Haurra jaio da. Edoskitze garaia.
Haur jaioberriek esnea dute elikagai, eta osasun arazo larriren batek edo ama ez egoteak, benetan oztopatzen ez badu, amaren esnea izan behar da haurtxoaren elikagaia. Hori da naturala, hori da haurtxo horrentzat espresuki sortu den esnea. Bere beharren arabera egokitzeko ahalmena duena eta haurraren zein amaren osasunarentzat hoberena.
Hori da normala, hori da naturala. Hori da naturak egin digun oparia. Gu geu gara gure haurrak sortu eta elikatzeko gai; ez dugu asmakizun eta industrien laguntzarik behar.
Osasunaren Mundu Erakundeak eta munduan zeharreko pediatria eta osasun erakunde gehienek, amagandiko edoskitze esklusiboa gomendatzen dute haurtxoaren lehen sei hilabeteetarako. Sei hilabete betetzean elikagai osagarriak txertatzen hastea gomendatzen da (pediatra bakoitzak bere sistema gomendatzen du, nik edoskitzean aurreratuago dauden herrialdeetako sistemak gomendatuko nizkizueke – Baby Lead Weaning adibidez). Elikagaien txertatzea osagarria izango da, eta amagandiko edoskitzea gutxienez, haurraren lehen bi urteetan mantentzea gomendatzen da.
Edoskitzearen aurkako industria eta presiorik ez dagoen herrialdeetan, edoskitzea uzteko adin naturala lau eta zazpi urteen artean kokatzen da, eta inoiz ez da bat-batekoa izaten. Haurrak bere kabuz hartzen duen erabakia da, eta horrek, ama zein haurrarentzat traumatikoa ez izatea dakar.
Edoskitzea arrakastatsua izateko oinarrizko gomendioak hauek dira:
- Azala azalarekin.
Edoskitzea egokiro ezartzeko biderik azkar, eroso eta errazena haurra zein ama azala azalarekin kokatzea da. Haurra amaren sabelaren gainean biluzik utziz, minutu gutxi baditu ere, gai da amaren titiburua bilatu eta laguntzarik gabe bularra hartzeko. Arropak oztopatu egiten du.
- Ordutegirik EZ. Ez maiztasun ez iraupenerako.
- Minik ez.
Edoskitzeak ez du minik eman behar. Mina eman, zauriak sortu edo haurra ezinean dagoela eta negarrez hasten dela ikusten badugu, normalean postura arazo baten ondorio izango da eta laguntza egokiarekin berehala konpontzen diren arazoak izaten dira. Gaur egun, laguntza taldeak geroz eta ugariagoak dira, eta gertukoen duzuna topatzea erraza izaten da.
- Etengabe.
Haurraren lehen ordu, egun eta asteetan, haurra oso maiz eta denbora luzez egongo da bularrean, elikagaiaz gain amaren taupadak, beroa eta babesa ere hartzen baititu bularrean.
- Txupete eta tetinarik ez.
Edoskitzea ondo ezarri bitartean, indarra egiteko moduak nahas ez ditzan txupete eta tetina zein biberoiak ekiditea gomendatzen da. Gutxi gora behera haurrak hilabete izan arte.
- Ingurukoen laguntza.
Oso garrantzitsua da etxean zein inguruan laguntza izatea. Lehen asteetan amak haurrarentzat etengabe eskuragarri izan behar du eta haurrak lo egitean amak atseden hartzea gomendatzen da. Horregatik da garrantzitsua ingurukoen laguntza bai etxeko lanetan, zein haurra eta amaren beharrak asetzen.
- Gozatu.
Haurraren lehen ordu, egun eta asteak behin bakarrik biziko ditugu eta gozatu eta pazientziaz hartzea gomendatzen da. Edoskitzea ondo ezarrita dagoen unetik aurrera edoskitze uneek gauza zoragarriak oparituko dizkiote familiari eta gozatzea oso garrantzitsua da.
