Egiozu erdaraz
Erabat harrituta eta goibel iritsi naiz etxera gaur. Beste haur eta guraso batzuekin jolasean eta dantzan aritu ondoren, ama batek kontatu digunarekin erabat kezkatuta. Ama honek bi alaba ditu, txikiena irailean hasiko da ikastolan, zaharrena bertan dabil azken urteetan.
Ama hau, izatez galiziarra da, eta euskara ikasten ari da, poliki-poliki eta saiakera handia egiten du beste haur eta gurasookin euskaraz hitz egiteko. Izugarrizko indarra eta meritua du horrek nire ustez. Hanka sartzeko beldurra eta lotsa gaindituta, euskaraz egiten du ahal duena, eta ezin duenean gaztelerara salto.
Nire kezka eta haserrea azalduko dizkizuet. Miretsi egiten ditut euskara heldutan ikasten duten pertsonak eta zoragarria egiten zait eurei euskara entzutea, akatsekin, hanka sartzeekin eta tarte mutuekin.
Dirudienez, ez da nahikoa egiten duten esfortzu izugarria. Antza, ama honen alaba zaharrenaren andereñoarentzat ez. Badakizue zer aholkatu dion? Alabari gazteleraz egiteko, bestela, euskaraz gaizki ikasiko duela eta hobe dela horretarako, gazteleraz ikastea. Zeinek eta ikastolako irakasle batek? Nire iritziz argi dago, hori bada irakasle horren euskararekiko konpromiso eta maitasuna, auskalo zer irakatsiko dien bere ikasleei… errespetua eta euskara ikasten duenarekiko babesa ez behintzat.
Kezkatzen nau, asko, halako irakasleak dituen ikastola soilik izateak gertu.
Lotsagarria!!!benetan lotsagarria!ikastolan ere ondo ikasiko du eta ama euskaraz aritzea baina hoberik ez bera ere euskaraz jarduteko!!haurrak berak uste baino bizkorragoak dira hortan eta badakite noiz ari diren zuzen, ziurrenik alabak bera erakutsiko dio ondoen amari!sinesteziña!
Bai Ekiñe, izugarria da…
Irakasleari beti ez zaio kasu egin behar. Eta hauxe da bat. Gainera, soziolinguistikoki ere ez du zentzurik. Eredu txarra? Kia. Begiratu emangiltza.com webgunean (oso-oso gomendagarria bide batez) honakoa esaten dute (gaztelaniaz baino ez dut aurkitu):
Es importante que los/las niños/as escuchen y utilicen euskera fuera de la escuela. Si los padres y madres sabéis un poco de euskera está muy bien que lo utilicéis. Vuestros/as hijos e hijas verán que os interesáis por el euskera, que también es algo vuestro.
Si sabéis un poco de euskera, es positivo utilizarlo pero teniendo en cuenta que no debe obstaculizar la comunicación:
Si sabéis un poco de euskera, os animamos a aprender más y a utilizar frases en euskera.
Si sabéis bastante euskera, podéis intentar que algunas conversaciones sencillas sean en euskera, siempre y cuando sea de la manera más natural posible y sin mezclar las lenguas en las frases ni obstaculizar la comunicación.
Mila esker!
Zalantzarik ez dut nik irakasleei ez zaiela kasu beti egin behar. Baina kezkatzen nau, asko gainera, halako aholkuek zenbat euskaldun berri saiatu utzi ote dituzten egoera ahul samarrean…
Kabroia izan behar da gero. Bikotekidea andaluza dut eta euskara ikasi du. Bere ondoan ikasi dut zenbat eskertzen dituzten euskara ikasten ari direnek gure animoak eta zenbat min egin dezaketen horrelako jarrerek. Eskerrak horrelako jarrerak estralurtar bakan batzuk baino ez dituzten…
Berarekin topo egiten duzun urrengoan animatu gu guztion partez! Barren barrendik eskertzen diogula egiten duen esfortzua.
Aupa!
Askotan eztabaidatu den gaia da hau. Jakin nahiko nuke ama horren maila, zenbat dakien. Hasi berria bada, irakaslearekin nago, baina aurreratuago badabil, euskaraz egin diezaiola.
Agian ez lioke dena euskaraz egin behar, eroso sentitzen dituen kontuetan baino ez, eta nahastu barik. Ikasi ahala euskara gehiago sartzeko ere esango nioke.
Baina badakizu zer gomendatuko niokeen ama horri: galizieraz egitea, euskararen gainetik! Berea eman diezaiola, ezeren aurretik!
+
Kaixo Leire!
Ez nuke jakingo esaten zein maila duen, hiztegi zabala du eta aditzekin asko saiatzen da. Hankadartzeak bai, baina nork ez? Akaso ergatiboa gaizki egiten duten guztiei euskaraz ez hitz egitea gomendatzen zaie? Galduta geundeke!
