Soinean eramango zaitut biongatik
Azken hamarkadetan gure inguruan gutxi ikusi izan diren arren, geroz eta gehiago gara haurra soinean eramaten dugun gurasoak. Haurtxoa (edo koskorragoak) soinean eramateak onurak dakartza bai haurtxoarentzat zein eramaten duenarentzat ere, eta batez ere, goxo-goxo joateko aukera paregabea da.
Haurra soinean eramateko mota desberdineko motxilak, zapiak… topa ditzakegu gaur egun, eta norberak egokien datorkiona aukeratu behar du (emango dion erabileraren arabera, eroso sentitzen duen jarreraren arabera, haurtxoaren pisua eta adinaren arabera…). Mundu geroz eta zabalagoa da eta zorionez, geroz eta gehiago dira horrelako osagarri eta motxiletan espezializatu eta bakoitzari hoberen egokitzen zaion aukera eskeintzen dioten lekuak.
Dena den, hemen gomendio orokor batzuk:
– Ergonomikoak diren motxilak edo zapiak erabili.
Haurtxoaren hankak “igel” jarreran mantentzen dituzten motxila edo zapiak erabili -haurra eserita balego bezala, belaunak aldaken parean geratzen diren gailuak- haurra genitaletatik zintzilik geratzen den motxilak ez dira ergonomikoak eta egokiak haurtxoentzat.
– Ez eraman haurra kanporantz begira.
Haurtxoek jarrera ergonomikoa mantentzeko gorputzaren aurrekaldea eramalearen auurka eraman behar dute. Gainera, horrela gehiegizko estimulazioa eta babes eza ekidingo dira.
– Haurtxoaren bizkarraren C forma naturala errespetatu.
Ergonomikoak diren motxiletan haurtxoaren bizkarraren C forma errespetatzen da. Haurra kanpora begira jarriz gero bizkarra zuzentzera behartuko dugu.
Zer irabaziko dugu haurra soinean eramanez?
Haurra eta eramalea etengabeko kontaktuan egoteak, haurtxoa lasaituko du eta bere tenperatura erregulatzea asko erraztuko du. Gainera, haurtxoa guregandik gertu-gertu izateak bere beharretaz errazago jabetzea sortuko du eta hortaz, bere beharrak negarrera iritsi aurretik asetu ahal izango ditugu.
Gertutasun eta lasaitasun horrek, soinean daramatzagunean haurtxoek loaldi sakonak eta luzeak egiteko beharrezko ingurunea sortuko du, eta hortaz, atseden hartuko du guk egin beharrekoak burutzen ditugun bitartean.
Gertutasun eta etengabeko kontaktuak atxikimendua indartuko du eta eramalearen mugimendu naturalak eta motxilak edo zapiak sortzen duen inguruneak haurtxoa sabel barruan bezala sentiaraziko dute. Horrek, haurtxoaren umetokiz kanpoko garapena modu seguruan eta babesean egitea dakar. Gainera, arnas eta sabeleko ohiko arazoak (aireak, goitika egitea…) errazago arintzen dira zutikako posizioan eta eramalearen mugimenduaren kulunkak gorputzaren barne erritmoen erregulazioa dakar.
Eramaleak ere abantaila mordoa izango ditu haurtxoa soinean daramanean. Haurtxoa soinean daramanak oxitozina errazago jariatuko du eta horrek zoriontsuago egoten lagundu eta haurtxoak zaintzeak dakartzan ajeak arinduko ditu (lo gutxi egitea…). Mugimendu askea izango dugu haurtxoa soinean daramagunean eta egin beharrekoak egin ahal izango ditugu. Gainera, ez dugu aulkitxoaren beharrik izango eta hirietan edo mendian errazago mugituko gara.
Haurtxoa soinean eramatea, motxila edo zapi ergonomikoak erabiltzen baditugu, ariketa fisiko onuragarria izango da, pisua egokiro banatzen baita eramalearen sorbalda eta gerrian, eta haurtxoa pisua irabazten doanez, eramalearen muskulatura progresiboki landuko baita.
Gainera, zoragarria da haurtxoa soinean duzunean elkarrekin bizi den konexioa. Begiradak zentimetro gutxitik, irribarreak ia ahoa ahoarekin eta haurtxoari mundua gure ikuspegitik erakustea. Haurtxoek, soinean daramatzagunean gainera, horrelako uneak oparitzen dizkigute:
Lasaitasuna umeak bakarrik ez, ama edo aita ere lasaiago joaten gara horrela, uneoro baitakizu nola dagoen umea, begiratu barik ere. Karroan doanean ezin duzu berari begira joan denbora guztian zer moduz ote dijoan begira eta, niri behintzat, segurtasun falta ematen dit.
Oso blog interesgarria, Nahia. Zorionak!
Mila esker Uxo.
Bai arrazoi osoa duzu. Guk karroa gutxi erabiltzen dugu, eta erabiltzen dugunean etengabe haurrari begira goaz…
Ondo izan eta mila esker parte hartzeagatik.