Purerik eta ahirik gabeko elikadura
Haurtxoak sei hilabete betetzearekin batera (eta zoritxarrez, pediatra askok Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioei jaramonik ez egiteagatik, lehenago ere) edoskitzearen osagarri izango den elikadura txertatzen hasteko garaia iristen da.
Gehiengoak, pure eta ahietan oinarrituko den elikadura sistema erabiliko dute, egokiena delakoan, baina geroz eta hedatuagoa den Baby Led Weaning sistema guztiz gomendagarria eta erosoa da. Sistema hau, Europa iparraldeko herrialdeetan erabiltzen da eta gure inguruan ere asko zabaltzen ari da Carlos Gonzalez bezalako pediatrei esker.
Baby Led Weaning metodoa pure edo ahietan oinarritzen ez den metodoa da eta oinarri oso sinple eta betetzen errazak ditu:
– Helburua ez da haurrak jan dezan, elikaduraren oinarria esnea (hobe amarena, baina baita artifiziala ere) izango baita. Helburua, haurrak jaten eta mahaiean egoten ikastea da.
– Haurrak familiarekin egingo ditu otorduak, mahaiean eta aldi berean. Bere aulkitxoan edo norbaiten magalean egongo da eta janaria izango du eskura.
– Hobe da zati handi samarrak eskuragarri uztea (3-5 zentimetro luzekoak eta estuak, patata frijituen itxurakoak), zati handiekin nekez itoko da haurra, eta hobeto heldu eta maneiatuko ditu.
– Denetariko janaria jarri, baina gatza eta azukre erantsirik ez duena. Bi horiek geroz eta beranduago ezagutu, hobe.
– Ehundura desberdinetako janariak jarri, biguinak, gogorrak, hotzak, beroak…
– Ez eman haurrari janaririk ahora. Berak hartu eta eramango du ahora nahi duena, nahi duenean. Ez behartu haurra jatera.
– Hasieran soilik ukitu eta saltsan ibiliko da janariarekin, ziurrenik lehen egunetan ez da ahora eramateko gai izango, baina berehala ikasiko du. (Gure haurra, 6 hilabete zituela hasi zen janaria eskuragarri izaten, eta astebeteren buruan janaria hartu eta ahoan sartu eta uzteko gaitasuna lortu zuen).
– Ez izan zikintzearen beldurrik. Metodo honekin, lurra, haurra eta ziurrenik, zu zeu ere hasieran oso zikin egongo zarete otordu amaieraro, baina merezi du.
Sarean metodo honen inguruko informazio asko eta errezeta osasungarriak… topatuko dituzue. Guk benetan gomendatzen dugun metodoa da. Ez duzu etxetik atera aurretik purea prestatu eta mila gauzaren beharrik. Berehala solidoa jateko gai denez, fruta adibidez osorik eraman dezakezu eta haurraren autonomia eta mugimenduen kontrola asko garatzen da.
Oso interesgarria. Egia esan ez nuen inoiz planteatu honela egitea eta oso aproposa iruditzen zait. Guk pureekin hasi ginan aspaldi baina solidoak jateko griñarik ez du erakusten. Cus-cusa eta antzeko janariak eskura uzten dizkiogu beraiekin esperimentatu dezan, ea honela dastatzen hasten den.
Kontuan hartuko dut zure bidalketa eta beste elikadura mota batzuk jarriko dizkiot.
Mila esker!
Mila esker Aitziber,
Gaur bertan izan naiz Carlos Gonzalezen konferentzia batean honen inguruan, eta labur-labur gakoak berretsiko dizkizut:
-otorduak atseginak izan behar dira denontzat.
– Ez behartu jatera.
-Haurraren elikaduraren oinarria esnea da (bularra edo formulakoa)
– haurrak erabaki behar du zer jan eta zer ez.
-Utzi espirimentantzen (eta zikintzen).
Nire gomendioa “El niño ya come solo” liburua irakurtzea da.
Mila esker parte hartzeagatik.
Guztiz ados nago artikuluarekin afirmazio batekin ez ezik. Haurraren elikaduraren oinarria esnea dela diozu (dio Carlosek), berdin bularrekoa berdin formulakoa… nik pertsonalki nahiago dut nire umeak barazki purea jatea formula kimiko bidezko esnea baino.
Kaixo Leire,
Mila esker idazteagatik, hori erabaki pertsonala da, baina urtebeterarteko elikaduran oinarria esnea izan behar da, osagaiengatik, haurrak behar duena barazki pureak baina gehaigo duelako. Zalantzarik ez, ama esnea osasuntsuagoa dela, eta artifizialak ez duela beteko erabat funtzio hori (formula esnea hartzen dutenei, elikadura osagarria lehenago eskaintzea gomendatzen zaie horrexegatik).
Etxe bakoitzean erabakiko da zer egin… Purea, zatia edo txuleta eman, ama esnea edo bestelakoa eman…
eskerrik asko!