Alabarekin euskaraz eginda, alabak erakutsiko dio amari… Alabarekin gazteleraz eginda, amak ez du ikasiko.
Mila esker zure ikuspuntua emateagatik!
Irakasleak amari eman zion aholkuaren ñabarduretan egon daiteke gakoa
Nire iritziz euskara ikasten ari den amari ezin zaio aholu absolutua eman: “eukaraz egiozu” edo “erdaraz egiozu”. Matizatu egin behar da.
Ukearen komunikazio-gaitasunaren garapenari erreparatuz gero, oro har, haur txikia duen amari edo aitari aholku hau emango nioke: ahalik eta komunikaziorik aberatsena eduki dezala haren seme-alabarekin; eta horretarako balia dezala -gehienetan- diskurtsoa ahalik eta aberatsena garatzeko aukera ematen dion hizkuntza. Horrela eginez gero, etxe-giroan oinarrizko komunikazio gaitasuna garatzeko oinarri sendoak jarriko dituzte eta umeak probetxu handiagoa aterako dio euskara ikas dezan eskolan egiten duen lanari
Baina txanpon honek badu beste alderdi bat: hizkuntzari ematen zaion balioarena. Eta alde horretatik dudarik ez dago, euskara ikasteko ahalegina egiten ari den amak alabari euskaraz egiten dionean (diskurtso pobre samarrean bada ere) erakusten dio hizkuntza hori balioesten duela. Eta horrek hizkuntza balioesten eta ikasteko ahaleginari eusten lagunduko dio alabari.
Mezu kontrajarriak dirudite? Ez dut uste.
Amaraen gaitasuna murritza bada, aholkua bikoitza izan daiteke:
* Batetik, gehienetan, eta batez ere diskurtsoa landua baliatzea eskatzen duten (edo baliatzeko aukera ematen duten) egoeretan erabil dezala hoberen egiten duen hizkuntza
* Bestetik, bilatu ditzala egoera jakin batzuk alabarekin euskaraz jarduteko. Zeintzuk hobetsi: balio afektiboa duten zenbait egoera, adibidez, edota hizkuntza landuagoa erabiltzeko erraztasunak ematen dutenak (ipuinak irakurtzea, esaterako)
Idei bat ahaztu zait aurreko mezuan, hau:
Ama horrek, euskarazko gaitasunean aurrera egin ahala (eta ipuin onak maiz kontatzen badizkio eta ondo kontatu ahal izateko prestalanak -aurretik ipuina beretzat irakurri, behin bahino gehiagotan, esanahiaz ondo jabetzeko– egiten baditu; azkar aurreratuko du); gero ta egoera gehiagota has daiteke euskara baliatzen.
Eta honela, egunen batean, amak eta alabak…
IdeiA hitzak A itsatsia darama, agian euskaraz ongi ikasi arte ez zenuke euskaraz idatzi beharko
Agian bai Idurre,
Mila esker
Gure etxean euskaraz egiten da. Aitak umetan hitz egindako euskara (bizkaiera) galdu eta gerora berriz ikasi egin zuen amarekin (batua-gipuzkera), eta gazteleraz beti errazago eta dotoreago egin duen arren, etxeko hizkuntza bakarra euskara izan da. Eta baita bere hizkuntza propioa ere, lehentasun osoz euskara. Nahiz eta asko kostatu idazten, edo errejistro formaletan adibidez. Baina bere erabakia horren gainetik egon da. Beti.
Hizkuntza aldaketa lagundu egin behar dugu, eta erraztasun osoa izan gabe ere, euren bizitzan euskaraz hitz egiteko erabakia hartzen duten beste hizkuntzetako herritarrak (haien jatorrizko hizkuntzak aitortuz, estimatzen ditugula esanez eta abar, are etxeko transmisioa ere aitortuz.. baina aldi berean euren hizkuntza euskarara aldatzeko erabakitzen badute, bidean lagunduz..) lagundu, animatu, euren alboan egon, eta eskertu. Izan ere, hizkuntza aldaketarik ez bada ematen, eta afektibitatearen eta erraztasunaren argudioetan geratzen bagara (zer afektiboago ama-hizkuntza baino?), inoiz ez dugu Euskal Herria euskaldunduko. Kontua da euskal herritar gehienon ama-hizkuntza ez dela euskara. Orduan zer?
Hizkuntza aldaketa behar dugu, nora eta euskarara.