Hau sarreratxo bat besterik ez da. Edoskitzea haurrari bizi osorako egingo diogun oparia da, eta inguruak babestu behar du. Oso gomendagarria da, laguntza taldeetara joatea arazorik ez badago ere bertan esperientziak partekatu eta egoera berean dauden bikoteekin bizitzeak errazago egingo baitu.
Eta noski, edoskitzea amak bakarrik egin badezake ere, aita edoskitze arrakastatsu baterako zutabe sendoa da. Haurra jaiotzean sortzen den ama-haur binomioa babestuz familia sendoa sortzea ahalbidetuko baitu.
Asko gustatuko litzaidake honelakorik egin ahal izatea, baina bi eragozpen ikusten ditut (edo agian bakarra): amatasun baimenak ez du 6 hilabete arte irauten eta lan egin beharra dago etxeko martxa aurrera ateratzeko, nola koordina ditzakegu bi “lan” hauek? eta zentzu berean, lanera joan behar badugu, haurtzaindegian edo beste norbaiten eskuetan utzi beharko dugu haurra, nola manten daiteke bularra soilik ematea beste baten ardurapean dagoen bitartean?
Mila esker Ekiñe.
Aurrerago hitz egingo dut horretaz. Posible da. Eta ez da dirudien bezain zaila. Amaren esnea oso ongi mantentzen da izozturik, eta edoskitzea ondo ezarrita badago (horretarako hilabete inguru nahikoa da), haurrak ama gabe dagoen orduetan amaren esnea biberoi edo edalontzi bidez har dezake eta ama dagoenean bularra hartu (gogo handiagoz gainera). Honetaz luzeago idatziko dut, baina bai, tamalez, amatasun baimenak motzegiak dira gure inguruan, baina egin daiteke, noski!
Nik uste kontu inportante bat ahaztu zaizula, haurtxoaren janaria amaren esnea izan behar da, baldin eta amaren nahia hori den, askotan ahazten zaigun ezinbesteko baldintza da hori. Ama guztiek ez dute dute titirik eman nahi eta, kasu horietan, amaren esnea ez da hoberena eta, zorionez, alternatibak daude kasu horietarako.
Eta naturala delaren argumentua tentuz erabili behar den argumentua da, gauza asko naturalak dira eta horregatik ez daude ongi. Bestetik, amatasunaren naturalizazioa emakumeei egin digun minarekin, etengabe erabiltzeak arriskutsua iruditzen zait oso.
Ane mila esker zure iruzkinarengatik.
Hasieratik utzi nahi izan dut argi informazioa zabalduko dudala, edoskitzeaz eta beste zenbait gaiz. Haurtxoarentzat onena amaren esnea da, gaixotasunen bat edo bularra hartzea eragozten duen benetako arrazoirik ez badago (ama ez egotea…). Amak nahi ez izatea ere bada arrazoi pisuzkoa. Are gehiago, amak benetan nahi ez badu, normalean esnea ere gutxitzen da eta derrigorrezko bihurtzen da biberoietara edo beste sistemetara jotzea.
Amarentzat ere onena da bularra ematea: erditze osteko odol galerak lehenago geratzen dira, umetokia errazago itzultzen da bere onera eta bular eta umetokiko minbizia izateko aukera asko gutxitzen da (sei hilabetez bularra emanez gero).
Hala ere, horregatik erabaki dut bloga horretarako erabiltzea. Zoritxarrez, informazioaren gizartean bizi arren, sarri formulako esnea eta amarena maila berean jartzen dira, eta ez dira maila berekoak haurtxoentzat.
Sarri biberoia errazagoa delaren ustean hautatzen da, benetako ondorioak jakin gabe. Eta ez da zertan zuri edo beltz hautatu. Edoskitze mistoa ere kontuan hartzeko aukera da eta.
Mila esker irakurri eta erantzuteko tartea hartzeagatik.
Kaixo.
