Edoskitzea eta garunaren garapena.
Brown-eko Unibertsitateak berriki argitaratu duen ikerketa batek agerian utzi du edoskitzeak haurren garunaren garapenean duen eragina. Edoskitze naturala, mistoa eta artifizialaz elikaturiko haurtxoen garunen azterketak egin dira arrisku baxuko erresonantzia magnetiko bidez eta berriro ere, edoskitze artifizialaren ondorioak agerian geratu dira.
Ikerketan lau urtez azpiko haur multzo batek parte hartu du eta elikadurak euren garunetan eragindako garapena desberdina izan dela ikusi dute. Ikerketan parte hartu duten haurretan, gutxienez edoskitze natural esklusiboa hiru hilabetez izan dutenek bi urte betetzean, edoskitze artifiziala edo mistoa izan dutenekiko aldaketa handiak topatu dira.
Edoskitze naturala jaso dutenek, garuna garatuagoa dutela ikusi da lengoaia, kognizioa eta funtzio emozionalak kokatzen diren guneetan.
Hamar hilabete eta lau urte arteko 133 haur ikertu dira, lo zeuden bitartean, erresonantzia magnetiko berezi bidez. Mielina aztertu dute garunaren gune desberdinetan eta ikerlariek ere, emaitzek harriturik utzi dituztela adierazi dute.
Hiru taldeetatik (edoskitze naturala, mistoa eta artifiziala), edoskitze natural esklusiboa izan duten haurren garunetan, %20-30 garapen altuagoa dagoela ikusi dute.
Erresonantzia magnetikoaz gain, ikerketa oinarrizko proba kognitiboekin ere osatu dute, eta edoskitze artifiziala edo mistoa izan duten haurrek lengoaia eta mugikortasuna bezalako arloetan edoskitze natural esklusiboa zutenekiko atzerapen nabarmena zutela ikusi dute.
Edoskitze naturalaren iraupenaren arabera ere aztertu dute haurren garunaren garapena, eta urte betez gorako edoskitzea izan dutenek, mugikortasun eta lengoaia arloak urte betez azpiko edoskitze naturala baina garatuagoak dituztela ikusi da.
Hortaz, edoskitze artifizialak zein mistoak, haurren garunen garapenean, txiki-txikitatik duen eragina nabarmena dela esan daiteke.
Ikerketaren datuak hauek:
Neri azterketa honetan datu batzuek falta zaizkit: Amaren bularretik elikatu diren haurrak, bularra eta biberoia eta biberoiarekin bakarrik elikatu direnekin alderatzen dira, baina ez biberoia bakarrik eta bularra eta biberoia erabili dutenak, beraien artean. Ondo legoke datu hau jakitea. Biberoiarekin edo bularra eta biberoia erabili dutenek, amaren esnea, beste edozein emakumeren esnea eta esne artifiziala erabili ote duten jakitea ere ez legoke gaizki, garrantzi handiagoa edoskitze sistemak ala erabilitako esneak hartzen duen jakiteko. Haur horien azterketa jarraiak egitea eta datuak ematea ere eskertuko nuke, haseran sortu diren ezberdintasun horiek urteekin berdindu, mantendu ala sakondu egiten diren jakite aldera.
Bukatzeko, ni ez naiz zientifikoa, baina halako ondorioak ateratzeko lagin eskasa iruditzen zait 133 haur bakarrik erabiltzea, haurren garun garapenean beste faktore askok eragina izan dezaketela jakinik…
Mila esker Gari.
Edoskitze naturala hartu dutenen multzoan bularretik zein amaren esnea biberoitik hartu dutenak bildu dira (ama ez dagoenean…), talde mistoan amaren esnea eta formulazko biberoiak hartu dituztenak eta hirugarrenean soilik formulako esnea hartu dutenak. Azterketa une desberdinetan egin da, eta ikerlariek adierazi dute haur multzo honekin jarraitzeko asmoa (dirua dagoen bitartean).
Lagina ez da oso zabala, arrazoi duzu, baina bi zentzutan adierazgarria da. Batetik, ez delako amaren esnea/formulako esnea alderatzea soilik egin (ikerketa askok zuri edo beltz ikertzen dute eta). Eta bestetik, erresonantziaz gain bestelako probak ere egin dizkietelako.
