Erandioko igerilekuan edoskitzea debekatua
Ekainaren 25ean Erandioko kiroldegian gertatu zenaz eta ondorioez gehiago jakin ahala gehiago harritzen naiz. 5 urte eta 6 hilabeteko bi haur dituen ama igerilekutik kanporatu zuten haur txikienari bularra emateagatik.
Bost urteko haurra uretan zebilela, ama, 6 hilabeteko haurtxoari bularra ematen ari zen igerileku txiki baten ertzean eta begirale batek kanporatu egin zuen. Aitzakia honakoa: amaren bularretik esnea eror zitekela edo haurtxoak esnea isur zezakela.
Arrazoia harrigarria non eta haurtxoen igerileku batean, non txiza, adurra, izerdia, kremak… nahasten diren uretan, antza esne apur bat eror daiteken aitzakian pertsona bat (eta noski, bere haurrak) igerilekutik bidaltzeko arrazoia iruditu zitzaion begiraleari.
Amak, ezin sinetsi kexa jarri du kiroldegian, eta kiroldegiko zuzendariaren deia jaso du. Hark, igerilekuan ezin daitekela jan azaldu dio.
Bigarren azalpen honek nahikoa indar eta batez ere, haurtxoaren eskubideen aurka egiten duela iritzita, kexa udaletxera zuzendu du, eta udalak, berretsi egin ditu kiroldegiko langilea eta zuzendariaren hitzak. Igerilekuan ezin da jan eta kitto
Gertakari honek, haserre eta mugimendu dexente sortu du edoskitzea laguntzeko talde, elkarte eta gizarte sektore askotan. Ekintza desberdinak burutzea aztertzen ari dira (bular emate masiboa, boikota, bide legalean aurrera egitea…) eta zehaztu ahala emango dut haien berri.
ZUZENKETA eta EGUNERATZEA:
Gertaeraren informazio zehatzagoa izan dut, eta egun hartan gertaturikoa hobeto azaltzen saiatuko naiz.
Ama ez zuten kiroldegitik bidali. Igerilekuen gunetik ateratzeko esan zitzaion, eta bularra ematera aldagelara joateko esan. Amak bularra ordutegirik gabe ematen duela kontuan harturik, eta aldagelak igerilekutik urrun samar daudelako (eta 6 hilabeteko haurraz gain, 5 urtekoa eta traste guztiak igerilekutik sartu irtenean ez erabiltzeko) eta entzuten zuenarekin erabat harrituta berak utzi zuen kiroldegia.
Ondoren, kexa aurkeztu zuen kiroldegian eta zuzendariak deitu zion igerilekuan ezin dela jan esanez. Hurrengo kexa udalera zuzendu eta bertatik, erantzun bera eman zioten.
Medioetan salatu zuen orduan gertaturikoa eta udalak ez kiroldegiak ez du jarrera aldatu, hortaz, protestarako deia luzatu du.
– OSTIRALA 12, 18:00ean BULAR EMATE MASIBOA Kiroldegiko Sarreran.
– Parte hartu ezin dutenentzat Erandioko udala zein Kiroldegira e-mail bidez kexa eta bularra ematen dauden emakumeen argazkiak bidaltzeko deia.
Bitartean, hausnartzera gonbidatu nahiko nituzke erabaki hauen atzean dauden langile, zuzendari eta udala. Hain larria al da amak haur zaharrena zaintzen duen bitartean txikiari bularra ematea? Biberoia izan balitz berdina gertatuko al litzake? Edo ur botila bat balitz?
erandioko udalaren edo kiroldegiaren emaila ematerik bai?
Formulario hau erabiltzen ari dira talde desberdinak:
http://www.erandio.net/eus/site/contactar-area_municipal.asp
Erandioko udalaren erantzunik jaso al duzue?
Ez Aiala. Udalak ez du jarrera aldatu. Are gehiago, sare sozialetan, amaren esne tanta bat uretara eroriko balitz, igerilekua hustu eta desinfektatu beharko litzakela argudiatu dute. Guztiz zentzugabea.