Ez nago batere ados esan duzunarekin, Ane. Amaren esnea onena izango da beti, nahiz eta amak titirik eman nahi ez izan. Elikagairik onena beti izango da amaren esnea, osasun arazoren bat tartean ez badag, behintzat. Noski, ama batek titia ez ematea erabaki dezake askatasun osoz, baina erabaki hori hartzerako arduan argi eta garbi jakin behar du elikagairik onena berak bere alaba zein semeari eman diezaiokeen esne hori dela. gaur egun alternatibak daude, nahiko alternatiba onak, baina sekula ez dira amaren esnea bezain onak izango.
Bestalde, ez dut uste tentuz ibili behar dugunik edoskitzea naturala dela esatean. Lasai asko esan behar dugu. Izan ere, ez dakit gauza naturalagorik dagoen gaur egun. Horregatik erositako esneari esne artifizila ala formulako esnea deitzen zaio, ez delako naturala.
Benetan uste duzu amatasuna ibilbide naturaltzat hartzeak emakumeoi mina egin digula? Benetan? Emakumeok daukagun abantailetako bat, eta abantaila gutxi daukagu, amatasuna bera dela esango nuke: gure seme-alabak elikatu ahal izatea, atxekimenduzko harreman estua garatu ahal izatea, haurrekin gozatu ahal izatea, etab. Tamalez, aurreko mezuetan aipatu bezala, amatasun-baimena oso laburra da!!! Laburregia!!!
Mesedez, ez dezagun harrika egin gure teilatura! Are gutxiago, emakumeon askatasunaren eta berdintasunaren izenean. Goza dezagun bizitza honek emakume izateagatik bakarrik ematen digun opari hau!
Noski, ez duenak titia eman nahi ez ematea dauka, norberaren erabakia da eta norberak jakingo du zer den bere haurrarentzako egokiena. Ez nuke hori sekula kritikatuko. Baina ez ditzagun kontuak nahastu, amaren esnea beti izango da haurrarentzako elikagairik onena.
Bi urte beteko ditu nire alabak eta ez dago munduan bere amatxuren tititik urrunduko duenik! Karkarkar! Eta amatxu, pozik!
Mila esker parte hartzeagatik Amaia. Eta segi bularrarekin gozatzen.
Nik bezala beste aita askok eman diegu amaren esnea haurrari biberoiez, ama lanean den bitartean. Haur eskola batzuetan ere (nik ezagutzen dudanean bai behintzat) onartzen dute amaren esne izoztua eta biberoiz ematen diote haurrari. Jakina, egokiena bularra hartzea litzateke, baina Nahiak dioen bezala amatasun baimenak motzegiak dira. Orduan sortzen dira zalantzak eta erabaki beharrak…
Urko mila esker.
Gai hau aurrerako landuko dut. Zorionez amaren esnea ez da soilik bularretik hartzeko!
Mila esker parte hartzeagatik.
“Hori da normala. Hori da naturala”
Uf! Hori da hotzikara.
Normala eta naturala: hainbeste denboraz erabili diren argudioak beltzak esklabo hartzeko -ez baitziren zurien arrazoimenera iristen, berez, naturaz-, emakumeak azpiratzeko, heterosexualak ez diren sexu praktikak gaitzesteko, jendarte zehatz bat iraunarazteko balio ez duten ugaltze eta elkarbzitza ereduak zigortzeko….
Asmo honez arituko zarete, baina beldurgarria gertatzen zait gurasotasuna inoiz baino anitz eta partekagarriagoa izan daitekeen garai honetan amatasuna (amakeria?) biologizatzeko eta naturalizatzeko tema. Sentitzen dut.
Mila esker Idurre.
Noski familien aniztasuna gaur egun oso zabala dela, eta gehiago esango dut, guztiz aberasgarria da hori haurrentzat ere. Bularra amak eman dezake biologikoki horretarako prestaturik gaudelako. Hori naturala dela eta normala izan behar dela esatea ez zait arraroa iruditzen.
Ez parekatu esklabutza eta halakoekin ez gara horretaz ari eta. Ez ditut argumentutzat horrelako astakeriak erabili ez erabiliko.
