Lo, txikia, lo. Elkarrekin?
Badirudi geroz eta gizarte “aurreratuagoa” izan, geroz eta urrunago izan behar ditugula gure haurrak. Hemen ere, ugaztun izaera albo batera utzi nahia agerian geratzen da. Akaso ikusi al duzu inoiz bere kumeak urrun lotan uzten dituen ugaztunik? Kumeak basoaren ertz batean lo utzi eta handik 20-30 metrora lo egitera joaten denik?
Pentsaezina litzateke naturan. Pentsaezina eta oso arriskutsua. Gure kumeak ez dira gai euren burua defendatzeko, eta berehala edozein animali goseturen afari bilakatuko lirateke. Orduan, zergatik utzi haurrak sehaska batean, bakarrik, guregandik urrun dagoen gelan? Noski, zoragarri eta polit-polit dagoen gela da, gure mimo eta diruz prestaturikoa. Baina haurra gosez, hotzez, beldurrez edo jolasteko gogoz esnatzen denean jarriko al da guk paretan margoturiko iratxoari begira?’
Ez. Haurtxoek gu behar gaituzte. Ez gehiago ez gutxiago. Gu. Hortaz, ez al da errazagoa gurekin izatea? Haurrek “mikroesnatzeak” izaten dituzte, helduok bezala, baina une horietan amaren bularra bilatzen dute normalean. Amaren taupadak gertu-gertu sentitzearekin soilik lasaituko dira maiz, beste askotan bularra hartu nahiko dute, unetxo batez, hor gaudela eta ziur daudela jakiteko soilik. Esne produkzioa mantentzen laguntzeko. Atxikimendua errazteko. Elkarren arteko harremana indartzeko.
Mikroesnatze horietan, behar dutena gertu ez badute, guztiz esnatu eta antsietatez negarrez hasten dira haurrak, eta orduan lasaitzen lagundu beharko diogu, eta berriro lokartu dadin lortu beharko dugu. Horretarako haurraren negarrak esnatu beharko gaitu, gure ohetik altxa, eta bera dagoen gelaraino joan. Haurra lasaitu, bularra behar badu eman eta lokartzean berriro gure ohera bueltatzeko.
Ez al da askoz errazagoa gurekin ohean sartzea? Ez al da naturalagoa elkarrekin lo egitea?
Aurrerago hitz egingo dut ohe partekatzeaz sakonago, baina bitartean, gazteleraz dagoen arren, Ibone Olzaren (haur psikiatra ezaguna) blogeko sarrera hau zuentzat opari: Dormid con ellos.
beti esaten dute umea gaizki hezteko modua dela, ume egoskor eta negarti batean bilakatuko dela, ez duela jakingo lasai egoten egunen batean zu alboan ez bazaude… nik ez dut uste hori zurekin lo egin edo besoetan eramateagatik gertatzen denik (nahiz eta lehen hala uste nuen), baina nola ulertarazi jendeari eta batez ere zure bikotekideari hala egin nahi duzula, onena hala dela uste duzula? beti esaten dizute: gogoratzen bikote honen alaba? txikitatik besoetan izan da eta orain sekulako kasketak harrapatzen ditu; eta begira haien semea, jaio zenetik bere gelan egin du lo bakar bakarrik eta ez du inongo arazorik ematen… nola kontrajarri hau?
Kaixo Ekiñe,
Zer zalantza edo hausnarketa interesgarria. Nola egin bikoteak guztiz aurkakoa egin nahi badu… Zeinen zaila. Nire esperientziatik hitz egingo dizut. Gure kasuan, haurra izatea erabaki eta poliki-poliki etorri da dena. Haurdunaldian zehar nik asko, asko, asko irakurri nuen. Asko. Eta irakurtzen nuenaren laburpentxoak egiten nizkion bikoteari iluntzetan. Interesa edo kezka gehiago sortzen zioten gaiekin gehiago sakontzen genuen.
Baina benetan erabakiak hartzeko unean, sentitzen genuenak hartu du pisua. Eta haurrak berak eman digunak.
Ia urtebete egin du txikiak eta elkarrekin bizi izan ditugun une gehientxuenak bularra hartzeko unean sortu direnak dira (bai begiradak, jolasak…) eta beste asko ohean. Lokartu aurretik hirurok egoten saiatzen gara apur batez (5 bat minutuz) jolasean, masajea eman, kilimak egin… eta esnatzen denean, alboan gaituela ikustean ateratzen zaion irribarrea zoragarria da. Ez dago irribarretsu esnatzen den pertsona bat baina gehiago beteko zaituenik. Sehaskan balego, ziurrenik, negarra entzun arte ez ginake esnatu delaz konturatuko… eta orduan… irribarrea malko izango litzake.
Baditut nahi beste liburu, artikulu edo nahi duzun guztia uzteko moduan, beraz eskatu lasai! Eta bestela, gerturatzen zaretenean geratuko gara eta hitz egingo dugu lasai laurok (agian nire bikotearen ikuspegiak segurtasun gehiago emango dio eta).
Besarkada bat.