Ikastola horretako irakasleak ama galiziarrari aholkatu diona (espainieraz hitzegin diezaiola alabari bestelakoan alabak ez omen duelako espainieraz ongi ikasiko) ZOZOKERIA hutsa da. Gure etxean (Donostian) beti euskaraz egiten genuen, ikastolara joan ginen senide guztiok (eskolaurretik UBIraino), osaba-izebekin eta lehengusuekin euskaraz mintzatzen ginen eta gizarteratzea ere ia dena euskaraz egin genuen. Hala ere neba-arreba guztiok ongi egiten dugu espainieraz. Ongi ezezik bikain ere esango nuke, nik “selektibitate” azterketa multzoa Madrilen egin bait nuen eta guraso-hizkuntza espainiera zuen azterketakide askok baino emaitza hobeak lortu nituelako espainieraz egin nituen azterkete haietan. Gerora ere unibertsitate ikasketak Madrilen bukatu nituen eta inortxok ez zuen nire espainierazko hizkuntz-gaitasuna zalantzan jarri. Galiziar ama euskaldunaren alabak behar duena euskara gehiago da.
Egunon:
Zuri hainbeste kezkatzen zaituen ikastola horretako langilea naiz eta galdera bat egin nahi dizut: Artikulu hau idatzi baino lehen, aztertu al duzu informazio hau egia den ala ez?Kalean gauza askotaz hitz egiten da, eta horrelako herri txiki batean oraindik gehiago, hori jakin behar zenuke. Ez dakit egia den edo ez, baina zertru horretako irakasle bezala BETI euskeraz hitz egiten eta erakusten saiatzen garela esan nahi dizut eta kontu handiarekin ibilitzea eskatu nahiko nizuke horrelako informazioa zabaldu eta gure profesionaltasuna zalantzan jartzerako orduan.
Asko eskertzen dizut parte hartzea eta zure ikuspegia ematea. Baliteke bestelako asmorik gabe esaldia izana, eta noski, ez naiz sakonago zer zegoen galdetzen aritu. Sarrera honek norbait mindu badu, barkamena eskatzen dut.
Dena den, aberasgarria ere izan dela esan nahi dut, euskaltegietako irakasleen iritziak adibidez, ikuspegi zabalagoa eman dit, eta jaso ditudan zenbait mezuk erakutsi didate ez dela toki edo une bakarra hori gomendatzen dela. Eta ez euskara baztertzeagatik, baizik eta euskara amak ondoren alabarengandik ikasteko adibidez.
Eta bai kezkatzen nau ikastolak, kezkatzen nau haurraren heziketak eta berdin kezkatuko ninduke beste eskola edo ikastola bat balitz ere. Kezkatzen nauelako hezkuntza sistema guztiak orokorrean. Eta bai, nire apustua ikastola horren aldekoa da, inguruan dudan sistema osoena eskaintzen duelako.
Mila esker berriro
Ni ere ikastola bateko irakaslea naiz eta aipatzen dituzuen kontu hauek ezagunak zaizkit. Lehenik eta behin aipatu nahiko nuke ez dela erraza, euskaraz ondo egiten ez duenari, bere seme-alabari euskaraz egin behar dion edo ez esatea.
Gure ikastolan Euskararen erabilera eragiteko saiakera handia egiten da eta gainera bertako irakasleok erabat hortan murgilduta gaudela esango nuke.
Gure artean eztabaida/gai hau sortu izan ohi da, eta gurasoekin honetaz hitz egin ere bai.
Nik pertsonalki, euskaraz ikasten ari diren helduak miresten ditut eta hare gehiago, Euskara ikasi eta erabiltzen dutenak. Euren esfortzua baloratzen dut eta Nahiarekin erabat bat nator izugarrizko indarra eta meritua duela horrek dioenean.
Zenbaitetan, lehen aipatu bezala, hitz egin izan ohi dugu euskara zuzen erabiltzen ez duten gurasoei euren ama-hizkuntza erabiltzea aholkatzea komeni ote den, komunikazio egoerak edota elkarrizketak zailtzen doazen heinean, komunikazio egoera naturalenak izateko eta haurrek mezu argiak jasotzeko helburuarekin, eta ez euskararekiko konpromisoa ahaztu izanagatik noski!
Mezu hau ematean ordea, ez diogu guraso horri bere seme-alabarekin euskaraz ez hitz egiteko mezua eman nahi izan, edota erderaz aritzeko mezua eman nahi izan, baizik eta kontestu linguistikoa eta gaitasun linguistikoa kontutan izateko adierazi, bata edo bestea erabiltzerakoan.
Agian, hizkuntza gaitasunaren araberako erabakia izan beharko luke zenbateraino eta noiz aritu euskaraz, hizkuntza-eredu okerra ez ematearen aldeko iritziak ere badaudela kontutan hartuta? Ez da erraza beraz, euskaraz ongi ez dakienari zein egoeretan erabili behar duen edo ez erantzutea. Gaitasun linguistikoa eta erabileraz gain euskararen aldeko jarrera positiboan eta motibazioan eragitea ere ezinbestekoa dela kontutan izanda.