Pozgarri litzake benetan, bihotzez, gizonezkoek bularra emateko gaitasuna izatea, behin bada ere, sentitzen den gertutasun eta maitasun guztia senti dezaten. Baina ezin da.
Gure izate biologiko eta naturalak amari eman dio botere hori, naturala dela esateak ez luke arazorik sortu behar.
Mila esker parte hartzeagatik.
Kaixo Nahia:
GAuza bat da esatea bularra ematea normala eta naturala dela (bi hitz horiek askorik gustatzen ez zaizkidan arren), eta bestea bularra ematea dela normala eta naturala. Zure testuan bigarrena esaten da.
Eta barka, baina nik ez dut bularra ematea esklabotzarekin parekatu, baizik eta agerian utzi dut azkenaldion han eta hemen titia ematearen eta amatasun eredu baten alde “normala eta naturala” erabiltzen direla argudio saihestezin gisa, esklabotzarekin ibili zen edo oraindik praktika homosexualen aurka erabiltzen den moduan.
Bide batez, nola da bateragarria esatea askotariko familiak egotea ona dela umeentzat -ulertzen dut gizonez osatutakoak ere sartzen dituzula- eta, halaber, haurrei bularrik ez ematea kalte fisiko eta psikikoen sorburu dela?
Muxu bat!
Idurre eskerrik asko galdera hori botatzeagatik. Aurreragorako dut gai horren (familia ereduen) sarrera prest. Baina laburtuz: haurrak elikadura behar fisikoetarako behar du. Eta horretarako aukera desberdinak daude gaur egun, zorionez. Bularra izan ezin duenarentzat, edo gurasoek hala erabaki dutenentzat sortu dira formulakoak eta amarenaren propietate berak izan ez arren geroz eta hobeak dira eta elikatzeko balio dute.
Haurrek behar afektibo handia dute, eta hori edozein motako familiak ase dezake. Haurrek famili eredu desberdinak ezagutu eta bizitzeak, heldu direnean harremanak askeago bizi ahal izango dituztela pentsatzen dut.
Eta haurra zoriontsu bada zer axola amak, aitak, amek, aitek edo nork hezi?
Mila esker berriro.
Nik ez daukat zalantzarik: bularra ematea da onena, eta naturalena, dudarik gabe. Horrela izan da eta da oraindik beste ugaztun guztietan, eta gu ere ugaztun garen einean berdin berdin. Biberoia laguntza handia da titia emateko aukerarik ez dagoenean, eta primerako asmakizuna. Baina esne artifiziala “normala” dela sinestarazi digute eta ez da egia. Eta hau zergaitik? Emakumea lehen bait lehen lan mundura bueltatu dadin, farmazeutikak aberasteko, eta haurren amarekin daukaten lotura primitibo eta beharrezkoa hausteko. Eta atzerako bidea egin behar dugula uste dut. Bularra bait da haurrarentzat bereziki egindako elikagai bakarra, gaixotasunetatik babesten laguntzen duena, eta askotan aipatzen ez den arren segurtasuna, beroa, konfiantza, lasaitasuna e.a. luze bat helarazten diona babes beharra sentitzen duenean.
Mila esker zure ekarpena gehitzeagatik.
Arrazoi duzu atzerako bidea egin behar dela, industriek sinistarazi digutena desikasteko.
Ongi etorri blogera.
Hasteko eta behin zorionak gune hau zabaltzeagatik. Lehenago erran duzun bezala gaurko egunean gai hauen informazio gutxi topatzen da.
NIk erranen nuke batez ere emazte belaunaldien arteko transmisioa eten dela eta ondorioz ez dela gehiago informazio zuzenik jasotzen eta nork bere esperientzia izaten duela den dena kolpez deskubritzekoa.
Horretan espero dut jendea laguntzen ahalko duzula.