Zergatik da garrantzitsua talde mistoa aztertzea? Talde mistoko haurrek amaren esnekoen edo formulakoen emaitza antzekoa lortu balute, agian ez litzateke soilik elikadurari lotzerik izango garuranen alderdi horien garapena. Baina talde mistoak tarteko emaitza eman du, hortaz, amaren esnea beti hartzen ez duten haurrentzat ere, mesedegarri dela esan daiteke.
Bestetik, garrantzitsua da ikerketa bera egin izana ere. Bai formulako esneak sor dezaken atzerapen edo moteltzea ikusteko, baina batez ere, formulako esneak dituen gabezia horiek detektatu eta hobetzen saiatzeko.
Mila esker parte hartzeagatik.
Datu gehiago jakin ahala, aztertutako haur kopurua gero eta murritzagoa iruditzen zait; Esne artifizial ezberdin asko izanik eta edoskitze mistoa 6-1etik (sei bular saioko, biberoi saio bat), 1-6raino joan daitekeela jakitun, grisen tartean eta edoskitze artifizialarenean saio asko eta asko egin beharko liratekeela uste dut. Haurrak ‘sei hilabete betetzean elikagai osagarriak txertatzen hastea gomendatzen’, zein osagarri txertatu zaien eta nola jakitea oso garrantzitsua litzateke azterketarako. Gainera haur horiek jaso dituzten beste estimulu emozionalak ere ez zaizkigu zehazten, zenbat hitz egin zaien, zenbat irakurri, ze tratu zuten elikatu dituzten heldu horiekin…
Baina, ditugun datuen arabera, lehen taldean amaren esnea hartu dutenak (ala giza esnea da, beste edozein emakumerena izan daitekeelarik?) daude, bai zuzenean bularretik eta bai esnea atera ondoren biberoitik eman zaienak (azken hau ez zait batere aukera ‘naturala’ iruditzen baina…) eta azterketak bi talde horien artean dagoen ezberdintasunik eman ez digunez eta biak garunaren garapen azkarrena duten taldean sartu zaizkigularik, ebatzi dezakegu, garunaren garapenean eragina elikadurak duela eta ez edoskitze naturalari ezartzen zaizkion beste abantaila guzi horiek (afektibitatea, amarekiko lotura…) eta gainera tetina erabiltzeak ez duela garunaren garapenerako inolako eraginik. Elikadura da gakoa, zerez elikatu dugun, ez nola. Ez?
Beste arlo batera pasatuta, giza emeek bularrak dituztelako gara ugaztun, baina burmuina izan eta garatu dugun bezala garatu izanagatik gara arrazional. Brown unibertsitateak aztertu duen garunaren garapen horrek egiten gaitu arrazional. Horregatik darabilgu arrazionaltasuna gure bizitzak arautzeko eta ez naturaltasuna. Indartsuenak nagusi ez duela zertan izan behar erabaki dugu, eskubideak asmatu eta arautu, gutxiengoaren babeserako normak martxan jarri, diskriminatze positiboa bezalako ideiak garatu, langabezian dagoenari ordaindu behar zaiola erabaki, behartsuenek ere osasun zerbitzu eskubidea dutela ebatzi… Bularra eman ezin dion ama batek, bere esnea atera, izoztu eta beranduago ematea bezalako jarrera ‘ez naturalak’ garatzeko gai ere izan gara arrazionaltasunari esker. Finean, gizartea ideia arrazionalen arabera kudeatzen dugu (edo saiatu behintzat) eta ez jarrera naturalei jarraiki. Noski, arrazionaltasunak laguntzen digu naturaltasuna neurtzen, ez ukatzen eta ahal den edo nahi den neurrian jarraitzen. Horregatik natural izateak ez dit balio justifikazio bezala. Natural diren gauza asko eta asko ez egitea erabaki dugu, elkarbizitzaren onerako. Ez diot natural direlako bete behar ez ditugunik, baina bai beste balore batzuen arabera epaitu behar ditugula.
