. Ez haurrari, ez negarra entzuten duen inori ere. Gainera, geroz eta ikerketa gehiagok erakutsi dute, haurtxoei negarrez egoteak sortzen dien estresak epe luzerako eragina dutela (autoestima arazoak, harremanetarako arazoak, mesfidantza…). Esan bezala, haurtxoek behar bat dutelako egiten dute negar, eta behar hori asetzean berehala isiltzen dira. Bakea denontzat. Hortaz, zergatik utzi negarrez?
4 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Zaplasteko bat falta zaio | Umea, kume - […] Demagun haur batek urez beteriko edalontzia lurrean hustu duela. Akaso amorratu egingo gaitu, 3-4 aldiz jarraian egin du edo…
Bejondeizula! Bikain islatu duzu nire buruan eta bihotzaren barren-barrenean sarritan sentitu izan dudana.
Gogorra eta senaren kontrakoa iruditzen zait deskribatzen duzun eta zoritxarrez hain ugari gertatzen den egoera hori. Sarriegi entzuten dira “gaizki ohituko duzu” eta halako esakuneak. Halako barrabaskeriak alde batera utzi eta guraso garen aldetik berezkoa dugun babes-senari jarraitu beharko genioke beti. Tamalez, sen falta da, gaur egun, gaixotasun hedatuenetako bat.
Mila esker Nuria!
Guztiz ados, gaixotasun hedatua da bai sen falta… edo sena suntsitzeko dagoen indarra.
Ea gutxinaka senari toki gehiago egiten joaten garen, eta gure haurrek senaren aurkako borrokarik ez duten guraso bihurtzean.
Mila esker parte hartzeagatik.
NIgar egiten uztearen aholkua krudela iduritzen zait.
Haatik ez dut uste ama batek sekulan “nahitara” edo “aholkatu diotelako” uzten duela bere haurra nigarrez.
Haurra sortu berria denean, sekulako aldaketa dela eta, baita nekatura handia, erritmo gogorra eta abar, gertatu ohi da haurraren negarrak ez ulertzea eta zinez gainditua senditzea.
Horrelako batean oso zainetan jarri izan naiz eta azken batean deusetarako ez naiz on, momentu horretan, ez egoera konpontzeko ez haurraren lasaitzeko.
Horrelako bat gertatzen denean, hau da erabat gainditua senditzen zarenean, ezin duzunean gehiago, hobe haurra pausatu, ondoko gelara joan lasaitzera, haurra utzi nigarrez (nahiz gogorra izan uztea) zu lasaitzeko eta arnas hartzeko. Ondotik, hobeto zarenean itzuli.
Dena dela haur batek nigar egiten badu gelditu gabe, arrazoina xerkatu behar da. Nik eliminazioz egin izan dut ere. Zergatik nigar egiten du haur batek. Arrazoinak ez dira hainbeste:
– Gose edo egarri da.
– Hotz edo bero du.
– Nunbait min du, zerbaitek ez eroso sentiarazten du.
– Sukarra du, eri da.
– Presentzia bat eta samurtasuna behar du.
– Beldur da.
– Akitua da eta ez du lortzen lokartzea.
Niri ez zait besterik gogora etortzen. Hortik kanpo baten bat egon leike.
Kasu horiek guziak banaka errepasatu, lasaiki. Banan banan. Nigarren arrazoina atxeman arte eta normalki behin atxeman duzula laster konponduko duzu dena.
AZken gauza eta nire iduriko azpimarratzekoa: hori guzia errepasatu eta, haurrak nigarrez segitzen badu, hau da ordu bete, bi ordu eman baditu nigarrez eta ez baduzu arrazain logikorik ikusten, mediku bat deitu.
Bai, badira une batzuk non gaindituta sentitzen zaren eta haurra lasaitu beharrean urduriago jarri besterik ez duzun egiten. Horregatik da garrantzitsua haurraren negarrari hasieratik erantzutea eta gehiegizkora iritsi ez dadin saiatzea.
Bururatzen zaizkizun gauza guztiak begiratu eta konponbidea topatzen ez denean, eta negarra isiltzea lortzen ez denean eta luze irauten duenean, arrazoi duzu hobe agian mediku bati galdetzea.
Dena den, gure esperientzian, horrelakoetan nekea eta ezin lo egin izatea izaten da arrazoia eta guk horrelakoetan motxilan jartzen dugu. Oinez ibiltzearen kulunka, gurasoen taupadak azala azalarekin eta ezagun duen abesti bat normalean nahikoa izaten dira.
Mila esker parte hartzeagatik.