Edoskitzearen inguruan inforamzio gutxi da eta halaber, zoritxarrez, iduritzen zait oso partziala, hau da: edo denak arrunt alde edo denak arrunt kontra. Eta hori nabaritu nuen batez ere nire lehen haurra sortu zenean (bigarrenean gutxiago, ze inforamazio beharrik edo ez bainuen ). Ibili nintzen kontsulta ezberdinetan, lehen aipatu bi ikusmolde horiek gertatu ziren.
Eta gauzak horrela, zerbait ahanztu zitzaion jendeari: nik zinez pentsatzen edo sentitzen edo nahi, ahal nuenaz galdetzea. Eta zinez jende gutxi egon zen doi bat idekia eta kezkatua nirekin. Asko faltan bota nuen eta aste luzez gaizki pasa nuen.
NIre nahia izan zen abentura baten ahal bezain urrun eramatea, uler dadila nik ahal eta nahi nuen bezain urrun.
Haurrarentzat on eta zilegi dena gauza bat da. Baina amarentzat ere norbaitek beharko du kezkatu.
Ni egon naizen lekuetan, Baiona inguruetan, ez da horrelako informazio zentrorik hegoaldean egoten diren horietakoak bezalakoa baina bai lobby desberdinak. Edoskitzea %100 defendatzen dutenak, emazteak kulpabilisarazten dituztenak eta gaitzeko presioa sartzen beti ere haurrarentzat ona dena azpimarratuz, besteak beste hemen ikusi ditudan argumentuak.
Horiek horrela erran nahi nukeena da emazte bakoitzak duela erabakia eta hemen ibiltzen den batek aholku bat behar badu bere buruaz segur izatea dela, bere hautua berak bakarrik eta objektiboki egitea. Eta hartuko duen erabakiarekin pozik egotea.
Gero, azken gauza bat ere zuzendu nahi nuke. Edoskitzea gauza erraza eta plazer hartzekoa dela diozu. Neurri batean egia bada ere, erranen dut argiki ez dela batere erraza, ez dela hain atsegina izaten lehen egunetan, ez fisikoki eta ez psikologikoki (zalantzak dituzu, galdera asko, neke izugarria, etab…)
Bularra eman nahi duenak, hori ERE jakin behar du. ez dela abiatzen dena arrosa eta erraza den bide batean. Hori erran behar da, bularra ematea erabakitzen duenak argi izan dezala lehen garai horietan eta ez etsi hasiera hasieratik.
Ongi segi Nahia eta ondoko bat arte.
Zeinen aberasgarria zure ekarpena Bea.
Mila esker.
Arrazoi duzu transmisio arazo handi bat dagoela. Tribua galdu da. Eta horrekin ere edoskitzea ikusi eta ikasteko aukera. Hor dago arazoa. Ez dakigula sentitzen dugu; zalantza eta beldurrak sortzen dira.
Edoskitzeaz aurreneko gomendioetan horregatik aipatu ditut minik ez duela eman behar eta plazerra sortu behar duela. Hala ez bada, arazo bat dagoen seinale, normalean posturala eta zenbaitetan larriagoa ( haurtxoaren ahoaren forma, osasun arazoak…). Pena eman dit zuen inguruan laguntza taldeak gutxi direla jakiteak.
Gipuzkoan behintzat ugariak dira, eta geroz eta gehiago sortzen ari dira. Bi motatakoak izan ohi dira: edoskitzera soilik zuzenduak eta “tribua” sortzera bideratuak.
Lehenengoetan normalean, edoskitzean adituren bat egon ohi da arazoak identifikatu eta konpontzen saiatzeko. Bigarrenak gurasoek soilik osatzen dituzte eta eremu gehiago hartzen dituzte.
Arrazoi osoa duzu polarizazioa oso arriskutsua dela esatean. Inork ez luke amaren erabakia gutxietsi edo baldintzatu behar. Informazioa eman eta laguntzea izan behar da helburua.
Are gehiago amak haurra jaio ostean duen sentimendu sumendian.
Mila esker berriro.