Guzi honekin ez du nahi inork sinistu dezan edoskitze naturalaren aurka nagoenik. Alde nago; erabat alde. Hain nago alde, ze uste dudan haurraren elikaduraz arduratu beha den ezein helduk beharko lukeela haur hori nola elikatu erabakitzeko ardura eta eskubidea. Baita bularra eman nahi badio ere. 5 eta 6 urteko haurrei bularra ematen dioten amak ezagutu ditut, eta ez nago aurka. Inolaz ere. Alde nago. Beraiek nahi badute eta hala erabaki badute, egiteko eskubide osoa dutela iruditzen zait, baina horrela erabaki ez duten eta jaiotzetik biberoiaz elikatzea erabaki duten gurasoek ere, biberoiaz edoskitzeko eskubide osoa dutela uste dut. Inolako presiorik jasan gabe. Eta hemen, gure Euskadiko gizarte segurantzako amatasun zentroetan, norbaitek presioa jasaten badu haurraren edoskitze sistema zehatz bat hautatu dezan, bularra EZ ematea erabakitzen dutenak izaten dira. Hala egin nahi izan dutenek badakite ondo zenbat aldiz eskatu behar izaten zaien erizainei esnea geratzeko pilula eta zenbat negar egiten duten haurrek erizainek lehen biberoia ekarri aurretik. Hau ere tokatzen zaizun erizainaren arabera izaten da noski, batzuek askoz errazago onartzen baitizute erabakia eta presiorik egin gabe prozesua martxan jarri.
Mila esker Gari zure iruzkinagatik.
Ugaztun arrazionalak garela diozu, eta hori oso garrantzitsua da. Niretzat, gaur egun, dugun sakoneko arazo bat da arrazionaltasuna eta ugaztun izatea aurka jartzeko joera. Ugaztun arrazionalak garela azpimarratu eta bi alderdien onurak hartu eta gabeziak aldatzeko gaitasuna dugu, zorte itzela.
Ikerketa honek elikadura motak garunean duen eragina aztertu du (beste proba kognitibo batzuk ere erabiliz), eta zuk aipatu dituzun beste alderdi oso garrantzitsuak albo batera utziz (ez dut informazio zehatzik haurren estimulazioa aztertu ote den baieztatzeko).
Hala balitz ere, kontuan hartu ez badute, ez al da kuriosoa formula esnea hartu dutenek garapen motelagoa izatea adin berean?
Amaren esnea, formulakoa edo biak erabiltzea familiaren erabakia da, ez beste inorena. Eta zurekin erabat ados nago inork ez duela ez bagen aldeko ez bestearen aldeko presiorik sortu behar. Are gutxiago osasun arloko langileek, duten lanagatik sinesgarritasun handiagoa emateko joera dugu eta.
Aipatu dituzun presio horiek gertukoren bati gertaturikoak direla suposatzen dut (hala ez bada, nik ere izan ditut formulako esnea emateagatik jaso duten presioagatik emaginez aldafu behar izan diren lagunak inguruan). Erabat tokiz kanpokoa da. Baina presioak ez dira zentzu horretan soilik ematen. Nire esperientzia pertsonala (eta noski, semea eta bikotearena) aurkakoa da. Haurra zesareaz jaio zen, eta guk biberoirik eman ez ziezaioten agindu arren eta haurra zein ni ondo geundelarik biberoia eman zioten ( edoskitzea asko zailduz), etengabe genuen erizain edo auxiliarren bat bularra utzi eta biberoia emateko esanez eta bularra emateagatik asko borrokatu behar izan genuen.
Erabat tokiz kanpoko jarrera hori ere.
Familiaren erabakia errespetatu eta babestu behar dela esateaz ez naiz nekatuko. Ados egon ala ez, familia horrena da erabakia eta haur jaioberria dagoenean babesa da familiak behar duena.
Estimulazioaz, biberoia emateko eraz…ere asko dago esateko. Bularra ematen denean sortzen diren beste onurak ( atxikimendua, begiradak, taupaden, arnasaren eta tenperaturaren erregulazioa kasu), biberoia emateko eraren arabera ere lor daitezke eta. Ez baita gauza bera sehaskan etzanda dagoen haurrari besoa luzatu eta biberoia ematea edo haurra besoetan hartu, zure aurka jarrOi eta biberoia ematea bularra balitz bezala.
Mila esker berriro parte hartzeagatik.