Gure seme –alabek eta ikasleek euskararen aldeko jarrera positiboa izan dezaten lan egiten dut euskalduna naizelako eta Euskara delako nire komunikazio tresna nagusia.
Bestalde, Atxupik dioenarekin lotuta eta idatzitakoak eragin diola ikusirik, kontuz ibili beharko genuke idazten dugunarekin. Gaia oso interesgarria eta ikuspegi zabalekoa izan daitekeela ikusirik, erabat eztabaidagarria den gaia da, baina gaia aurkezteko garaian datu zehatzak emateak (Ama honek bi alaba ditu, txikiena irailean hasiko da ikastolan, zaharrena bertan dabil azken urteetan…) badakartza (edo ekar ditzake) hainbat ondorio edo eragin: “hori bada irakasle horren euskararekiko konpromiso eta maitasuna, auskalo zer irakatsiko dien bere ikasleei… errespetua eta euskara ikasten duenarekiko babesa ez behintzat.”
Auskalo irakasleak adierazi nahi zuena ongi ulertarazi zuen!
Auskalo mezua jaso zuenak zer ulertu zuen!
Auskalo kalean zer eta nola adierazi zen!
Errespetua hitz handia da, eta interneteko eremu hauetan galtzea erraza! Agian errezegia da, irakasle horrek esandakoa, eman diren datuekin, kritikatzea, baina seguruenik ere, ikaslearen hizkuntza ikaskuntza hobe batean pentsatzen arituko zen. Hala espero edo nahiko nuke behintzat!
kaixo…
lehenengo gauza esan nahi dudana hauxe da …
Nik hitzegindako gai hau pertsona batekin ,konfidantza giro batean ,ez zait ondo iruditzen, niri kontsultatu gabe argitaratua izatea,ez nago batere ados …
Goraipatu nahi dut irakasle horren lana.Nik gai hau atera nuenean, ez zen izan gaia berotzeko baizik eta elkarrizketa arrunt bat .
Irakaslearen lana nire ikuspegitik oso ona da ,bai euskararekiko eta bai irakaskuntza orokorrean,ez daukat kexa bat bera ere gai honetan.
Nik irakasle honekin izandako elkarrizketa honek zera erakutsi dit ,esukara gogo gehiagorekin hartzea, nire euskera aberatsagoa izan dedin lan egitea eta berak horretan parte hartzen du asko laguntzen bait dit ,niri eskueraz egiten bait dit beti eta nire eskaerak eukararekiko betetzen bait dizkit eta esan nahi dut dembora hartzen duela horretarako.
Nire bizitzan euskaldun askok barre eta algara asko egin ditate nola hitz egiten nuen ikusita ,baina horrek ez dit sekula ikaratu ,indar gehiagorekin hartzea baizik eta nire ustez horrek egiten dio min haundia euskarari .Esketzen det zuen miresmena nire saiakera gaitik.
Azkeneko esan nahi dut ,nire gurasoak direla Galiziarrak,ni Donostian jaiotakoa bait naiz.
Idatzi hau ez dut nik egin baizik eta nire bikotekideak lagunduta,hau ez bait da nire egitazko euskara maila.
MILA ESKER DENEI.
Lehenengo barkamena eskatu, baimenik gabe idatzi eta datu gehiegi emateagatik… ez zen asmoa kasua pertsonalizatzea, inondik inora.
Kezka ez baita kasu hori soilik, iritsi zaizkit antzeko mezuak ematen diren beste zenbait kasu, eta are gehiago, sortu diren iruzkinek eta jasotako mezu pribatuek beste ikuspegi bat eskaini didate. Euskaltegietako irakasleek eta eskoletako zenbaitek duten ikuspegia eta oso aberatsa zait, zalantzarik gabe. Batzuetan ematen den gomendioa omen da, eta bere arrazoia, ikasten ari denari konfidantza gehiago hartu eta bidea erraztekoa… ez nik ulertu nuena.
Nik ez dut irakaslearen beste lana epaitu nahi izan, ez dut ezagutzen eta jaso ditudan iritziak oso onak dira, nik ulertu nuen mezuaz kezka adierazi nuen, benetan miresten baititut euskara ikasten ari diren helduak. Eta zuk aipatu duzun bezala, zoritxarrez, askok barreak, hitz txarrak eta halakoak jasotzen dituzte akatsengatik. Epaitu egiten dira, eta epaitzekotan, saria eman beharko litzaizueke!!!
Asko eskertzen dut zure iritzia ematea, eta barka berriro gaizki sentiarazi bazaitu.
Zoritxarrez, ezin denen gusturako idatzi, eta sarrera honek min eman du antza… berriro ez gertatzea espero dut.