Ama bat: arrazoi duzu, dena ez da txuria edo beltza eta bakoitzaren egoera emozionala, familiarra, laborala e.a. desberdina da, eta eragin zuzena dute gure erabakietan. Garrantzitsuena haurra, ama, aita edo dena delako nukleo familiarra ahal den orekatuen egotea da eta hortarako biberoia eman behar bada, edo haurreskolan utzi, edo zesarea bat egin (ze kontu hauetan ere segituan etiketatzen zaituzte), ba egiten da eta lixto. Baina ez diezagutela kanpotik presionatu. Nire erabakia haurrari bularra ematea bada, hala nahi dugulako etxeko guztiok, ba utz diezagutela lasai. Hori bai, lehen haurrarentzat onena zer den esaten ari ginen, eta hortan ez dut nire iritzia aldatuko: haurrarentzat onena, beti, amaren bularra izango da.
Kaixo, Amaia,
Aipatzen dituzun bi esaldi hauen artean kontraesan sakona ikusten dut: “Amaren esnea onena izango da beti, nahiz eta amak titirik eman nahi ez izan. ” “norberaren erabakia da eta norberak jakingo du zer den bere haurrarentzako egokiena.” Berriz ere, emakumeei ukatzen zaigu erabakitzeko kapazitatea, gure bizitzaren eta gure umeen bizitzaren inguruko erabakiak medikuen, espazialisten edota iritzi egileen eskuetan utziz.
Umeak behar duena da ama/aita/zainduko duen pertsona bat edukitzea alboan, amaren titiarekin edo amaren titirik gabe, hori norberak erabakiko du bere ahalmen, nahi edo errealitatearen inguruan. Ez dakit zergatik titia emateak hainbesteko transzendentzia eduki behar duenik. Erlazio sendo bat sortzeko mila modu daude.
Besarkada bat,
Aupa Ane.
Askotan, idazterakoan, gehiegi ez luzatzearren ez ditugu gauzak nahi bezala azaltzen. Ez nuke kontraesanetan jausi nahi. Ea oraingoan hobeto azaltzen dudan nire ikuspuntua. Esan dudanean amaren esnea umearentzako onena dela beti, esneaz ari naiz, elikagaiaz. Esnea da jaio berri batek eta haurtxo batek jan dezakeen elikagairik onena, beti, osasun arazoren bat tartean ez badago, behintzat. Hori argi eduki behar dugu.
Bestalde, ama batek erabaki dezake bere umeari titia emango dion ala ez, baina beti ere kontuan hartuta, bere esnea dela elikagairik onena. Erabaki hori hartzerako orduan, noski, elekagaiaren kalitateaz gain, beste hainbat inguruabar hartu behar dira kontuan: amaren nahia, testuingurua, aukerak, etab. Norberak hartu beharreko erabakia da eta horregatik esan nuen sekula ez litzaidakeela burutik pasatuko ama batek hartutako erabakia kritikatzea. Ama bat ez da hobea izango titia emateagatik eta txarragoa titirik eman ez duelako. Ama batek beti egingo du bere aburuz onena dena bere umearentzat.
Ez dut uste gaur egun erabakitzeko ahalmen hori mugatuta dugunik. Nire inguruan ikusitakoan oinarrituz, esango nizuke ezagutzen dudan emakume asko eta asko biberoia ematen diotela seme-alabei eta normal-normal ikusten duela gizarteak. Kontrara, hamaika eta bat entzun behar izan ditut nik oraindik titia ematen jarraitzen dudalako. Are gehiago, nire alaba jaio eta titia ematen hasi nintzenean egoera ez zen batere erraza izan, oso gogorra izan zen hasieran eta ez nuen nire inguruan inolako babesik izan (nire bikotekidearen basesa alde batera utzita). jende guztiak esaten zidan, “utzizu titia, ezin bada, ezin da”, “total, biberoia eman zein titia eman…” eta horrelakoak. Zuk aipatzen dituzun sasiadituak. Karkarkar… Gerora ezin naiz kexatu oso edoskitze ona izan dudalako eta benetan gomendatuko nuke.
Gure gorputzari kasu egin behar diogu eta ez beste inori.
Ondo segi!