Zer moduz? Ondo.
– Ondo.
Eta elkarrizketa amaitu da. Eta ziurrenik gezurra esan dugu. Eta gezurra ez bada, ez dugu behintzat egia osoa esan.
Helduon artean, sentimendu eta emozioak ezkutatu edo ez aipatzeko joera oso handia dugu, neurri handi batean, txiki ginenean ez dugulako sentimendu horiek adierazteko, ulertzeko edo ezagutzeko aukerarik ia izan. “Zer moduz? Ondo”, negar egiten duzu “ez da ezer, lasai, ez egin negarrik”, mina duzu “ez da ezer”, beroa duzu baina helduek hotza “hotza egiten du, jantzi berokia, zuk ez dakizu”… entzunez hazi gara asko.
Sentitzen genuena sarri gaizki zegoela pentsatuz, adierazi behar ez genuela ikasita. Eta halaxe jarraitzen dugu “ondo” egoten beti. Ez gaude nekatuak, ez gaude pozik, ez gaude urduri, ez gaude goibel, ez gaude beldurturik… beti gaude “ondo”. Bada, ez, ni ez nago beti “ondo”. Gehiago esango dut, gutxitan egoten naiz soilik “ondo”.
Eta zer gertatzen da haurrekin? Etorkizuneko helduak direla. Eta benetan uste dut, garrantzitsua dela sentimenduen ukazio horrekin amaitu eta sentimenduekin eta emozio desberdinen bizitzen laguntzeko tresnak haurrei txikitatik ematea. Sentimenduak identifikatzen lagundu eta sentimendu horiek kudeatzeko tresnak emanez. Txiki-txikitatik has gaitezke lan horretan. “Nekaturik zaude, haserre zaude, triste zaude…” esanez, baina ez soilik horrela. Gu nola gauden adieraziz batez ere. “Gaur nekaturik nago, haserre nago eta tartetxo bat emadazu, oso pozik nago gaur…” esanez, eta guk emozio horiek onartu eta beraiekin bizitzeko ditugun teknika desberdinak erabiliz. Guk ere, eurek bezala, sentimendu desberdinak ditugula, egun desberdinak eta ez dela beti “ondo” egon behar.
Gure semea hizketan hasi zen orain hilabete batzuk, eta denek galdetzen diote “Zer moduz?” eta erantzuten ez badu, “ondo? ondo? ondo?” esaten diote, erantzun hori espero dutenez, haurrak errepikatuko duen itxaropenarekin. Guk, “zer moduz?” galdetzen diotenean “ba gaur nekaturik gaude, edo haserre dago, edo poz-pozik jaiki da” erabiltzen ditugu. Hala, beti “ondo” ez dagoela uler dezan.
Hala ere, ez da soilik haur txikiekin landu beharreko gaia. Eta are gutxiago gurasoek soilik egin beharrekoa. Ni, haur eta gazteen antzerki irakaslea naiz, eta garrantzia handia ematen diet emozioen alorrari. Emozioen inguruko lanketa egiten dugu antzerkiko ariketa eta tekniken bidez, eta ikusgarria da, nola 3-4 eskolaren ondoren haurrak “ondo” egotetik, “triste, pozik, amorratuta, haserre…” egotera igarotzen diren. Gurasoek ere, harrituta kontatzen didate haurrek egin duten aldaketa, eta benetan, oso polita da. Oso polita da haurrek euren emozioak onartu, identifikatu eta adierazten ikustea. Eurek, guk baina gaitasun handiagoa dutela ikustea.
Zoragarria da, geroz eta gune gehiagotan haurrei “espazio askeak” eskaintzea, non emozioak libreki adierazi eta landuko diren, eta hala, bai ikasle zein euren alboan gaudenek, emozioen motxilaren zama, asko arintzen dugun ikustea.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks